Velatia taldeak 1.100 milioi euroko negozio zifra izan zuen 2025ean, urtebete lehenago baino %5 gehiago, eta, horrela, bigarren urtez segidan 1.000 milioi eurotik gorako fakturazioa lortu du.
Ormazabal, Ikusi, Supsonik, Smarmec eta Stratenergy enpresek osatzen dute Velatia, eta fakturazio guztiaren %79 lehenengoaren eskutik etorri da. %17k Ikusik erdietsi du eta %4 taldeko gainerako enpresek. Horrekin batera, industria taldearen ebitda negozio zifraren %15 izan da, 2024ean %12 izan zenean.
Velatiako presidente Javier Ormazabalen hitzetan, taldearen hazkundea “epe luzeko ikuspegi batean oinarritzen da”, berrikuntzan, pertsonengan eta jasangarritasunean ardaztuta. “Gero eta konplexuagoa den ingurune globalean, lehiakortasuna, garapen teknologikoa eta gure bezeroentzat, profesionalentzat eta gizartearentzat balio iraunkorra sortzea posible dela erakusten jarraitzen dugu".
Velatiak 2025-2028rako plan estrategiko berria ere ondu du, zeinetan jasangarritasun plan berri bat zehaztu duten. Taldeak azaldu duenez, egun erabiltzen duten elektrizitatearen %78 iturri berriztagarrietatik dator, eta azken bost urteetan %62 murriztu ditu kutsadura emisioak.
Era berean, Velatiako enpresek 27,3 milioi euroko inbertsioa egin dute berrikuntzan, 2024ean baino %9 gehiago. Berrikuntza, teknologia eta azpiegitura berrien aldeko apustuak aukera emango dio taldeari sare elektriko eta komunikaziorako soluzio teknologiko berriak garatzeko.
Orotara 4.252 laguneko lantaldea du Velatiak, 20 herrialdetan banatuta, iaz baino %2 gehiago.