Banka publikoaren afera: estatuak eragin al dezake finantza sisteman?

Ezkerreko alderdiek gobernuari hipoteken merkatuan eskua hartzeko egindako eskariak banka publikoaren inguruko eztabaida azaleratu du beste behin

Espainiako Krediturako Institutu Ofizialaren egoitza nagusia | Argazia: ICO Espainiako Krediturako Institutu Ofizialaren egoitza nagusia | Argazia: ICO

Ez da berria banka publikoaren inguruko eztabaida. Ezkerraren aldarrikapen historikoa da, eta finantza zein ekonomia krisiek gizartea astindu ahala bere beharra nabarmentzen du. 2008ko Lehman Brothersen krisiak mundu oso ekonomiaren oinarriak dardarka jarri zituenean, sistemaren berrikusketa planteatu zuten askok. Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea izandakoak "kapitalismoa birsortzea" proposatu zuen, eta G20ko kideek estatuak merkatuetan duen esku-hartzea areagotzea. Estatu espainiarrean Podemos alderdiak estatuak bere esku zituen tresnak erabiltzea planteatu zuen banka publikoa sortzeko, bere garaian Bankian zuen partehartzea edo ICO Krediturako Institutu Ofizialaren bidez. Gurean LAB sindikatuak 2012an zabaldu zuen banka publikoaren hausnarketa, jaio berria zen Kutxabanken sortze prozesuaren harira. Bankuen alorrean estatuaren esku-hartzearen afera, hortaz, ez da berria. Europan badira hainbat adibide. 

Frantzia, tradizio esku-hartzailea

Europan baldin bada estatuaren esku-hartzearen filosofian aintzindari izan den estatua Frantzia da, "Colbertismoaren" sorterria. XVII. mendeko doktrina horrek estatuak konpainia publikoak sortzea sustatzen du, lehiatik babestuz. Jean-Baptiste Colbert Luis XIV erregearen finantza ministroak abiatu zuen doktrina eta, ñabardurak ñabardura, eragin handia izan du Frantziako politika ekonomikoan, gaur arte. XX. mendeko erakuslerik nabarienak Charles De Gaulle eta François Mitterand izan ziren. Azken horrek, 1981ean Eliseora heldu berri, nazionalizazio politika gogorra martxan jarri zuen eta finantza erakunde ia gehienak nazionalizatu zituen. Erabakiaren ondorioek finantza publikoak okertu zituen, eta 1984ean atzera egin behar izan zuen. Estatuaren esku-hartzearen aldeko jarrera ahuldu bazen ere, ez zen erabat desagertu eta oraindik ere nabaria da.

Horren adibide izan da Emmanuel Macron Errepublikako presidenteak 2022ko uztailean iragarritako EDF (Électricité de France) enpresaren nazionalizazioa. Frantziako estatuak baditu kotizatutako hainbat konpainia handitan parte-hartzeak, hala nola Air France, Orange, Renault, PSA, Airbus... Eta kotizatu gabeko enpresen jabe ere bada, tartean BPI Banque Públique d´Investissement, estatuaren finantza tresna nagusia. BPIk hainbat finantzaketa eta inbertsio programa burutzen ditu Frantziako ekonomia suspertzeko eta enpresei laguntzeko. 2020an, esaterako, inbertsio funtsa sortu zuen aurreztaile txikiek Frantziako enpresa txiki eta ertainetan inbertitu ahal izateko. Bruno Le Maire Ekonomia ministroaren esanetan, funtsak "abertzaletasun ekonomikoa" sustatzea zuen helburu. Egun BPIk ekintzailetza, trantsizio energetikoa eta nazioartekotzea bezalako helburuak dituen hainbat laguntza eta finantzaketa ildo eskaintzen dizkie bertako enpresei.

1981ean François Mitterandek Frantziako banku gehienak nazionalizatu zituen

Xehekako bankaren alorrean ere estatuak badu tresna publikoa: 2006an eratutako La Banque Postale, Frantziako seigarren bankurik garrantzitsuena. Gobernuaren esku-hartzea, baina, La Banque Postaletik haratago doa, eta horren adibide esanguratsuena edozein bankutan kontratatu daitezken Livret A eta LEP (Livret d'Epargne Populaire) aurrezki libretak dira.

Livret A Luis XVIII erregeak 1818an sortutako libreta da, napoleondar gerren zorrak ordaintzeko dirua biltzeko. Estatuak ezartzen du aurrezki libretaren errentagarritasuna, eta otsailaren 1etik aurrera % 3ko tasa ordaintzen du. LEP aurrezki libreta diru sarrera urriak dituzten pertsonentzako aurrezki kontua da, eta egun % 6,1eko errentagarritasuna ematen du.

2014ean Europar Batasunak arau bidez ezarri zuen pertsona zaurgarien finantza bazterketa ekiditeko legedia. [...] Hala, banku guztiek bezeroei oinarrizko kontua eskaini behar izango diete, eta gobernuak legez ezarten ditu bankuak kobratu ahal izango dituen komisioak

Frantzia, ordea, ez da diru sarrera urriak dituzten lagunentzat aurrezki kontua arautu duen estatu bakarra. 2014ean Europar Batasunak arau bidez ezarri zuen pertsona zaurgarien finantza bazterketa ekiditeko legedia. Egun, banku kontua ezinbestekoa da hainbat zerbitzu jasotzeko, eta horregatik Europak esku hartzea erabaki zuen. Hala, banku guztiek bezeroei oinarrizko kontua eskaini behar izango diete, eta gobernuak legez ezarten ditu bankuak kobratu ahal izango dituen komisioak.

Espainiar estatuan oinarrizko kontuaren aukera 2014tik indarrean badago ere ez du arrakasta handirik izan, bankuek ez dutelako proaktiboki eskaintzen. Duela bi aste, otsailaren 1ean, gobernuak oinarrizko kontua eskatu ahal izateko balditzak lausotu ditu, pertsona gehiagok eskatu ahal izateko. Oinarrizko kontuarena ez da izan Espainiako gobernuak bankuen alorrean hartu duen erabaki bakarra. Interes tasen gorakadaren ondorioz hainbat familiek maileguei aurre egiteko dituzten zailtasunei erantzuna eman nahiean hipotekadunentzako laguntzak onartu zituen Ministroen Kontseiluak 2022ko azaroaren 21ean, jardunbide egokien kodea eguneratuta.

ICO maileguen garrantzia

Espainiar estatuan ere posta zerbitzuari lotutako finantza erakunde publikoa izan zen. 1909an eratu zuen Espainiako Gobernuak, aurrezki kutxa bezala. 1991ean gobernuak estatuaren menpe zeuden banku publikoak (Banco Exterior, Caja Postal, Banco Hipotecario, Banco de Crédito Local, Banco de Crédito Agrícola eta Banco de Crédito Industrial) finantza erakunde bakarrean fusionatzea erabaki zuen, Argentaria sortuz. 1993 eta 1998 bitartean Felipe González eta José María Aznarren gobernuek Argentariaren pribatizazio prozesua burutu zuen eta 1999an BBV banku bizkaitarrarekin bat egin zuen, BBVA sortuz. Argentaria izan zen estatuak izan zuen azken banku publikoa.

Gobernuak, badu, halere, ekonomian eragiteko beste tresna bat: ICO Krediturako Institutu Ofiziala. Enpresa eta autonomoen esku hainbat finantzaketa ildo jarri ditu ICOk, batez ere nazioartekotze eta berrikuntzarako alorrekin lotutakoak. Krediturako Institutu Ofizialak, ordea, berebiziko garrantzia izan zuen COVID-19aren pandemian gobernuak ezarritako murrizketen ondorioei aurre egiteko. Jarduera itxi behar izan zuten enpresa eta negozio gehienek, eta balizko likidezia arazoei aurre egiteko inoizko berme programarik handiena abian jarri zuen ICOk.

302.000 milioi euroko finantzaketa ahalbidetu zuten ICO Covid maileguek. Ikusteko dago ordaindugabe utzitako zenbat maileguri aurre egin beharko dion estatuak

Estatuak enpresa eta autonomoek bankuetan eskatutako maileguen zenbatekoaren % 80rainako bermea eman zuen. Programaren helburua bankuek finantzaketaren jarioa ez etetea zen eta guztira ICOk 302.000 milioi euroko finantzaketa kudeatzea lortu zuen, inoizko kopururik altuena. Ikusteko dago, aldiz, enpresak eta autonomoak gauza izango diren eskatutako mailegu guztiak ordaintzeko. Estatua maileguen berme-emailea izanda, eta litekeena da bankuei abalatutako kopuruak ordaindu behar izatea, ogasun publikoari zulo handia eraginez. HIscox aseguru etxeak kaleratutako ikerketa baten arabera, ICO maileguak eskatu zuen enpresa txiki eta ertainen % 45k arazoak izan ditzakete maileguak itzultzeko.

Bankiaren aukera galdua

2008ko finantza krisiak zauri oso sakonak eragin zituen sendo zirudien Espainiako finantza sisteman. Hainbat banku eta, nagusiki, aurrezki kutxen kaudimena ezbaian utzi zituen Lehman Brothersen porrotak astindu zuen nazioarte mailako krisiak. Hasierako neurria aurrezki-kutxen bat egitea izan zen, finantza paisaian aldaketa handiak eraginez. Horren adibide izan zen Nafarroako Aurrezki Kutxa. Hasiera batean Banca Civicaren fusioan parte hartu zuen baina azkenean Caixabankek irentsita bukatu zuen. Finantza sistemaren inguruko mesfidantza saihesteko eta aurreztaileak babesteko gobernuak bi neurri hartu zituen. Alde batetik, gordailuen Bermerako Funtsak bermatutako kopurua handitu zuen. Bestetik, banku eta kutxentzako erreskate plana abian jarri zuen, horretarako bi tresna nagusi sortuz: FROB Bankuen Moldaketa Ordenaturako Funtsa, bankuen porrota ekiditeko dirua sartzeko; eta SAREB erakundea, bankuen aktibo higiezin toxikoak eskuratzeko.

Espainiako Kontuen Auzitegiak emandako datuen arabera FROBen bidez 66.577 milioi euro bideratu ziren bankuak eta kutxak erreskatatzeko. Bankia izan zen diru gehien jaso zuena

Espainiako Kontuen Auzitegiak emandako datuen arabera FROBen bidez 66.577 milioi euro bideratu ziren bankuak eta kutxak erreskatatzeko. Bankia izan zen diru gehien jaso zuena. Hainbat aurrezki kutxen bat egitearen ondorioz eratu zuten Bankia, tartean Madrilgo Aurrezki Kutxak. Erreskatearen ondorioz estatuak Bankiako akzioen % 60 baino gehiago eskuratu zuen. Gobernuak akzioak saltzeko asmoa adierazi bazuen ere, ezkerreko alderdiek Bankia banku publiko gisa mantentzeko eskatu zuen, modu horretan ekonomian eragin ahal izateko. 2020an Caixabankek Bankia eskuratu zuen, bat-egite eragiketa baten bitartez, Espainiako Gobernuak Caixabanken akzioen % 16 eskuratuz. Egun parte-hartze hori % 18ra igo da. Epe laburrean akzioak saltzeko asmorik ez badago ere, gobernuak argi azaldu du akzioen kotizazioaren bilakaeraren arabera bere parte-hartzea saldu lezakeela, bankuen erreskatean galdutako dirua berreskuratzeko.

Europan adibide gehiago

Europan ohikoa da estatuek bankuak kontrolatzea edo parte-hartzea. 2008ko finantza krisiak kolpatu zuen lehen banku europearra Royal Bank of Scotland izan zen, egun NatWest Group barruan dagoena, Erresuma Batuko laugarren bankurik handiena. Gobernu britainiarrak 2008an erreskatatu behar izan zuen eta oraindik akzioen % 58 inguru kontrolatzen du. Gobernuak 2024rako pribatizatu nahi du, baina ez ditu akzioak merke saldu nahi eta burtsa merkatuen bilakaeraren zain dago.

Alemaniako Commerzbank ere 2008an erreskatatu behar izan zuen Berlingo gobernua, 8.000 milioi euro sartuz. Egun, Alemaniako gobernua akzioen % 15en jabe da

Alemaniako Commerzbank ere 2008an erreskatatu behar izan zuen Berlingo gobernua, 8.000 milioi euro sartuz. Egun, Alemaniako gobernua akzioen % 15en jabe da. Herbeheren kasuan ere estatuak ABN Amro bankua erreskatatu behar izan zuen, herrialdeko hirugarren bankur nagusia. Akzioen zati bat saldu badu ere, oraindik gobernuak akzioen % 50 baino gehiago kontrolatzen du. Belgikan eta Italian ere badira estatuak parte hartzen duen bankuen adibiderik, Belfius eta Monte Dei Paschi.

Euskal Herriko tresnak

Hego Euskal Herrian badira ekonomian eragiteko, finantzaketa errazteko eta enpresen errotzea laguntzeko erakunde publikoak. Eusko Jaurlaritzak 2008an Finantzen Euskal Institutua eratu zuen bi helburu nagusirekin. Alde batetik, enpresa publiko nahiz pribatuei kredituak eta abalak ematea. Bestetik, enpresen kapitalean parte hartzea, errotzea bermatu aldera.

Finkatuz funtsa da FEIren tresna nagusia. Funts honen bidez 100 milioiko fakturazioa eta 50 langiletik gora duten enpresen kapitaletan parte hartzen du Finantzen Euskal Institutuak eta horretarako 2023rako kapitala 300 milioitara heltzea aurreikusten du Jaurlaritzak. Finkatuzek CAFen % 3 eta Iparlaten % 7,35 eskuratu ondoren, 2022ko urrian ITP Aero enpresaren % 6 erosiko zuela iragarri zuen. 2023an eragiketa gehiago burutuko dituela iragarri du Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzak 2008an Finantzen Euskal Institutua eratu zuen. [...] Nafarroari dagokionez, 2022ko maiatzean gobernuak Inbertsioen Nafar Institutua eratzea adostu zuen

Nafarroari dagokionez, 2022ko maiatzean gobernuak Inbertsioen Nafar Institutua eratzea adostu zuen. Erakunde berriak duela astebete inbertsio batzordeko kideak aukeratu ditu, eta 2023ean zehar abian hasteko asmoa adierazi du.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK