Unibertsoaren jatorriari buruzko galderak erantzun nahi dituen kooperatiba

Mondragon taldeko Erreka kooperatibak azken hamarkadetan Estatu Batuetan egindako fisika proiektu handienean parte hartuko du. Hego Dakotan, lur azpitik 1.500 metrotara dagoen azpiegitura baterako 100.000 torloju baino gehiago fabrikatuko ditu

Argazkia: Erreka / DUNE Argazkia: Erreka / DUNE

Handinahikeria dirudi ideiak berak, baina DUNE proiektuak unibertsoaren osaerari eta izaerari buruzko erantzunak bilatzea du helburu. Hots, Big Bang teorian arakatu, eta guztiaren sorreraren nondik norakoak aztertu nahi ditu. Estatu Batuetan garatzen ari den esperimentu zientifikoa da. Deep Underground Neutrino Experiment, azken hamarkadetan bertan garatu den oinarrizko fisika proiekturik entzutetsuena.

Neutrinoen azterketan oinarritutako ekimena da. Neutrinoak fermioi motako partikula subatomikoak dira, eta neurtzen oso zailak badira ere, masa dutela ondorioztatu dute zientzialariek. Finean, laborategi bat izango da DUNE, zeinak espazio bat Estatu Batuetako Ilinois estatuan izango duen eta beste bat Hego Dakotan. Ilinoisetik neutrinoak nolabait jaurti egingo dira, Hego Dakotako laborategian antzemateko gero, lur azpitik 1.500 metrotara egongo den 34.000 tona argoi likido eta 184Cº-tan dagoen egitura baten bidez.

Laborategi bat izango da DUNE, zeinak espazio bat Estatu Batuetako Ilinois estatuan izango duen eta beste bat Hego Dakotan

Proiektu handinahi honetan, Euskal Herriko enpresa batek parte hartzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Mondragon korporazioko Erreka kooperatibak arestian aipatutako egituran bere teknologia ezarriko du. Neutrino partikula detektagailuaren egitura osatzeko 100.000 torloju baino gehiago fabrikatuko ditu Antzuolako enpresak.

Aspaldi egindako galderen erantzunen bila

“Antzemateko oso zailak dira neutrinoak, eta esperimentu honekin, neutrinoen bilakaera aztertuta, orain arte egindako hainbat galderei erantzuna emango zaiela uste da”, azaldu du Maider Jauregi Errekan proiektua koordinatu duen arduradunak. Ilinoisen partikula azeleragailu bat egongo da, eta kasik argiaren abiaduran bidaiatuko dute Hego Dakotara.

DUNE 2
Argazkia: Erreka / DUNE

Jauregik argitu duenez, argoi likidoz ondutako egiturak bederatzi futbol zelairen tamaina izango du gutxi gorabehera, eta neutrinoek argoi likidoaren aurka talka egitean azaleratuko dira orain arte egindako galdera askoren erantzunak. Baina, hori 2026tik aurrera ikusi ahal izango da, gaur-gaurkoz hornitzaileen osagaiak biltzen ari baitira esperimentuaren arduradunak.

Argoi likidoz ondutako egiturak bederatzi futbol zelairen tamaina izango du gutxi gorabehera, eta neutrinoek argoi likidoaren aurka talka egitean azaleratuko dira orain arte egindako galdera askoren erantzunak

Erreka, gainerako hornitzaileen gisan, puntu berean aurkitzen da. “Torlojuak fabrikatuta ditugu, eta datozen bi asteetan bidaliko ditugu testak egitera”, dio Jauregik. Torlojuok lurretik 1.500 metro azpian dauden egitura lotuko dute. Gainera, torloju batzuk adimendunak izango dira, hau da, Erreka Digital Bolt teknologiaz hornituta daude. “Honi esker, egituraren unean-uneko egoera ezagutzeko aukera eskainiko dugu”.

'Big Science' sektorean barna

CDTI Espainiako Garapen Teknologiko Industrialerako zentroak jo zuen Errekarengana, proiektuaren berri emanez eta ea bertan parte hartu nahi zuten proposatuz. Ostera, CERN Ikerketa Nuklearrerako Europako Kontseiluaren auditoria gaindituta sartu zen euskal kooperatiba proiektuan.

Lehen torloju laginak martxoan entregatuko ditu Errekak, eta lehen testa, Estatu Batuetara bidali aurretik, Portugalen egingo dute. Behin probak eginda, seriean hasiko dira ekoizten, eta urrirako 100.000 torlojuak Estatu Batuetan egotea espero dute.

Maider Jauregi: “Sektore honetan egiten dugun lehen proiektua da. Oso pozik gaude eta asko ikasi dugu"

“Garrantzi handiko proiektua” dela aitortu du Errekako lankideak. Ingeniaritza fabrikatzaile eta diseinatzaileak izanik, eta hainbat sektoretan (eraikuntzan, automozioan, mugikortasunean, energian…) lan egiten badute ere, Big Science deituriko sektorean sartzea ahalbidetu die proiektuak. “Sektore honetan egiten dugun lehen proiektua da. Oso pozik gaude eta asko ikasi dugu. Gure profesionalengan konfiantza asko dugu, eta proiektuko arduradunak ere oso pozik daude gurekin”, dio Jauregik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK