Tubos Reunidos erosi nahi duten 14 inbertitzaile daudela jakinarazi die gaur konkurtso-administratzaileak langileen batzordeei. Interesa erakutsi duten konpainiak industria arlokoak direla azaldu du, baina ez du balizko eskaintzei buruzko xehetasunik eman. Europa Pressen arabera, UGTko iturriek adierazi dutenez, administratzaileak esan du iraileko soldatak bermatuta daudela, eta urrikoak ere ordaintzeko ez duela zertan arazorik izan behar. Izan ere, enpresan eskaerak izaten ari direla eta egoerak "itxura ona" duela azaldu du.
LAB sindikatuak, berriz, industria-proiektu sendo bat eskatu du Tubos Reunidosentzat, Amurrioko eta Trapagarango lantegietako enplegua eta jarduera bermatzeko. Sindikatuak nabarmendu du interesa duten industria-enpresen kopurua handitu egin dela uztaileko aurreko bileratik, baina ohartarazi du garrantzitsuena ez dela zenbat inbertitzaile dauden, baizik eta bakoitzak zer proiektu eta konpromiso eskaintzen duen. Horren harira, sindikatuak adierazi du Tubos Reunidosek ez duela "erosle soil bat" behar, ezpada enplegua mantendu eta industria-jarduera indartuko duen proiektu bat.
LABek ardi adierazi du ez duela onartuko enplegu-murrizketarik, lantegien itxierarik, azpikontrataziorik edo ekoizpen-gaitasunaren galerarik. Sindikatuaren ustez, enpleguaren mantentzea lehentasuna izan behar da eta bi lantegien jarduera bermatu behar da. Era berean, erakunde publikoei prozesuan "rol aktiboa" izateko eskatu die, eta etorkizunean baliabide publikoak erabiliko balira, horiek enplegua, industria-jarduera eta Aiaraldearen eta Ezkerraldearen etorkizuna bermatzeko konpromiso zehatzei lotzea defendatu du.
Langileen ordezkariekin hurrengo bilera urriaren 15ean egingo dute. Eskaintzak aurkezteko epea urriaren 7ra arte luzatu zuten pasa den astean.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta