• ENPRESAK GAUR
  • "Aurreikusitako emaitzak" lortu zituen Vidralak 2025ean

"Aurreikusitako emaitzak" lortu zituen Vidralak 2025ean

Konpainiak 1.465 milioi euroko salmentekin itxi zuen urtea

Argazkia: Vidrala
Argazkia: Vidrala
2026eko otsailaren 25a - 09:46

"Aurreikusitako emaitzekin" itxi zuen Vidralak 2025. urtea, eskariaren ahultasunak eta lehia biziak markatutako ekitaldi batean. Beirazko ontziak ekoizten dituen Arabako enpresak 1.465,2 milioi euroko salmentak izan zituen, aurreko urtean baino %5,4 gutxiago; ustiapen-emaitza gordina (Ebitda), berriz, 441 milioikoa izan zen, %30,1eko marjinarekin. Mozkin garbia 219,6 milioi eurokoa izan zen, %6,8ko urte arteko beherakadarekin, 2024an Italian negozioa saltzeak baldintzatu baitu konpainia.

 

Era berean, Vidralak 200,1 milioi euroko kutxa egin zuen, eta, horri esker, zor garbia 105,3 milioiraino murriztu zuen abenduaren amaieran. Zorpetzea Ebitda halako 0,2 da, inbertsioei aurre egiteko finantza-gaitasuna indartzen duen maila, hain zuzen ere. Raúl Gómez kontseilari delegatuak adierazi duenez, zifra horiek “eraikitako negozioaren sendotasuna” islatzen dute, baita jarduera dibertsifikatzeko eta kostuak murrizteko hartutako neurrien eragina ere, "kontra egiten dien zikloan murgilduta egonagatik ere". 

Arlo estrategikoan, enpresak nazioartean hedatzean jarri du fokua, batik bat, Hego Amerikan. Ildo horretatik, 2025ean konpainiak Txilera salto egin zuen, beirazko ontziak ekoizten dituen Cristalerías Toro erosita; hala, konpainiak indartu egin zuen elikaduran eta edarietan duen bezero-zorroa, Txileko enpresak "orotariko bezeroak" baititu.