• ENPRESAK GAUR
  • Vidralak %13 handitu ditu irabaziak 2026ko lehen hiruhilekoan

Vidralak %13 handitu ditu irabaziak 2026ko lehen hiruhilekoan

Hego Amerikan izandako hazkundeak eragin du emaitzan. Laudioko konpainiak aitortu du eskariak behera egin duela Europan

Vidralaren egoitza Laudion | Argazkia: Vidrala
Vidralaren egoitza Laudion | Argazkia: Vidrala
2026ko apirilaren 29a - 13:22
Eg. 2026ko apirilaren 29a - 16:03

Vidralak %13 handitu ditu irabaziak urteko lehen hiruhilekoan. Beirazko edukiontziak ekoizten dituen konpainiak 53,7 milioi euroko mozkin garbiak izan ditu: akzioko 1,53 euro.

 

Konpainiaren ebitda zertxobait murriztu bada ere (%0,6 egin du behera: 104 milioi euro), salmenten gaineko marjina %28,3 handitu da, enpresaren arabera, “kostuen gaineko kontrol hobea” egin duelako.

Orotara, martxora arte 367,5 milioi euroko fakturazioa izan du Vidralak, iazko epe berean baino %1,3 gutxiago.

 

Ekialde Hurbileko gatazkak baldintzatuko testuinguruan, konpainiak aitortu du Europa eta Erresuma Batuko eskariak behera egin duela, eta emaitza Hego Amerikan izandako hazkundeak eragin duela batik bat.

Enpresak 2024an ekin zion Hego Amerikako hedatze planari, eta egun ekoizpen plantak ditu Brasilen eta Txilen. Salmenten %20 bertan egin ditu.

Bestalde, Laudioko enpresaren zorra 273,1 milioi eurokoa da egun.

Raul Gomez Vidralako zuzendari orokorrak azaldu du egungo emaitzak erakusten dutela enpresak “etorkizun egonkorra” duela. Gauzak horrela, Vidralak aurreikusten du aurten akzio bakoitzeko irabaziak %5 handitzea.