Bigarren seihilekoan finantzazio eskaerak gora egitea aurreikusi du Elkargik

200 milioi eurotik gertuko eragiketak finantzatu ditu lehen seihilekoan, eta beste 50 milioi finantzazio alternatiboan

Josu Sanchez Elkargiko presidentea, eta Zenón Vázquez zuzendari nagusia, gaur goizeko prentsaurrekoan | Argazkia: EnpresaBIDEA Josu Sanchez Elkargiko presidentea, eta Zenón Vázquez zuzendari nagusia, gaur goizeko prentsaurrekoan | Argazkia: EnpresaBIDEA

"Egia da interes tasen igoeraren eta ezjakintasunaren ondorioz, agian eskaera gutxiago jasotzen ari garela finantzazioari dagokionez modu orokorrean. Baina espektatiba baikorrak ditugu bigarren seihilekorako". Hala azpimarratu du Zenón Vazquez Elkargiko zuzendari nagusiak elkarrekiko berme sozietateak Batzar Nagusiaren atarian eginiko prentsaurrekoan.

Momentuz, lehen seihilekoan 200 milioi eurotik gertuko eragiketak finantzatu ditu, industriak berriro ere pisu garrantzitsua hartu duelarik, eta beste 50 milioi finantzazio alternatiboan. Iazko zifrekin alderatuta, lehen seihilekoan azpitik mantendu dira, baina finantzazio horretan guztian inbertsioak hartzen duen portzentajea sei puntu igo da, eta zirkulantea %20an mantendu da. Edozein kasutan, bigarren seihilekoan finantzatutako eragiten zifra hori gainditzea espero du Elkargik, eta inbertsioak ere gora egitea. "Kostatuko zaigu iazko guztizko 455 milioi horietara iristea", aitortu du Vázquezek. Izan ere, inoiz baino emaitza hobeak lortu zituen iaz entitateak, bermatzen ari zen operazio eta arrisku finantzarioaren zenbatekoa 1.716 milioi euroan kokatu baitzen.

Bermeak eskaintzen dituen enpresa izatetik hub finantzarioaren rola izatera igarotzeko lanean daramatza zenbait urte Elkargik, "ez soilik krisi garaietako tresna" izan, baizik eta "finantza produktu berriak atera eta garatzeko" enpresen beharrak entzunda. Hala azpimarratu du Josu Sanchez presidenteak. Ildo horretatik lehen sei hilabeteetan aholkularitza finantzarioko 150 proiekturekin ixtea aurreikusi dute. "Zerbitzuak %60ko hazkundea izan du, iazko %54arekin erkatuta". Aholkularitza finantzarioa, fiskalitate zerbitzuak eta kudeaketa kontrola hartzen ditu horrek bere gain, eta gaitasunak garatu nahi dituzte ekintzailetzan, norbere kontura aritzen direnetan eta tamaina handiagoko enpresengana heltzeko asmoz. Horrekin batera, iaz hasi ziren lanean pizgarri fiskalen bitartezko finantzazioa lortzeko esparruan zerga oinarri negatiboetatik, kultura edo I+G eremuetan, esaterako.  "Finantzak enpresen erabakiguneetan izan behar dira", nabarmendu du Sanchezek.

Bazkideei dagokienez ere, hazten jarraitu dute. 2022ko ekitaldia 22.785 bazkidetan itxi bazuen, maiatzaren bukaerarako 22.889 kokatu zen zifra. "Eta guztira 4.500 proiektu baino gehiago ari gara aztertzen urtean", adierazi du Vázquezek

Enpresariak balioan jarri

Gaurko Batzarra Josu Sanchezen azkena izango da Elkargiko presidente gisa, hurrengo ezohiko administrazio kontseiluaren ondoren Lander Artechek ordezkatuko baitu. Esker hitzak izan ditu Sanchezek, eta plazaratu du "Landerrek Elkargi bere maila altuenean mantenduko" duela.

Enpresek "edozein lurraldeko hazkunde eta garapen ekonomiko, sozial eta gizatiarrerako" gako bezala duten rola nabarmendu nahi izan du, eta "enpresariek funtzio hori ikusgai egin eta balioan jarri behar dugu", eta Jaurlaritzak eta zehazki Lehendakariak horretan eginiko lana nabarmendu nahi izan du. Enpresarien rola askotan gutxiesten dela sentitzen duela ere adierazi du Sanchezek, batez ere zenbait autoritateren partetik, izen-abizenik jarri nahi izan ez badu ere. Bere ustez ariketa egin behar da argi azaltzeko enpresariak enpresa eta langileengatik "borrokatzeaz" gain, emaitzak lortzeko ere egiten duela gizartearen ongizatea hobetzeko asmoz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK