305 milioi euroren irabaziak lortu ditu Laboral Kutxak 2025ean, urtebete lehenagoko zenbatekoa %11,18 handituta. Finantza erakundeak azaldu duenez, “tentsio geopolitiko eta komertzialek baldintzatu dute agertokian” jardun badute ere, euren “eragin-eremuan ekonomiak tinko eutsi dio”. Hala, iazko emaitza “historikoa” gainditzea lortu du, baita baliabide propioen errentagarritasuna (ROEa) %12,68ra haztea ere.
Bankuaren jarduera guztietan izan da hazkundea, orotara 50.000 milioitik gorakoa izan delarik negozio-bolumena. Bezeroen baliabide kudeatuak %7,8 handitu dira, eta bereziki nabarmendu dira aurrezki-inbertsioko produktuen dibertsifikazio gero eta handiagoa; horren barruan, inbertsio-funtsen gestiopeko ondarea %25,35 hazi da.
Bestalde, kreditu-inbertsioaren saldo garbia %6,46 handitu da, azken urtean familiei eta enpresei emandako maileguen gorakadaren ondorioz.
Kaudimenari dagokionez, %26,22 CET1 ratioa lortu du kreditu kooperatibak, inoiz izan duen ratio onena. Halaber, likidezia egoera ere hobetu, baita kreditu kalitatearena ere. Oro har, adierazlen nagusietan “sendo” ageri da.
Berankortasun-tasa “organikoki” behera
Kooperatibaren diru-sarrera nagusiak aurrezkiaren eta kredituaren arteko bitartekaritzaren ondorioz sortu dira, eta interes-marjinen bidez 574,13 milioi euroko emaitza lortu du. Komisio garbiek %2,87 egin dute gora, eta 141,13 milioi eurora iritsi dira, inbertsio-zerbitzuen bultzadari esker.
Entitatearen berankortasun-tasak “organikoki” behera egiten jarraitu du, eta %1,98koa izan da ekitaldiaren amaieran. Datu hori sektorearen batez bestekoaren oso azpitik dago (%2,69koa zen azaroan).
Aurrezkia eta inbersioa
Familien eta enpresen aurrezkiek goranzko joera izan dute azken ekitaldietan, eta baliabide bitartekotuak 33.913 milioi eurora iritsi dira 2025aren bukaeran, errekor berria ezarrita. Azken urtean, 2.449 milioi euroko hazkundea izan dute, 2024an baino %7,8 gehiago.
Horrekin batera, abenduaren amaieran zenbatutako kreditu-inbertsioa 16.101 milioi eurokoa izan da; hots, %6,5eko gorakada izan du aurreko ekitaldiko datuarekin erkatuta.