Volkswagen puzzlea osatu nahian dabil Txinako lehiakideei aurre egin eta AEBren muga-zergei izkin egiteko. Prozesu horretan, berregituratze plana aurkeztu du, besteak beste, bere ekoizpena egun duen eskarira egokitzeko, eta horrek hainbat murrizketa ekarriko ditu: taldearen modeloen erdiak eta 50.000 lanpostu kendu nahi ditu 2030erako.
Alemaniako multinazionalak 680.000 langile inguru izan zituen orain hiru urte, eta 2024ko abenduan 50.000 lanpostuko lehen murrizketa iragarri zuen. Bada, orain beste 50.000 lanpostu desagerraraziko ditu: erdiak Alemanian eta beste erdiak Europako beste herrialdeetan. Euskal Herrian, Landabengo fabrikan, 4.500 langile baino gehiago dira.
Hori gutxi balitz, Alemanian lau lantegi ixteko asmoarekin jarraitzen du. Hannover, Zwickau, Neckarsulm eta Emdengo fabrikak, hain zuzen. Eta Seat auto marka ekoizteari utziko dionaren zurrumurruak zabaldu dira.
Volkswageneko zuzendaritzak akziodunen eta langileen onespena lortu du. Langileen batzordearen arabera, murrizketa horien bidez, multinazionalak %9 errentagarritasuna erdietsiko lukeela neurtu du.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta