
Ulma Taldeak urteko Batzar Nagusia egin du gaur Oñatin, eta 2024. urtean lortutako emaitzak berrikusi dituzte. Aurreko ekitaldiaren aldean, %1 handitu zituen taldeak salmentak 2024an, 1.151 milioi eurora iritsi baitzen. Hori ez ezik, %38 igo dira inbertsioak urtebetean, orotara 145 milioi euro bideratu baitzituen konpainiak inbertsioetara.
Ebitda-ri dagokionez, 225 milioi euro eskuratu zituen taldeak, eta irabazi garbiak %2,8 handitu ziren, 109,8 miloi eurorekin. Gainera, 161 langile berri kontratatu ditu enpresak 2024an, eta, hala, plantilla 5.747 pertsonakoa izatera iritsi da.
Emaitza horiek aztertuta eta nazioarteko egoera ezegonkorra kontuan izanik, proiektuak “eboluzio positiboa” izan duela baieztatu du Iñaki Gabilondo Ulma Taldeko zuzendari orokorrak. Taldea nazioartean bere lekua hartzen ari dela gaineratu du Gabilondok; izan ere, egungo taldearen fakturazioaren %73 nazioartean egiten diren salmentei esker lortzen da.
2025eko aurreikuspenak
Ulmak enpresa proiektua garatzen jarraituko duela azaldu du zuzendari orokorrak Batzar Nagusian, nahiz eta egoera konplexua izan “industria-eskariaren beheratzea” dela eta. AEBko muga-zergak eta tentsio geopolitikoen eragina ere aipatu dira, baina, hala eta guztiz ere, Gabilondo baikor agertu da: “Berrikuntza teknologikoan, eraginkortasunean eta bezeroekiko gertutasunean oinarritutako estrategia industrialarekin, posible da datorren ekitaldiari era egonkorrean aurre egitea” azaldu du.
Era berean, kooperatibismoaren eredua sustatzen jarraituko duela azpimarratu du Gabilondok, “jasangarritasunean eta pertsonekiko konpromisoan oinarrituta”. Izan ere, Ulma Taldea bederatzi kooperatibez osatuta dago.