• FINANTZAK
  • EBZk ohartarazi du Irango gerrak "eragin handia" izango duela inflazioan

EBZk ohartarazi du Irango gerrak "eragin handia" izango duela inflazioan

Atzo eginiko bileran interes tasak %2an mantendu zituen finantza erakundeak. Analistek aurreikusten dute interes tasen igoera etorri daitekeela laster

Luis de Guindos eta Christine Lagarde, EBZko Gobernu Kontseiluko kideak | Argazkia: EBZ
Luis de Guindos eta Christine Lagarde, EBZko Gobernu Kontseiluko kideak | Argazkia: EBZ
2026eko martxoaren 20a - 10:59

Atzo eginiko bileran, EBZk erabaki zuen interes tasak bere horretan uztea, %2an. Azken sei bileretan ez ditu interesa tasak aldatu, eta atzokoan ere hala erabaki zuen. Aitzitik, finantza erakundeak aitortu du ziurgabetasuna “oso handia” dela, Ekialde Hurbilean lehertutako gerrak eragin duen energia prezioen igoera dela eta. Christine Lagarde erakundeko buruaren hitzetan, Irango gerrak "inpaktu handia" izango du inflazioan.

 

Finantza analistek eta merkatuek espero dute urtea amaitu aurretik EBZ tasak berriro igotzen hastea, petrolio eta gasaren prezioaren gorakadak ekarri dezakeen inflazioari aurre egiteko. Oraingoz Lagarde buru duen erakundeak ez du bere diru politika gogortu, baina energiaren garestitzea bilakatu da banku zentralaren kezka nagusia.

EBZren esanetan, oraindik goiz da moneta politika aldatzeko, eta zuhurtziaz jokatu beharra dago. Hala, interes tasak bere horretan uzteko erabakia aho batez hartu dute gobernu kontseiluko kideek.

 

Gauzak horrela, EBZk bere aurreikuspenak eguneratu ditu eta inflazioak gora egingo duela iritzi dio (eta horrek ekonomia hazkundea moteldu). Erakundearen neurketen arabera, inflazio-tasa, batez beste, %2,6koa izango da 2026an, aurretik egindako iragarpena %1,9koa zen. 2027an, berriz, %2 inflazioa aurreikusten du, abenduan aurreikusitakoa baino bi hamarren handiagoa.

Ekonomia hazkundeari dagokionez, EBZk uste du BPGa %0,9 handituko dela aurten abenduan aurreikusitakoa baino hiru hamarren gutxiago. %1,3koa 2027an, aurreko proiekzioaren %1,4aren azpitik eta %1,4koa 2028an (abenduan eginiko aurreikuspen bera).