Zigarro puntak birziklatuz

Euren hautsontzi propioen bidez zigarro punta bilketa lana egiteaz arduratzen da 3DKala Gasteizko kooperatiba, gerora hondakin hauek birziklatzeko asmoz

Argazkia: 3DKala Argazkia: 3DKala

Kimika-ingeniari bat, odontologo bat, abokatu bat, nazioarteko merkataritzan adituan den beste bat eta 3D arloan espezializatutako ingeniaria bat dira 3DKala kooperatibako sortzaileak. 2020ko azaroan jaioa, zigarro-puntak birziklatzen dituen lehen kooperatiba da Espainia mailan. Ahmed Salek enpresako bazkide eta abokatuak dionez, ideia anekdota ergel bati esker otu zitzaien. “Gure lagun batek zigarro-puntak uzten zituen mahai gainean beti, eta besteok errieta egiten genion. Lagunak zigarro punten materiala ikertzen hasiko zela esan zigun, eta elementuak banan-banan aztertuta, birziklatu zitezkeela eta bizitza berri bat emateko aukera zegoela ikusi zuen”, kontatu du.

Kalean “inongo lotsarik gabe” lurrera botatzen den hondakina da zigarro-muturra, Saleken hitzetan, orain arte birziklatu ez den produktu bat. “Lurrera plastiko edo kartoi zati bat botatzea gaizki ikusia dago gaur egun; zigarro muturrak botatzea berriz, normaltzat jotzen da. Garrantzia eman nahi diogu hondakin mota honi, eta era berean, gizartea kontzientziatu”, adierazi du Salekek.

Kalean “inongo lotsarik gabe” lurrera botatzen den hondakina da zigarro-muturra, orain arte birziklatu ez den produktu bat

Euskal Herrian sortzen diren zigarro-punten % 1 birziklatzea du helburu kooperatibak, eta horretarako, kontzientziazio kanpainak egiteaz gain, zigarro punta bilketa zerbitzu bat garatu du euren hautsontzi pertsonalizatuak eskainiz. “Karbono aztarna murrizteko bilketa zerbitzua eskaintzen diegu instituzio publiko zein pribatuei, eta gure hautsontziak ematen dizkiegu zigarro-puntak bertara botatzeko. Sortutako hondakin kopuruaren arabera egiten dugu bilketa, astero, hilabetero edo beste epe batean”, azaldu du kooperatibako sortzaileak.

Hautsontziak saldu eta bilketa lana egiteaz gain, 3Dkalak txosten bat egiten die bere bezeroei, murriztutako kutsadura eta ekidindako karbono aztarna xehetasun osoz azalduz.

Hondakina ekoizpen katean birsartzea da erronka

Bilketa zerbitzuaren ezarpen fasean aurkitzen da proiektu berritzaile hau, eta babes bila dabiltzala aitortu du Salekek. “Ahalik eta enpresa gehienetan ezarri nahi ditugu gure hautsontziak. Honela, zigarro mutur kopuru handi bat dugunean, proiektuaren bigarren fasera pasa ahalko gara, birziklapen masibora”.

Egun, 15 bat bezerorekin ari dira lanean, gehienak Gasteizen, hala nola hainbat taberna, Michelin fabrika edota Arabako Parke Teknologikoa. Euskal Herritik kanpo ere badituzte zenbait bezero, esaterako, Madrilgo hotel bat eta espetxe bat, eta Alicanteko festibal bat.

Birziklapen faseari dagokionez, oso oinarrizkoa dela dio Salekek, eta finantzazio gehiago beharko dutela uste du prozesua hobetzeko. Dena den, emaitzak lortzen ari dira “pixkanaka”. Zigarro-mutxikinaren elementu guztiak banatzen dituzte, gero osagai bakoitzari beste erabilera bat emateko. Zigarro-muturrean geratzen den tabakoa eta errautsa nekazaritzako ongarri bezala erabiltzen da, eta papera zuzenean birziklatzen da. Halaber, Saleken hitzetan, ”zelulosa azetatoa da zigarro-puntaren lehengai nagusia. Produktu hau eraikuntzaren sektorean isolamendu termiko eta akustikorako baliagarria da, baita ehungintza edota 3D inprimagailuentzat ere”. Zelulosa azetatoa berrerabiltzeko beste zenbait aukera aztertzen ari dira. Besteak beste, oinetakoentzako eta surfeko taulentzako erabilgarria izan daiteke abokatuaren arabera.

Ahmed Salek: ”Zelulosa azetatoa da zigarro-puntaren lehengai nagusia. Produktu hau eraikuntzaren sektorean isolamendu termiko eta akustikorako baliagarria da, baita 3D inprimagailuentzako ere”

Finean, birziklatutako produktua berriz ere ekoizpen kateetan sartzea da kooperatibaren erronka. Egun, zigarro-mutxikinekin dabiltza buru belarri, baina ez da 3DKalaren helburu bakarra. “Gure helburu nagusia ezohiko hondakinen birziklapena da”. Maskarak birziklatzea planteatzen ari direla aitortu du. “Zigarro-punten gaia egonkortzen denean, jendeak garrantzirik ematen ez dion beste zenbait hondakinetan zentratuko gara”.

Ekonomia zirkularra da konponbidea

BIC Arabaren laguntzarekin lortu zuten proiektu abian jartzea, eta kooperatibaren bezero dira egun. Aitzitik, ez dute beste laguntza publiko handirik izan. “Gasteizko udalarekin kolaboratzen saiatu ginen, eta proiektuarekiko interes handia azaldu zuten. Gerora, ordea, ez dugu euren partetik laguntzarik jaso, eta dezepzionatu egin gaituzte”. Egun, Donostia, Barakaldo edota Zumaiako udalekin harremanetan ari dira kolaborazioren bat egiteko asmoz. “Instituzioen babesa jasotzen ez badu, proiektu hau ez da aurrera aterako. Espazio pribatuan, maila oso txikian egitea suposatzen du, eta ez lituzke beharrezko birziklatze emaitzak emango”, azpimarratu du.

Ahmed Salek: “Instituzioen babesa jasotzen ez badu, proiektu hau ez da aurrera aterako"

Halaber, ez du nolanahiko inpaktua sortu nahi 3DKalak, eta egungo ekonomia eredua lehenago edo beranduago bukatuko delakoan, ekonomia zirkularraren aldeko apustua egin du. “Natura txikitzen duen sistema ekonomiko batean bizi gara, ekoiztutakoa bota egiten dugu zuzenean. Planetarekin bukatu nahi ez badugu, hondakinak berriz ere produktu bilakatu behar ditugu”, nabarmendu du Salekek.

Proiektua egonkortuta, hazteko premian da orain. “Harresi askoren aurka jo dugu, baina borrokan jarraituko dugu. Ditugun baliabideekin nahikoa egin dugula uste dut. Birziklapen zein bilketa sistema sare bat ezarri dugu, nahiz eta eskala txikian izan. Finantzazio gehiago izango bagenu, proiektua askoz garatuagoa izango zen, eta ez ginake gure autonomo kuota ordaintzeko kezkaturik egon beharko”, nabarmendu du 3DKalako bazkideak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK