Zuzendaritzak proposamen berria egin zion atzo Tubos Reunidoseko langile batzordeari, tartean 60 urtetik gorakoei edota borondatez joatea onartzen dutenei loturiko "eskaintza hobetua". Epe bat ere eman die horretara atxikitzeko: martxoaren 2a, 15:00ak baino lehen.
Gauzak hala, sindikatuek erabaki zuten kalte-ordainei buruzko baloraziorik ez egitea. Izan ere, diotenez, enpresak ez du justifikatu zergatik kaleratu nahi dituen 301 beharginak. "Orain ez da proposamenak egiteko unea, enplegu-erregulazioko espedientea justifikatu ahal izateko unea baizik", adierazi zioten UGTko iturriek Europa Pressi. Ildo beretik, ESK sindikatuak esan zuen ez dutela "inolako sendotasunik" ikusi "enplegu-erregulazioko espedientearen arrazoiei dagokienez", eta martxoaren 2ko epea jarri izana "fede txarreko jokaldia" dela nabarmendu zuten.
Altzairutegian gertatuko dira kanporatzeak, eta hura ixtea aurreikusten du Tubos Reunidosek, bideragarritasun arazoak egotzita. Sindikatuek diote, berriz, "merkatuan bideragarritasun handiena eta lehiakortasun gaitasun handiena eman dion enpresaren zatia" izan dela beti, eta "2021-2026 plan estrategikoaren izarra, oraindik amaitu gabe dagoena". Altzairutegia kentzea hura mantentzea baino bideragarriagoa zergatik den "ez digute azaldu", azpimarratu dute.
Justifikaziorik ezean, erregulazio espedientea bertan behera uzteko aldarriari eutsiko diote sindikatuek.