Zibersegurtasuna probatzeko eremu segurua

Ziur laborategiak bost urte bete ditu Gipuzkoako industria babesten

Maria Penilla Ziurreko zuzendari nagusia, laborategian | Argazkia: utzitakoa
Maria Penilla Ziurreko zuzendari nagusia, laborategian | Argazkia: utzitakoa
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2026eko otsailaren 6a - 05:30

Azken urteotan, zibersegurtasuna industriaren erronka estrategiko handienetako bat bihurtu da. Bestela esanda, enpresen lehiakortasunerako, jarraitutasunerako eta bizirik irauteko funtsezko faktore bilakatu da. Digitalizazioak, konektibitateak eta teknologia aurreratuen erabilera gero eta handiagoak baldintzatutako testuinguru batean, enpresa industrialek arrisku gero eta konplexuagoei egin behar diete aurre. 

 

Helburu horri erantzun asmoz jaio zen orain bost urte Ziur zentroak martxan jarritako laborategia. Esperimentazioa, prestakuntza eta mehatxu digitalei aurrea hartzeko gune estrategiko gisa sortua, benetako prozesu industrialak eta zibersegurtasuneko soluzio aurreratuak elkartzen diren ingurunea da, eta enpresei, profesionalei eta prestakuntza zentroei aukera ematen die digitalizazioarekin batera datozen arriskuak probatzeko eta horien inguruan ikasteko.

Arriskurik gabe esperimentatzeko espazio bat

Laborategi horren sorrera, Ziur bera bezalaxe —Gipuzkoako Foru Aldundiak martxan jarritakoa—, antzemandako premia zehatz bati erantzuteko da. "Ikusi zen industria-enpresen erronka garrantzitsuenetako bat digitalizazioa zela, eta zeharkako alderdi giltzarri bat zibersegurtasuna izango zela", azaldu du María Penilla Ziurreko zuzendari nagusiak. Horrelako gaitasunak eskuratzearen zailtasunaz ohartuta, laguntza eta esperimentazio espazio bat sortu zen.

 

Laborategiak benetako industria-prozesuak erreproduzitzen ditu, eta horien gainean zibersegurtasun geruzak integratzen dira. Horri esker, teknologiak, soluzioak eta konfigurazioak probatzen dira, ekoizpen planta bat arriskuan jarri gabe. "Benetako industria ingurune batean ez dago probatzeko aukerarik; zerbaitek huts egiten badu, inpaktua izugarria izan daiteke", adierazi du Penillak.

Maria Penilla (Ziur): "Benetako industria ingurune batean ez dago probatzeko aukerarik; zerbaitek huts egiten badu, inpaktua izugarria izan daiteke"

Enpresen ikuspegitik, ingurune kontrolatu hori funtsezkoa da. "Ezin gara bezero batengana joan eta aurretik probatu ez dugun produktu bat ezarri", adierazi du Ander Galisteo Cybertixeko zibersegurtasun industrialeko zuzendariak. "Ziur laborategian irtenbideak probatzen ditugu ezagutzen dugun ingurune batean, eta zerbaitek huts egiten badu ez dago ondorio larririk”.

Etengabeko ikaskuntza

Bost urte hauetan, Ziurren laborategiak eraldaketa progresiboa jasan du, bai ikuspegiari, bai irismenari dagokionez. Zibersegurtasuneko soluzio aurreratuek gero eta pisu handiagoa duten espazio baterantz eboluzionatu du. "Ikasi dugu zer teknologiek ematen dieten balioa enpresei eta zeintzuk ez", dio Penillak. "Orain oso argi daukagu zer proiekturekin esperimentatu behar dugun".

Enpresentzako laguntza zuzenaz gain, laborategiak funtsezko dimentsio bat sartu du: talentua. Unibertsitate eta lanbide heziketako ikasleek laborategia erabiltzen dute benetako industria prozesuekin lehen kontaktua izateko. "Esperientziarik gabeko ikasleak ingurune errealistara hurbiltzeko ardura dugu", azaldu du Galisteok. "Ikasle batek laborategiko prozesu industrial batean akatsen bat egiten badu ez da ezer gertatzen; fabrika batean hondamendia izan daiteke”.

Estatistikek erakusten dute eraso larria jasaten duten enpresen %60k itxi egiten duela urte gutxiren buruan

Penillaren ustez, enpresa industrialak pixkanaka kontzientziatzea izan da lorpen handienetako bat. "Gero eta enpresa gehiago hurbiltzen dira Ziurrera laguntza eskatzera. Sentsibilizazioan egindako ahalegin horrek garrantzi handia izan duela ikustea oso pozgarria da".

Mehatxuen panorama gero eta konplexuagoa

Mehatxuen testuingurua erabat aldatu da bost urte hauetan. Industria, tradizionalki isolatua, eraso gehien jasotzen dituen sektoreetako bat bihurtu da. "Gaur egun industria Espainian zibereraso gehien pairatzen dituen sektoreen artean dago", ohartarazi du Penillak, konektibitateak, geopolitikak eta industria sistemen balio estrategikoak bultzatuta.

Galisteo bat dator erronka nagusia kontzientzia falta dela esatean. "Enpresa askok 50 urte daramatzate gauza bera arazorik gabe egiten, eta ez dute arriskurik ikusten, baina zibereraso bat gertatzen denean ondorioak suntsitzaileak dira". Adierazi duenez, estatistikek erakusten dute eraso larria jasaten duten enpresen %60k itxi egiten duela urte gutxiren buruan.

Industria, tradizionalki isolatua, eraso gehien jasotzen dituen sektoreetako bat bihurtu da

Zibersegurtasuna aintzat hartzeko beharra, baina, harago doa. Europako araudi eskakizun berriak, produktuen diseinutik abiatuta zibersegurtasuna sartzera behartuko dutenak. "Enpresan zibersegurtasuna sartzen ez baduzu, merkatutik kanpo zaude", azpimarratu du Penillak. Halaber, laguntza eskatzen dute nondik hasi jakiteko, inbertsioak lehenesteko eta pertsonei, prozesuei eta teknologiari eragiten dien eremu konplexu bat ulertzeko.

Oraina, eta batez ere, etorkizuna

Datozen urteetara begira, laborategiak soluzio automatizatu eta malguagoetarantz eboluzionatzen jarraituko du. "Automatismo eta baliabide gehiago espero ditut enpresa industrialentzat", adierazi du Galisteok, zibersegurtasuna hautazkoa ez dela sinetsita.

Adimen artifizialak eta konputazio kuantikoak markatuko dute sektorearen etorkizuna. "Horiek jokoaren arauak erabat aldatuko dituzte", adierazi du Penillak, defentsan zein erasoan. Agertoki horretan, talentua da Gipuzkoaren erronka handienetako bat.

Ander Galisteo (Cybertix): "Automatismo eta baliabide gehiago espero ditut enpresa industrialentzat"

Azken mezua zorrotza da: ez itxaron ezbehar bat gertatu arte. "Hasteko beldurrik ez izatea, laguntza eskatzea", gomendatu du Galisteok. Ziurren gertutasuna azpimarratu du Penillak: "hemen laguntzeko gaude, tresna bat gehiago izateko. Zibersegurtasuna ez da proiektu puntual bat, ziklo jarraitu bat baizik ".