• ENPRESAK GAUR
  • Zortzi greba egunei hasiera eman die Txingudiko Zerbitzuetako plantillak

Zortzi greba egunei hasiera eman die Txingudiko Zerbitzuetako plantillak

2010. urteaz geroztik galdu duten erosahalmena berreskuratu nahi dute enplegatuek

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2025eko abenduaren 22a - 14:42

Txingudiko Zerbitzuak (Txinzer) enpresako plantillak ez du amore eman, eta greba egunei ekin die berriro ere. Irunen eta Hondarribian ura eta hondakinak kudeatzen dituen konpainiako langileek zortzi lanuzte egingo dituzte orotara: gaur, datorren astelehen eta asteartean, eta urtarrilaren 5, 7, 8 eta 9an.

 

Enplegatuek 2010. urteaz geroztik galdu duten erosahalmena berreskuratu nahi dute (%14) eta soldata igoerak aldarrikatzen dituzte. ELAk jakinarazi duenaren arabera, zuzendaritzak “uko egiten dio horren gai garrantzitsuak negoziatzeari”, eta hitzarmena berritzeko prozesua “blokeatuta” dagoela salatu du.

Horrez gain, ELAkoek gaineratu dute zuzendaritzak lanpostuak aztertu dituela eta esan duela plantillaren %35ak “behar baino gehiago” kobratzen duela, eta sindikatuak hori “lotsagarria” dela baieztatu du.

 

Txingudikoak uda baino lehen hasi ziren lanuzteak egiten, eta azaroan bertan ere izan zituzten hainbat greba egun. “Familiei eta biztanleriari eskaintzen zaion zerbitzua hobetu” nahi dute langileek.