ZAIK, txirrindulari abenturazaleen komunitatea

Kolekzio propioa nahiz maillot eta kulot pertsonalizatuak saltzen dituen bizikleta arropa marka euskalduna da ZAIK. Egun lantegia Urnietan badute ere, "showroom" berria zabalduko dute Zarautzen hilabete honetan

Argazkia: ZAIK Argazkia: ZAIK

ZAIK kirola ulertu eta praktikatzeko pentsamolde jakin batekin jaio zela dio Alex Irazusta sortzaile eta marketin arduradunak. Maillotak eta kulotak saltzen dituzte, baina salmenta soilaz harago doa euren jarduna, txirrindularitza komunitate bat sortzea baitute helburu, eta kirola norberarekiko nahiz ingurunearekiko errespetuz, abentura gosez, inkonformismoz eta zintzotasunez entendituz, sinesmen horiek guztiak konpartitzeak dakarren zoriontasuna nolabait hedatzen duen bizikleta arropa ontzen duen enpresa da ZAIK.

Bizikleta gainean dantzan aritzeko orotariko arropa zein osagarriak diseinatzen dituzte, baina kulotak eta maillotak saltzen dituzte, batik bat. “Badira beste produktu asko ere, galtzerdi, txaleko, kamiseta, eskularru edota txaketak, adibidez. Ia produktu guztiak bi formatutan saltzen ditugu, kolekzio moduan edo pertsonalizatzeko” dio Irazustak.

Maillotak eta kulotak saltzen dituzte, baina salmenta soilaz harago doa euren jarduna, txirrindularitza komunitate bat sortzea baitute helburu

Hasiera batean, Urnietan duten lantegian arroparen ekoizpen osoa burutzen zuen ZAIKek. Diseinua egin, oihalak erosi, bildu, eskuz moztu, sublimatu eta gertuko tailer batean josten zituzten jantziak. Eskariak areagotzen joan ziren heinean ordea, zenbait prozesu kanporatu behar izan zituzten. “Gaur egun, diseinuak, prototipoak eta testak soilik egiten ditugu guk. Bertan erabakitzen ditugu kolekzio bakoitzeko arropak, baita pertsonalizatuan eskainiko direnak ere. Behin produktua definituta, oihalak Italiako ekoizle batzuei erosi eta serieko ekoizpena Espainia eta Portugaleko zenbait fabriketan azpikontratatzen dugu”, azaldu du proiektuaren sortzaileak.

Hazteko espazio berri bat

Arestian aipatutako kolekzioa eta pertsonalizazioa dira ZAIKen jardueraren bi arlo nagusiak, baina, egun, bigarrenak du pisu handiena fakturazioari dagokionez. Irazustaren hitzetan, orotariko bezeroak dituzte: klubak, enpresak, lagun taldeak, eta partikularrak, eta produktu bakoitzeko bost unitatetik gora eskatu nahi duen orok dauka diseinu pertsonalizatuko arropa erosteko aukera.

P1016832
Argazkia: ZAIK

Euskal Herrian txirrindularitza arloko enpresa aski ezagun asko ditugu, baina Irazustaren arabera, arropa pertsonalizatua egiten dutenak ez daude eta kanpotik etorritako beste zenbait markak dute merkatuaren gehiengoa. “Lana fin eginez eta umiltasunez ari gara gure lekua egiten eta txirrindularitzan eman den boom honen espekulazioan sartu gabe, erabiltzailea motibatu eta kirol hau praktikatu dezan ilusioa piztea da gure helburua”.

Alex Irazusta: "Lana fin eginez eta umiltasunez ari gara gure lekua egiten eta txirrindularitzan eman den boom honen espekulazioan sartu gabe, erabiltzailea motibatu eta kirol hau praktikatu dezan ilusioa piztea da gure helburua”

Halaber, ZAIKen maillot zein kulot bilduma euren web orritik erosteko aukera du interesa duen edonork, baita beste hainbat salmeta puntutara gerturatuz gero ere. Gaur, Urnietan, Donostian, Anoetan eta Eibarren dituzte puntu horiek. Aitzitik, zuzeneko salmenta fisikoa gutxi jorratu dutela aitortu du marketin arduradunak, eta orain ekin diotela marka ezagutzera eman eta zonalde berrietara zabaltzeko estrategiari.

Horren erakusle da uztailean Zarautzen zabaltzeko asmoa duten showrooma: “bertan arropak erakutsi, probatu eta erosi ahal izango dira, bai kolekziokoak zein pertsonalizatutakoak. Era berean, kontsultak, diseinuak eta zerbitzua ere handik egingo ditugu. Zarautz kirolari lotutako herria da eta aurrerapauso handia izango da ZAIKen garapenerako”, nabarmendu du. Bulego teknikoa eta logistikoa ere bertara eramango dituzte.

Goranzko bidean

Zarautzeko espazio berriak proiektuaren hazkundea bultzatzea espero badute ere, web orriko salmentekin irmo jarraitu nahi du ZAIKek, orain arte gehien erabilitako salmenta formatua izanik. Euskal Herrian saltzen du gehien bat, baina Madril, Andaluzia edo Kanarietako bezeroekin ere egiten dute lan. Hala eta guztiz ere, hedapen prozesuan da ZAIK: “oraintsu Brasilgo banaketa enpresa batekin egin dugu akordioa, eta 2024 urtean, Europa mailara salto egiteko lanean ari gara”.

Enpresa gaztea izanik -ofizialki iaz hasi ziren ZAIK izenarekin, nahiz eta lehenago sektorean aritu- bilakaera positiboa izaten ari da enpresa, eta fakturazio datu egonkorrik izan ez badute ere, Irazustaren arabera, aurtengo fakturazioa iazkoa baino %150 handiagoa izatea aurreikuste dute, “salmentak oso ondo doaz eta”. ZAIK enpresa txikia dela ere kontuan hartu behar da, egun, sei pertsona ari baitira “eguneroko lanean”.

Komunitatea sortzeko "social ride"

Produktuaz haragoko estrategiaren barne antolatzen ditu ZAIKek hainbat txirrindularitza itzuli, social ride deiturikoak. “Txirrindulari asko dago baina oso indibidualistak gara, eta agian ez dugu nahikoa denbora hartzen zenbait gauza elkarbanatu eta disfrutatzeko” dio Irazustak. Hori dela eta, denbora eta esfortzu asko dedikatzen diote hainbat gizarte egitasmo antolatzeari. “Hilabeteko azken ostiraletan irteera soziala egiten dugu, Donostiako Giant dendatik Baga Biga garagardotegira, Eibarko Bikelan dendaren bitartez ere irteera sozial bat antolatu dugu pasa den ekainean lehen aldiz. Topaketa hauetan 20-30 lagun bildu eta errepide berriak ezagutu, elkar animatu, zirikatu eta ondo pasatzen dugu”.

P1025155
Social ride | Argazkia: ZAIK

Era berean, Abentura, bizikidetza eta ekologia sustatzen dituen gravel nahiz bikepackingarekin ere “topera” dabiltzala azal du Irazustak. Hala,  Andoainen, urtero, gravel topaketa bat antolatzen dute: LABA GRAVEL. Lehen edizioan 50 partaide izan ziren eta aurten 100tik gora.

Alex Irazusta: “Hilabeteko azken ostiraletan irteera soziala egiten dugu, Donostiako Giant dendatik Baga Biga garagardotegira, Eibarko Bikelan dendaren bitartez ere irteera sozial bat antolatu dugu pasa den ekainean lehen aldiz"

“Hemen egindako kalitate oneko arropa, prezio justuan eta balore indartsu batzuekin”, hori da ZAIK sortzailearen hitzetan, “guzti hori, ahal bezain jende gehienarekin elkar banatzeko asmoarekin. ZAIK arropa erabiltzen duen oro, topaketetara etortzen den oro, zerbaiten parte sentitzea nahi dugu, balio batzuk ekartzen dituelako”, bukatu du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK