Amaia Jugo Abasolo: "Tamaina derrigorrezkoa da. Geroz eta gehiago"

Finantzazio tresnei loturiko sentsibilizazioa egitea ezinbesteko dela uste du Artizarra Fundazioko zuzendariak

Maiatzaren 1ean hasi zen Jugo Artizarra Fundazioko zuzendari lanetan | Argazkia: Aritz Loiola/Foku Maiatzaren 1ean hasi zen Jugo Artizarra Fundazioko zuzendari lanetan | Argazkia: Aritz Loiola/Foku

Lurralde garapen ekonomiko jasangarria sustatzeko asmoz jaio zen 2021ean Artizarra Fundazioa. Haren dirua Stellum Capital gestorearen errentagarritasun eta dibidendoetatik dator, enpresa txiki eta ertainei hazten laguntzeko sortu zen kapital gestoretik, hain zuzen. Errotzea bultzatzea da beste asmo nagusia. Hori guztia garatzen joatea, baina, urteetako prozesua izan da, 2018an hasitako prozesua, hain zuzen ere. Eta orain egindakoa sozializatu eta hazten jarraitzeko unea iritsi zaie. Horretarako, maiatzaren 1ean Artizarra Fundazioaren zuzendaritza hartu zuen Amaia Jugo Abasolok. Harekin bildu da EnpresaBIDEA BAT dorrean, Artizarra Fundazioaren bilakaera eta helburuak aletu, errotzeaz hausnartu eta finantza munduak dituen erpinei buruz hitz egiteko.

Artizarra Fundazioaren zuzendaritza hartu duzu duela hilabete gutxi. Zer moduz joan dira lehen hilabete horiek?

Arin pasa dira, oso azkar. Momentu honetan proiektua aurkezten ari gara. Izan ere, niri proiektutik gehien gustatu zaidana da gauza asko egin direla, eta orain kanporatzen ari garela egindako hori guztia. Artizarra Fundazioa bera aurkezten ari gara, baita gure inbertsio plataforma ere. Getxon egin genuen lehen ekitaldia, duela bi aste Iruñean izan ginen, 20an Araban egingo dugu, eta hurrengo hilabetean Gipuzkoan izan nahi dugu.

Esan behar dut asko ikasten ari naizela, ni finantza alorretik bainator, baina beste era bateko finantza alorretik. Hau arrisku kapitala da, eta egiteko erak desberdinak dira. Eta gainera, fundazio bat dauka, eta horrek ere bere xarma du.

Beste esparru batetik etorrita, zein ekarpen uste duzu egiten diozula Artizarra Fundazioa bezalako entitate bati?

Hona etortzeko erabakiaren parte bat pertsonala izan da. Alegia, ez hainbeste zer ekar diezaiokedan nik proiektuari, baizik eta proiektuak berak niri. Fundazioaren funtsak eta helburuak asko gustatzen zaizkit, baita bere zutabeak ere. Hala ere, ni ez nator banketxe batetik; Elkargitik nator, elkarrekiko berme elkarte batetik, eta horrek ezaugarri esanguratsuak ditu, oso soziala baita. Artizarra Fundazioa ere horretan datza, eta beraz, nire ekarpena zera da: enpresa asko ezagutzen ditut, ertainak zein txikiak Gipuzkoan eta Bizkaian, baina beste alor batzuetan ere harremanak ditut, eta horrek ahalbidetu ditzake beste era bateko elkarkidetzak. Edozein kasutan, kontua ez da ni izatea edo beste norbait izatea honen zuzendari. Nik profil egokia nuen, honetara egokitu nintekeen eta horregatik izan daiteke zentzuzkoa. Baina proiektuan hainbat patronatukide ere badaude: enpresaburu garrantzitsuak, eta baita enpresetako beste zuzendaritza esparrukoak eta profesionalak ere. Haiek dira honen ardatza.

Komunikazio fasean zaudete. Baina zer egin da orain arte?

Fundazioa bera 2021eko apirilean sortu zen. Ordurako jadanik bagenuen ibilgailu bat, Easo Ventures I, beste kapital gestore baten menpean zegoena, eta egun Artizarraren azpian dagoena.

Argazkia: Aritz Loiola/Foku
Argazkia: Aritz Loiola/Foku

Lehen, ordea, ez zegoen Fundaziorik.

Ez zen ez zegoela. Easo Ventures I sortu zenean, fundazioa bidean zegoen. Baina halako ibilgailu edo sozietate bat sortzen duzunean, normalean gestore baten pean sortu behar da. Gestore hori Inveready izan zen. Inveready sortu zen antzinako harremanak zituztelako, bai Juan Mari Otxoak —Fineco Kutxabanken Banka Pribatuaren sortzaileak—, bai Jose Pozak —Ibercomen sortzaileak.

Orduan, zein da abiapuntua?

Den-dena 2018an hasi zen. Beraiek ardura bat zuten: nolabaiteko errentagarritasuna jaso dute urteetan zehar, eta gizarteari itzuli nahi zioten, Euskal Herri mailan bereziki. Uste zuten errentagarritasun hori beste funts batzuetan inbertituz gero, input gehienak kanpotarrak izanik, kapitala berriro ere kanpora joango zela. Bertan zerbait egin nahian, gestore bat egitea pentsatu zuten, baina horren errentagarritasuna eta dibidendoak pertsonengana joan ordez, sortuko zuten fundazio batera joatea. Fundazio horrek edukiko ditu helburu eta proiektuak gizarteari eta ingurugiroaren esparruari ekarpena egingo diotenak. Hori da proiektua.

Fundazioa 2021ean sortu zela esan duzu. Zein izan zen haren lehen eginbeharra?

Gestore hori bultzatzea, %100ean fundazioaren jabetzakoa. 2023ko otsailean jaio zen azkenean, CNMV baloreen merkatuko Espainiako batzordeak oniritzi guztiak eman ostean. Stellum Capital izena hartu du, eta egun aurkezten ari gara. Stellum Capital guretzat tresna bat da, fundazioaren diru-iturria nolabait, bertatik dirua jasotzen dugunean askotariko proiektuak egitea ahalbidetzen diguna.

"2021etik gaur egunera arte ibilgailu guztiak sortzen joan gara, kapital gestorea ere sortu dugu, eta hori guztia eginda, den-dena Artizarraren azpian jarri dugu. Erdiko bidea izan da, baina hasieratik ideia izan da puntu honetara heltzea"

Zein tresna ditu gestoreak?

2018-2021 bitarte horretan, alegia, gestorea jaio aurretik, Easo Ventures II sortzen da venture capital mundu horretan—Easo I, 2018an jaio zenez zenez, itxita zegoen dagoeneko—. Era berean, beste bi ibilgailu ere eratzen dira. Horietako bat da Growth. Izan ere, ikusi zen venture capitalek bazutela jada diru iturri edo tresna bat, Easo bera, baina bazirela euren burua hazkundera bideratu nahi zuten enpresa txiki eta ertainak eta bide horretan laguntza behar zutenak. Banketxeak badira, eta horiek izaten jarraitzea normala da, baina badira beste tresna batzuk ere. Horregatik Growth. Horrekin batera Stellum Food and Tech jaiotzen da. Azken hori da egun dugun tresna bakarra jarduera jakin bati zuzendua: elikadura alor guztiari.

Beraz, 2021etik gaur egunera arte ibilgailu horiek guztiak sortzen joan gara, kapital gestorea ere sortu dugu, eta hori guztia eginda, den-dena Artizarraren azpian jarri dugu. Erdiko bidea izan da, baina hasieratik ideia izan da puntu honetara heltzea. Fundazioaren helburua orain sozializazioa da. Eta ez dut esan, baina hau pertsonez osatuta dago. Patronalean dauden pertsona horiek bertan daude profesional eta enpresariak izan direlako, baina pertsonak berak daude, ez inongo markak.

Zein da zuek sartzeko batez besteko tiketa?

Desberdina da. Venturre capitalean hiru fase daude. Lehenengoa, seed edo 0 fasea, testatu gabe ere ez dauden proiektuena. Hor Berri up azeleradorak ere laguntzen du, eta 50.000 eurora bitarteko tiketez ari gara. Proiektua eta produktua testatzen ari bada, baita merkatua ere, eta zentzu bat dutela ikusten dugun, fase horretan dira 500.000n eurora bitarte. Eta hortik aurrera, behin proiektuan martxan izanda, bezeroekin, hornitzaileekin eta abarrekin, 500.000 eurotik bi milioira bitarte. Hori venture capital alorrean. Tiketak, ikus dezakezuenez, nahiko majoak dira.

Food and Techen desberdina da. 2 eta 7 milioi bitarte horretan daude tiketak, eta Growthen, aldiz, 5etik 20 milioira. Tamaina handikoak dira, beraz.

Askotariko tresnak daude esparru horietan (Seed Capital Bizkaia-eta, esaterako). Lankidetza dago zeuen artean?

Bai, eta egon behar du. Den-denok batzea eskatzen du. Guk adibidez orain arte Talderekin batera—Jaurlaritza eta enpresa pribatuek osatzen duten tresna— ez dugu inolako inbertsiorik egin. Baina Nafarroan, adibidez, bai egin dugula bertako arrisku kapitaleko inbertsore batekin. Azken baten helburua da errotzea eta hazkundea.

Argazkia: Aritz Loiola/Foku
Argazkia: Aritz Loiola/Foku

Zer da zuentzat errotzea?

Errotzeaz luze hitz egin dezakegu, baina laburbilduz, guretzat errotzea da erabakiak hemen hartzea, eta enplegua sortu eta mantentzea. Inbertitu dugun enpresetan hori da helbururik garrantzitsuena, eta guk kontuan hartzeko gakoa da. Hazkundeak ere hori ekartzen duelako, enplegua sortzea. Era berean, enpresa horiek dituzten hornitzaileak enpresa txiki eta ertainak dira, bertakoak; ez dira kanpora joaten enpresa berezi bat ez bada. Hori guztia da guretzat errotzea.

Zein puntura arte ditugu gurean enpresen errotzea bermatzeko finantza tresnak?

Eduki asko ditugu. Baina sentsibilizazio hori egin behar dugu, ezagutzen ditugun tresna horiek enpresari zuzendu eta erakutsi. Gu eurei laguntzeko prest gaude. Horretan eragin behar dugu. Are gehiago, fundazioaren helburuetariko bat da dibulgazioa, zentzu guztietan. Badaude hainbat tresna euren esku. Esan bezala, guk orain arte lau ibilgailu ditugu, baina kapital gestorea izateak ahalbidetzen dizu hainbat ibilgailu garatzea. Beraz, batek daki, baina etorkizun baten segur aski inpaktuari loturiko funtsa sortu dezakegu. Orain errentagarritasuna izan dezaketen enpresetan inbertitzen dugu, baina zergatik ez, pentsa, tamaina txikiagoko funtsa sortu enpresa ratio txikiagoak dituztenentzat. Batek daki. Behin tresna sortuta, beste guztia nolabait, esaterarren errazagoa da.

"Guretzat errotzea da erabakiak hemen hartzea, eta enplegua sortu eta mantentzea. Inbertitu dugun enpresetan hori da helbururik garrantzitsuena"

Zein epe dituzue?

CNMV halako gauzekin oso itxia da. Aurkezten duzuna bete beharra dago. Gehien jota 10 urte dira, baina hori da bukaerara arte eramaten baduzu. Normalean gure asmoa da 5-7 urtera begira gure partizipazio hori saltzen pentsatzen joatea.

Hor arriskua izan daiteke errotzearekin.

Erantzun aurretik, azpimarratu nahi dut berriro ere ni fundazioaren izenean nagoela, eta gizarte konpromisoen esparru horretan aritzen garela. Bestea, da gestorea eta haren tresnak guretzat diru-iturria dira. Hala ere, galdetzen didazuenez, bai, hori gerta daiteke. Edozein kasutan, beti, edozein enpresatan inbertitzen dugunean, guk kontseiluan leku bat dugu. Eta gure eginbeharra izaten da legedia betearaztea. Berdintasun-plana, ESG Gizarte-ikuspegi Arduratsuko Inbertsioak eta halako aldagai guztiak ondo neurtzen ditugu, egun zer moduz dauden eta nola izan behar diren gu irteten garenerako. Jarraipena egiten eta egingo dugu. Eta jartzen ditugun helburuak bai ala bai bete behar dira. Behin saltzen denean, une horretan hainbat eskaintzaile badaude, beti begiratuko dugu gehien interesatzen zaiguna, baina gure interes berdinak partekatzen dituztelako.

"Orain errentagarritasuna izan dezaketen enpresetan inbertitzen dugu, baina zergatik ez, pentsa, tamaina txikiagoko funtsa sortu enpresa ratio txikiagoak dituztenentzat"

Filosofiarekin lerrokatuta egotea.

Hori da. Gerta daiteke hori ez suertatzea? Bai, arrisku hori badago. Baina guk hainbat aukera izanez gero, beti filosofiari eutsiko diogu.

Azkeneko urteetan ikusi dugu salmenta dezente gertatu direla, batez ere esparru teknologikoan, eta nazioarteko inbertsio-funtsak etorri direla enpresa horiek erostera. Halako enpresa handiak —Bilbomática, Ibermática...— erosten direnean, errotze falta da enpresa horiek salmentara eramaten dituena edo beste faktore batzuk daude?

Nik kasu horiek ez ditut ezagutzen. Baina horren harira, guk fundazioaren baitan baditugu hainbat arlo. Batetik, patronatukideak, eta gaur egun 11 dira. Bestetik, kudeatze organoak, alegia, hezkuntza batzordea, inpaktu batzordea, eta auditoria eta kontrol batzordea. Baina baditugu beste bi arlo: Artizarra Lagunak, non edozein pertsona prest dagoen bere zerbitzuak eskaintzeko, eta gurekin unibertsitatera joateko, eta bere esparruko eta gu aditua garen edozein gairi buruz hitz egiteko; eta Artizarra Zirkulua deitzen duguna. Azken horretan family office asko daude eta denok ditugu kezka berdinak, gutxi gora behera. Denon artean zirkulu hori eraikitzen eta bultzatzen badugu, mahai gainean fiskalitate arazoak jarrita adibidez, agian funts partekatu handi bat sortu dezakegu. Hori da lurralde honek behar duena. Azken finean, askok esaten dute tamaina garrantzitsua dela. Horren harira, kluster inbertsio-finantzarioa sortzen ari da hainbat eragilerekin. Eusko Jaurlaritza oso interesatua dago, gu bertan gaude, baita Kutxabank, Laboral, eta erreferentziazko beste hainbat entitate ere. Segur aski hortik nolabaiteko tresnak irten daitezke.

Argazkia: Aritz Loiola/Foku
Argazkia: Aritz Loiola/Foku

Errotzea bermatze aldera, errazagoa da, adibidez, makina-erremintako enpresa baten errotzea bermatzea enpresa teknologiko batena errotzea baino?

Errotzea arazoa da edozein sektoretan. Egia da makina-erremintan gaur egun jadanik enpresa familiarrak direla, bere nitxoa duela, eta urteetan eginiko zerbait dela; sektore teknologikoa askoz arinago mugitzen ari da. Horrek bere eraginak izango ditu. Baina ez nuke esango sektoreka doanik.

Lehen aipatu duzu errotzeak bermatzen duen kontuetako bat dela lana bertan sortzen dela. Baina ikuspegi hori izatea abantaila lehiakorra izan daiteke talentua erakartzerako garaian?

Bai, noski. Guztiz. Dudarik gabe. Azken finean, guk kanpora begira beti helarazi izan dugu hemen industria indartsua dugula. Orain BAT dorre honetan gaude nolabait ekintzaile horiei laguntzeko. Pausoz pauso eginiko horrekin badirudi talentua erakartzeko lana egin dugula. Baina gehiago eskaini behar diegu.

Gu ekintzaile herria izan gara. Zer gertatu da orain gazte guztiek izan nahi izateko funtzionario?

Errua "guk" daukagu. Nire aita bera ekintzailea izan da. Baina nire ahizpa eta ni beste batzuentzat ari gara lanean, eta ahizpa, gainera, administrazio publikoan. Hori ere ondo dago, eh, kontuz. Baina nik uste gure inguruan zera helarazi zaigula: "non dago segurtasuna? Lan mota hauetan". Eta hori izan da nire ustez geure buruari egin diogun kalterik handiena. Beldur hori kendu behar dugu. Egia da erraza dela esatea, eta ondoren denok nahi dugula ongizate egokia izan. Baina uste dut kultura arazoa dela, eta denbora beharko badugu ere, lehenbailehen aldatzea komeni dela gure esateko eta erakartzeko modua. Fundazioak hori ere bideratu eta bultzatu nahi du.

Autokritika falta izan da?

Seguru. Askotan ez dugu geure burua kritikatzen. Lehenbailehen hasten bagara kritikatzen, agian biratzeko unean izan gaitezke.

[Ekintzailetzaz]: "Gure inguruan zera helarazi zaigu: "non dago segurtasuna? Lan mota hauetan". Eta hori izan da nire ustez geure buruari egin diogun kalterik handiena"

EAEko ekintzailetzaren egoera aztertzen duen txostena aurkeztu berri dute. Horren arabera, biztanleek %40k ez du bere burua ekintzaile izaten ikusten. Eta porrot egiteko beldurra da arrazoi nagusia. Nola aldatu hori?

Txostenaren aurkezpenaren ostean, Joseba Mairezcurrena Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintzailetza eta Enpresa Lehiakortasuneko diputatuarekin hizketan aritu nintzen. Ardura dugu lurralde bezala, Euskal Herri mailan osoan, eta lehen esan bezala porrotarekiko beldur hori nola aldatu kultura kontua da. Gure asmoa da ekintzaile mugimendu hori bultzatzea, eta venture capital eta private equity hori jendeari, gizarteko edozein pertsonari, hurbiltzea, esanez inbertsio horrek arriskua izan dezakeela, baina inbertitzeko beste modu bat dela. Zeintzuk dira horren oinarriak? Errotzea eta hazkundea. Gu prest gaude sortzen garen guztirako.

Fundazioek halako protektoratu bat dute. Zuk aurkezten duzun hori nolabait betearazi behar duzu. Gehiago egiten baduzu, fenomeno. Gutxiago egiten baduzu, ez hain ondo. Gu goitik goaz. Baina datorren urtera begira proiektu asko sortzen joan behar gara jarduera-memoria deitzen den hori elikatzeko. Aipatutakoa proiektu bat izan daiteke. Eta nik uste dut Artizarra Fundazioaren barruan baditugula hori egiteko aprobetxatzeko errekurtsoak. Hain zuzen ere, patronokideen eta taldearen artean jende oso jakintsua dugu, hona itzuli direnak. Nolabait pertsona horiekin izatea, nire ikuspegitik, aberasgarria da.

Ekintzaileez harago, finantzazio tresnen inguruko ezagutza falta al dago enpresetan?

Elkargitik etorrita, hori ikusi dut, bai. Hala da, guztiz. Egia da mahai gainean jarri behar dela enpresen %99 enpresa txiki eta ertainak direla. Eta asko mikroenpresak. Hori kontuan izanda, normalean tailer batera zoazenean ikusten duzu bertan dagoen pertsonak denetarik egiten duela. Ingeniaria izan daiteke, eta ekoizpena eta bezeroekin eta hornitzaileekin harremana darama, eta gainera nolabaiteko jakinduria izan behar du finantza alorrean. Krak bat izango da den-dena ondo eramaten baldin badu.

Argazkia: Aritz Loiola/Foku
Argazkia: Aritz Loiola/Foku

Zergatik da gako finantza horiek ondo kudeatzea?

Finantzak ondo kudeatuz gero etorkizuna oparoagoa izan daiteke. Azkenean, cash flowa edo bestelako ratioak aztertuz gero, ikus dezakezu norantz joan zaitezkeen, eta zein puntura arte bizi daitekeen enpresa bat. Hori, esaterako, ekintzaileek oso ondo egiten dute. Dirua jasotzen dutenean, badakite zein puntura arte joan daitezkeen. Baina agian enpresa edo tailer batek besterik gabe ikusten du badoala aurrera, eta listo. Pentsa dezagun: nola joan daiteke? Eta hor ere, kudeatze sistemaren bitartez, gure taldeak esperientzia handia duenez eta kontseiluan parte hartzen duenean, parte hartze aktiboa du. Azken baten finantza kultura hori ezartzen lagunduko die. Horrek hazkundea ahalbidetu dezake.

Orain arte bankuen finantzazioa izan da enpresen fokuan izan dena?

Bai. Baina 2008tik aldatzen joan dela esango nuke. Gainera, ezjakintasuna geroz eta txikiagoa da administrazio publikoek ere finantzazio tresnak eskaintzen dituztelako. Eta eurak berak eskatzen duten hori alternatiboa da, ez da banku tradizionalek eskaintzen dutena. Beti esaten dut publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlan hori beharrezkoa dela. Pixkanaka, denon artean bultzatzen badugu, gero eta errazagoa izango da.

Finantzazio tresnak bilatzen dituzten enpresek zuzenean Stellum Capitalera jotzen dute ala alderantziz?

Bi eratara gertatu daiteke. Suertatu zait niregana edo Fundaziora etortzea. Ni, eta Fundazioa bera, naiz nolabait denon koordinatzaile bezala, eta hortik mugitzen da norabide batera edo bestera. Orain arte enpresa asko etorri zaizkigu eta etortzen ari dira. Harrituta gaude.

"Enpresa oso onak daude, oso errentagarriak, hazkunde plan itzelekin. Eurak etortzen dira, eta asko —batez ere, Growthen— finantza alor indartsuekin, bidelagun baten bila. Beraientzat balioa du hazkunde hori kapitalaren bitartez izatea"

Onerako?

Onerako. Enpresa oso onak daude, oso errentagarriak, hazkunde plan itzelekin. Eurak etortzen dira, eta asko —batez ere, Growthen— finantza alor indartsuekin, bidelagun baten bila. Beraientzat balioa du hazkunde hori kapitalaren bitartez izatea, horrela denak ariko direlako euren dirua jokoan jartzen. Bidea elkarrekin egitea bilatzen dute. Nik uste dut ideia hori geroz eta gehiago zabaltzen ari dela. Baina hori ez zaigu soilik guri gertatzen ari. Orokorra da.

Egia da, dena den, hori guztia kasu askotan oso isilean eramaten dela. Normala da. Isilean eraman behar diren gauzak dira. Baina aukerak edozein modutara etorri daitezke. Eta guk ere ezagutzen baditugu edo ikusten badugu egiten ari direna interesgarria izan daitekeela, horrela ere bideratzen ditugu.

Beraz, momentuz, zuengana jotzea izaten da biderik ohikoena.

Oraingoz esan dezakegu eurak etortzen direla, bai. Eta bereziki venture capital mundu horretan, dudarik gabe.

Ez duzue komertzial sarerik?

Ez. Hemen denak elkartuak, zuzendariak eta abar dira, nolabaiteko ezagutza dutenak. Ez dira komertzialak, edo ez, behintzat, oraindik, ez dugulako beharrizanik ere. Batek daki etorkizunera begira.

Argazkia: Aritz Loiola/Foku
Argazkia: Aritz Loiola/Foku

Zer izan behar du enpresa batek aipatutako finantzazio tresna horiek erabili ahal izateko?

Hamaika egoera daude. Orain arte parte hartu dugun enpresaren baten arazoa izan da ez zegoela etorkizunik. Arazo hori gertatzen ari da. Kasu bat dugu, enpresa handi batena, non jabeek ez zuten nahi jarraitu; aldiz, bai zuzendaritza taldeak. Hor gu enpresan sartu gara. Azken baten zuzendaritza taldea izan da enpresa dagoen puntura eraman duena. Eurak dute guk baloratu dugun eta zentzu guztia duen plana. Guk lagundu ditzakegu etorkizuneko beste alor batzuetara joaten.

Gure taldean, ni ekonomilaria naiz, baina hemen gehienak ingeniariak dira. Kontua da tamaina handiko enpresa askotan badagoela controllerra edo zuzendari finantzarioa; aldiz, agian ez dute ekoizpen lerro bat nora eraman daitekeen aztertu duen ingeniaririk. Edo duten hori, ez da sektore horretakoa. Egia da hemengo curriculumak ikusten badituzu oso pertsona adituak direla.

Kasu bat aipatu duzu. Baina zein beste kasu daude?

Hazkundea bilatzea. Merkatua zabaldu nahi izatea. Uvescoren kasua izan zen hori, adibidez. Espainia mailan zabaldu nahi izan zuten. Hori hainbat modutan egin dezakezu: maileguekin, baina zure zor ratioa edo EBITDA goraino izan dezakezu, eta kontuz; edo kapitalarekin. Beraz, azken batean da zuk dituzun behar horiek askotariko finantzazioetara bideratzea.

Ikusita merkatuan geroz eta partaide gehiago daudela, eta merkatuko partaideak geroz eta handiagoak direla, tamainak garrantzia du?

Tamaina derrigorrezkoa da. Geroz eta gehiago.

"Denok kexatzen gara jende faltaz. Baina jendea badago, segur aski gu bezain adituak edo gehiago. Mundua handia da"

Arriskua dugu formakuntza aldetik jende nahikoa ez izatea?

Denok kexatzen gara jende faltaz. Baina jendea badago, segur aski gu bezain adituak edo gehiago. Mundua handia da. Ekar dezagun beste toki batzuetatik. Askotan arazoa izan daiteke hizkuntza. Bada, goazen Kolonbia, Argentina eta halako herrialdeetara, ikusteko ea errazago ekar ditzakegun.

Eta zein rol jokatzen du digitalizazioak?

Aurrekoan beste hitzaldi baten izan nintzen, eta bertan argi adierazi zuten digitalizazioa ez dela den-dena ordenagailuekin egitea. Prozesuak erraztea digitalizazioaren parte bat da. Baina beste parte garrantzitsua da pertsonak tresna horiek erabiltzen ikastea. Pertsonak lagundu behar ditugu. Baina ez soilik adineko pertsonak. Gazte askok ez dakite zer diren zergak, plataformak eta abar. Instagramen aritzeko eta TikTok bat egiteko oso adituak, baina gauza askotarako ez dira adituak. Pertsona horietan jarri behar dugu fokua, haiek zainduz eta ulertuz.

 
 

 

 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK