Hiru hilabetean behin, enpresa kotizatuek beren liburuak irekitzen dituzte. Salmentak, irabaziak, kostuak eta aurreikuspenak jakinarazten dituzte. Horrela, inbertitzaileek enpresen jarduna espero bezala garatzen ari den eta hazten jarraituko duten aztertzen dute. Erritual horri “irabazien sasoia” esaten zaio. Finantza egutegiko garai lanpetuenetako bat da, eta akzioen prezioak ordutan asko kulunka daitezke. S&P 500 indizeko teknologia enpresen eta Magnificent Seven-en (Zazpi Bikainak) artean, soilik %0,3ak gainditu ditu hirugarren hiruhilekoko aurreikuspenak; aldiz, teknologiaz kanpoko enpresen %5,1ek gainditu ditu aurreikuspen horiek. Nasdaq 100a da teknologia enpresa erraldoien etxea, eta azken irabaziek eragindako etsipenaren irudi argiena erakusten du. ChatGPTk Adimen Artifizialaren (AAren) goranzko merkatua islatu zuenetik gertatu diren merkatu jaitsieretan, Nasdaq 100arekin batera beste merkatu guztiak ere jausi egin ziren; oraingoan, ostera, indize teknologikoak jaitsi egin diren arren, beste akzioak, batez beste, igo egin dira, jaitsiera AAren akzioetan soilik kontzentratuz. Horrek erakusten du inbertitzaileak AAren sektoreko enpresen akzioetan jartzen ari direla arreta, eta ez dutela uste sektore horretako balio-galerak ekonomiaren gainerako enpresetara zabalduko direnik.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Hiru arriskuk mehatxatzen dute AAren merkatua. Lehen arriskua adimen artifizialeko ereduen arteko lehia gero eta handiagoa da. OpenAI, Google, Anthropic edo kode irekiko beste eredu batzuk antzeko gaitasunak eskaintzera iristen badira, enpresa bakar batek zailago izango du bere produktua garestiago saltzea. Eredu guztiek antzeko emaitzak lortzen badituzte, adimen artifiziala oinarrizko zerbitzu bihurtuko da, elektrizitatea edo hodeiko biltegiratzea bezala. Horrek prezioen arteko lehia areagotu eta enpresen irabazi-marjinak murriztu ditzake.
Bestalde, baimenek, energiak eta erregulazio murrizketek kapitalean inbertsioa moteldu lezakete. Hirugarren arriskua interes tasen igoera da. Interes tasak igotzen direnean, inbertitzaileek etorkizunean espero dituzten irabaziei balio txikiagoa ematen diete gaur egun. Horren ondorioz, enpresen balioa jaitsi egin daiteke burtsan.
Hiper-eskalarrak eta kapital inbertsio ikaragarriak
Enpresa teknologikoek beharrezko gisa justifikatuko dituzte beren kapital-gastu (kapex) gorakorrak, AAn egindako inbertsio erraldoiei hain beharrezkoa den errentagarritasuna emateko; produktibitatea ezin da irauli datu-zentrorik gabe. Microsoftek eta Alphabetek aurretik iragarri baino inbertsio txikiagoa aurkeztu zuten kapitalean; baina merkatuek Microsoften emaitzak gogoko izan zituzten eta Alphabetenak, ostera, gorrotatu. Zergatik ezberdintasuna?

Alphabeten salmentak urteko hirugarren hiruhilekoan 111.200 milioi dolarretakoak izan ziren, analisten proiekzioaren apur bat azpitik; akzioek %10 egin zuten behera. Merkatuaren erreakzioa gehiegizkoa izan daiteke. Izan ere, akzio bakoitzeko irabazien jaitsieraren arrazoi nagusia ez zen Alphabeten negozioaren okertzea, SpaceXen zuen partaidetzaren balio-galera baizik; hau da, kontabilitateko zarata eta ez negozio hautsi bat. AA eraiki beharraren finantzaketan dago arazoa. Momentuz, konpainiaren akziodunak ari dira finantzatzen eraikigarritasun hori; bigarren hiruhileko jarraian cash flow negatiboa aurkeztu du. Googlek bere jardueraren bidez sortzen duen dirua ez da nahikoa AAren garapenerako behar dituen inbertsio guztiak finantzatzeko. Hori da merkatuaren zigorraren arrazoia.
Badago jaitsiera horren beste azalpen bat: inbertitzaileak gero eta kezkatutago daude enpresa teknologikoek AA garatzeko egiten dituzten inbertsio handiak noiz hasiko diren etekinak ematen. Izan ere, gero eta pazientzia gutxiago dute inbertsio horien emaitzak ikusteko. Batzuen ustez denbora kontua da merkatuen presioek enpresak kapexa moderatzera behartzea. Inbertitzaileek saritu egingo dituzte beren inbertsioak ordaintzen ari direla froga dezaketen enpresak. Burtsak, eta ez soilik zorrean inbertitzen dutenak, deseroso daude egungo eredu horiek eraikitzeko eta trebatzeko behar den kapital-gastu masiboarekin.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta