“Guk bizitza osoan errugbian jokatu dugu, eta partida batean ezin dugu aldatu ez euria, ez haizea, ez lokatza: dauden baldintzak modu positiboenean hartu behar ditugu”, azaldu du Uriarte Taldeko Joaquín Uriartek. 1986an, Argentinan, bere aita Jon Mondragon Korporazioko enpresa batzuen produktuak inportatzen eta saltzen hasi zen. 40 urte beranduago, Uriarte Taldeak harreman estua mantentzen du Euskal Herriko hainbat enpresekin, eta Argentinan inportatzeko zailtasunak izan arren, haztea eta merkatu berrietara zabaltzea lortu dute.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Sustraiak Erandion izan arren, Jon Gurutz Uriarte Bordelen jaio zen, 1937an. Halaxe kontatu du bere semeak: “Gure aitonak borroka egin zuen batailoi batekin, eta Bilbo erori zenean, gatibu geratu zen. Gure amonak alde egin zuen Bordelera, eta han jaio zen gure aita. Gerraren ostean, aitona askatu zuten eta 1950. urtean Argentinara etorri ziren”.
Jon –baita bere arreba Begoña ere– kontularitzan lizentziatu zen Buenos Aireseko Unibertsitatean. Hori dela eta, Orona enpresak auditoretza bat eskatu zion: hori izan zen Euskal Herriko enpresa batekin izan zuen lehenengo kontaktua. Gero, Lankide Exporten bidez, Mondragon Korporazioaren Argentinako ordezkaritzan aritu zen. Garai hartan, bi herrialdeetako enpresak konektatzen hasi zen.
Hasieran, Orkli enpresak egiten zituen balbula esferikoak inportatzen eta saltzen zituzten. “Guk geuk egiten genituen banaketak kamioi batekin, eta sobratzen zena azken bezeroaren dendan uzten genuen, biltegirik ez geneukalako”, gogoratu du Joaquínek.
Joaquín Uriarte: “Gure aitonak borroka egin zuen batailoi batekin, eta Bilbo erori zenean, gatibu geratu zen. Gure amonak alde egin zuen Bordelera, eta han jaio zen gure aita"
Gaur egun 40 hornitzaile ingururekin egiten dute lan, baina ez dira guztiak Euskal Herrikoak. Halaxe kontatu du Mateok, Joaquínen anaiak: “2000. urtean esan genion gure aitari Txinara joan behar ginela, eta gaur egun hornitzaile gehienak txinatarrak dira”. Bi anaiek azaldu dutenez, arrazoi nagusietako bat prezioa izan zen.
Urteetan zehar, pragmatikoak izan dira Uriarte Taldean. Askotariko produktuak saldu izan dituzte. “Gure ibilgailuen flotak Argentina osoan zehar hornitu eta produktuak banatzeko ahalbidetzen gaitu, gure bezeroen beharrei erantzuna emanez”, dio enpresaren webguneak, eta hainbat produktu aipatzen ditu: sanitarioko kanilak, bonbak eta balbulak, eta hozteko gailuko, arropa garbigailuko eta berogailuko ordezko piezak, besteak beste.

Familia eta kooperatibismoa
Gaur egun, Joaquín eta Mateo anaiak dira Uriarte Taldea aurrera eramaten dutenak. Asko ikasi dute aitarengandik, ez soilik lan kontuak: “Txikitatik jaso dugun euskal kultura errespetatzen saiatzen gara”. Bistakoa da euren sustraiez harro daudela: Panamericana autobidetik ikusten da Uriarte Taldeko kartel erraldoia, euskal tipografiaz idatzita, baita lauburu bat ere.
Aitak seme-alabei pasa dizkien baloreak bizirik mantentzen dituzte enpresan. “Nire ustez, taldea hitzak ‘familia’ esan nahi du”, komentatu du Joaquínek. Uriarte Taldearen oinarria familiaren kontzeptuan dago, horrek laguntzen die epe luzerako harremanak mantentzen bezeroekin.
Enpresaren izaera “Euskal Herrian bezala, nahiko kooperatibista” dela adierazi du Joaquínek: “Urtean 14 soldata ordaintzen ditugu eta abenduaren 24tik urtarrilaren 3ra ez dugu lan egiten; gure lanak lagundu behar digu bizi-kalitate hobe bat izaten. Horretan sinesten dugu”.

Inportatzeko zailtasunak
Gobernu batetik bestera, inportatzeko baldintzak erabat aldatzen dira Argentinan, eta horrek, duda barik, eragin handia du Uriarte Taldean. Hala ere, Joaquínek ziurtatu du: “Saiatzen gara energiarik ez galtzen, ez gara haserretzen”.
Pazientzia izatea ezinbestekoa da Argentinako inportazio-neurriek sortzen dituzten arazoei aurre egiteko. “Europako enpresei kosta egiten zaie ulertzea Argentinan dagoen logika; pazientzia izatea beharrezkoa da, baita merkatua ezagutzea ere”, azaldu du Joaquínek.
Eguzki panelak inportatzen dituzte Txinatik eta hasi dira saltzen Argentina osoan
Kanpo-merkataritzaren politikak “pendulu bat” bezala funtzionatzen du, Uriarteren ustez, eta hori kaltegarria da ekonomiarako: “Gaizki iruditzen zait politika bat ez mantentzea; batzuek inportazioak irekitzen dituzte, eta beste batzuek itxi egiten dituzte industria babesteko”. Eta gehitu du: “Irekitzen denean, hemengo fabrikatzailea babesten da, baina ez gara eraginkorrak; ixten denean, baldintzak ez dira bidezkoak, kanpoko enpresek ez dutelako zergarik ordaintzen”.
40 urte hauetan, Uriarte familiakoek jakin dute mota guztietako oztopoak gainditzen eta baldintza guztietara moldatzen. Etorkizunari begira, plan handiak ditu zuzendaritzak. Familiaren hirugarren belaunaldiak gero eta eginkizun gehiago hartzen ditu –izan ere, Jonen iloba Santiagok salmenta saila kudeatzen du–. Orain, energia berriztagarriak dituzte buruan: “Gogo handia dugu, ikusten dugulako mundua alde horretara doala”. Eguzki panelak inportatzen dituzte Txinatik eta hasi dira saltzen Argentina osoan. Euskal kultura eta baloreak aldean utzi barik, Uriarte Taldeak merkatu berrietara zabaltzen eta hazten jarraitzen du.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta