• ENPRESAK GAUR
  • Tubos Reunidoseko zuzendaritzak proposamen berria egin die langileei

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak proposamen berria egin die langileei

Konpainiak "ezinbestekotzat" jo du lan akordioa "datozen asteetan gauzatzea"

Amurrioko lantegia | Argazkia: Europa Press
Amurrioko lantegia | Argazkia: Europa Press
2026eko otsailaren 23a - 16:06

Astebete baina gutxiago igaro da Tubos Reunidoseko zuzendaritzak enpresa-batzordeari azken proposamena aurkeztu zionetik. Gaur ere bi aldeek bilera izan dute eta zuzendaritzak beste plantemendu bat egin die langileei, enplegu-erregulazioko espedientearen (EEE) inpaktu soziala txikitu asmoz.

 

Enpresaren “eskaintzaren hobekuntzan” honako erabaki hauek daude: 60 eta 62 urte bitartekoek aurretiko erretiroa hartu ahal izango dute, soldata gordinaren %65 (plusak eta BGAE barne) bermatuko dien errenta-planaren bitartez, 65 urte bete arte, baita Gizarte Segurantzarekin egindako hitzarmen bereziak ere 61 urte bete arte; 63 urtetik gorakoentzat, lan egindako urte bakoitzeko 20 soldata-eguneko kalte-ordaina planteatzen da, gehienez ere 12 hilabeteko soldatarekin. Behin-behineko langileen kasuan, 28 eguneko soldata eskaintzen da lan egindako urte bakoitzeko (aurreko proposamenean 25 ziren), hori ere 12 hilabeteko mugarekin.

Borondatez irtetea erabakitzen dutenentzat, kalte-ordaina lan egindako urte bakoitzeko 30 egunekoa izango litzateke, gehienez ere 18 hileko ordainketekin, gehi 1.500 euro gehiago lan egindako urte bakoitzeko (10 urteko mugaraino), martxoaren 2ko 15:00ak baino lehen atxikitzen badira. Aurrez egindako proposamenak ez zituen 1.500 euroko plusak barne hartzen.

 

Konpainiak gogorarazi du bideragarritasun-plana gauzatzea “ezinbestekoa” dela enpresaren “jarduerari eta etorkizunari eusteko”, eta, horregatik, “erabakigarria” dela lan akordioa “datozen asteen gauzatzea”.

Bestalde, langileak 24 orduko lanuztea egiten ari dira gaurko egunean, eta gauza bera egingo dute ostegunean, alegia, zuzendaritzarekin dituzten bileren egun berdinetan; horrez gain, lanuzte partzialak ere egingo dituzte.