Errenta finkoaren arrakasta letretatik haratago

Bankuek zor publikoan oinarritutako funtsak sortu dituzte, eta halako produktuetan harpidetutako diruak gora egin du 2023ko lehen hilabeteetan

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Euriborra eta prezioen etengabeko goranzko lasterketei aurre egiteko hainbat dira aurrezkiari etekina atera nahi diotenak. Historikoki aurreztaileen babesleku ziren epe finkorako gordailuek, baina, ez dute interes-tasen igoeraren erritmoa jarraitu, eta bezero askok estatuen zor publikoan inbertitu dituzte haien sosak. Hala, ilara luzeak ikusi ditugu Espainiako Bankuak Euskal Herrian duen bulegoaren aurrean, Bilbon, letrak erosteko. Jende oldea ikusita, aldez aurretik hitzorduak ematen hasi dira bankuaren langileak. Internet bidez letren enkantera jotzeko plataformak ere gainezka egin izan du.

Altxor letrak, ordea, ez dira arrakasta izan duen errenta finkoko produktu bakarra. Banku guztiek zor publikoan inbertitzeko inbertsio-funts ugari merkaturatu dituzte bezeroen altxor egarria asetzeko. Finantza erakundeek Europako estatuen zorra erosi eta aktibo horien mugaegunarekin bat datozen funtsak sortu dituzte. Horrela, fondo horietan inbertitzen duten bezeroek aldez aurretik dakite eskurako duten errentagarritasuna, inbertsioa epemugara arte mantenduta.

5.753 milioi euro hilabetean

Espainiar estatuan urtarriletik otsailera bitartean, funtsen kudeatzaileek 5.753 milioi euro bildu dituzte horrelako inbertsio-tresnetan. Inverco inbertsio funtsen alorreko elkarteak emandako datuek argi islatzen duten urte hasieran halako produktuen bilakaera ona. Funtsen merkatuak goranzko joera nabaria izan du azken bi urte hauetan, fondoen kudeatzaileek kudeatutako ondarea 319.800 milioi eurora helduta.

Hala ere, portaera negatiboa izan zuten 2022an, burtsa eta merkatuen hegazkortasunak eraginda, eta inbertitzaileek batez beste % 8,4 galdu zuten, inoizko emaitzarik kaskarrena. Banku zentral nagusiek moneta politikan egindako ziabogak merkatuak kaltetu zituen eta bezeroen kezka astindu.

Urtarrilean funtsek % 2,44ko errebalorizazioa izan zuten, batez beste. Igoera are handiagoa izan da nazioarteko burtsetan inbertitzen duten funtsetan

2023an, aldiz, aldaketa iritsi zen. Urtarrilean funtsek % 2,44ko errebalorizazioa izan zuten, batez beste. Igoera are handiagoa izan da nazioarteko burtsetan inbertitzen duten funtsetan, % 7ra helduz. Arrakasta interes-tasen igoeran datza. Otsailean, aldiz, portaera lauagoa izan dute.

%3ko errentagarritasuna

2022aren hasieran oraindik bizirik ziren etekin negatiboa ematen zuten zor publikoaren tituluak. Epemugak heldu ahala, jaulkipen berriak egin dituzte jaulkitzaileek, errentagarritasun handiagoak emanez. Espainiako Altxor Publikoaren jaulkipenek, esaterako, % 3ko langa gainditu dute.

Zor publikoan oinarritutako bankuen inbertsio-funtsen eskaintza horren isla izan da. Hala, %3 errentagarritasunera heltzen diren funtsak eskaintzen hasi dira bankuak, bezeroen eskaria piztuz.

Kutxabank RF Horizonte 18 funtsak 923 milioi euroko harpidetza garbiak izan ditu eta Laboral Kutxa Horizonte 2024 funtsak, ia 216 milioikoak

Caixabank Deuda Pública 2024 funtsak, esaterako, 2.000 milioi eurotik gorako harpidetza garbiak bildu ditu urtarrilean. Euskal Herriko finantza erakundeen produktuek ere arrakasta handia izan dute. Kutxabank RF Horizonte 18 funtsak 923 milioi euroko harpidetza garbiak izan ditu eta Laboral Kutxa Horizonte 2024 funtsak, ia 216 milioikoak.

Bankuentzat negozio

Halako produktuak negozio ezinhobea dira bankuentzat. Inbertsio-funts gisa zor publikoko zorroa osatzen dute (normalean Espainiako eta batzuetan Italiako bonuekin), eta kudeaketa eta gordailu komisioa kobratzen dute. Aktibo horiek, esaterako, UTBren % 2,9ko batez besteko errendimendua eskaintzen badute, bi urtera, erakundeek bere komisioa deskontatu (urteko % 0,4koa edo handiagoa) eta produktua merkaturatuko du, urteko % 2,5eko xede-errentagarritasuna eskainiz.

Funtsak ez dira bermatuak, baina estatuen zor publikoan oinarritutako aktiboak izanda, inbertsioa epemugara arte mantenduta errentagarritasun hori emango dute. Honelako tresnek ez die finantza erakundeei kudeaketa lan handirik eskatzen, erosi eta mantentzeko produktuak direlako.

Epemuga heldu aurretik bezeroak inbertsioa berreskuratu nahi badu merkatuaren gorabeherek baldintzatuko dute jasotakoa

Badira, halere, aintzat hartu beharreko beste zenbait faktore. Epemuga heldu aurretik bezeroak inbertsioa berreskuratu nahi badu merkatuaren gorabeherek baldintzatuko dute jasotakoa. Horrez gain, bankuek komisioak aplikatu ditzakete. Horrelako kasuetan hasieran inbertitutakoa baino gutxiago bildu lezake bezeroak.

Kutxabankek aste honetan merkaturatu du zor publikoko bere azken funtsa, Kutxabank RF Horizonte 19, Espainiako Errenta Finkoan inbertitzen duena. Funtsak % 2,02ko UTB errentagarritasuna du helburu, betiere “inbertsioa 18 hilabetez mantentzen bada”, epemuga 2024ko urriaren 31an izango delako. Finantza erakundeak adierazi bezala, bezeroek 2.015 milioi euro harpidetu dituzte 2022an zehar halako produktuetan.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK