Itzalalditik urtebete pasa den egun berean jakinarazi du Vidralak autokontsumorako 7MW-eko planta fotovoltaikoa instalatu duela Laudion duen lantegian. Energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko 3,2 milioi euroko inbertsioa egin du Arabako konpainiak.
“EAEko eguzki-energia autogeneratzeko azpiegitura handienetakoa da instalazio berria, 30.000 metro koadroko azalerarekin (lantegiko teilatuaren gainean kokatuko da), eta ekoizpen-prozesuaren deskarbonizazioan aurrerapausoa ekarriko du”, azaldu du beirazko ontziak ekoizten dituen enpresak. Vidralaren estrategiaren barruan kokatzen da planta fotovoltaiko berria, konpainiak helburu baitu energia sistema burujabe, eraginkor eta jasangarriagoa bultzatzea.
Era berean, azpiegiturak nolabait ere aurre egiten dio merkatu elektrikoaren tentsioei, eta arrisku txikiagoa dakar prezioen hegazkortasunari erreparatuta. “Planta fotovoltaiko berriari esker, 1.909 tona C02 murriztuko dira, hots, autoz munduari 400 bira ematearen baliokidea", gaineratu du konpainiak.