EUR/USD/GBR/CNY

Aurreko astean euroak urteko maximoa markatu zuen dolarrekiko 1,1096 EUR/USDetan jarriz. Euro indizeak euroa eta nazioarteko bost dibisa nagusiekiko trukatze tasaren bataz bestekoa adierazten du. 2022ko abuztuaren bukaeran urteko zorua markatu ostean ordutik %17ko igoera izan du (apirilaren 25era arte)

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Euroguneko datu ekonomikoei erreparatuz, ikusten dugu 2023ko lehen hiruhileko Barne Produktu Gordinak (BPG) %0,1 egin zuela gora (%0,2 espero zen). 2022ko azken hiruhileko hazkundea negatiboa izan zela kontuan hartuz esan daiteke Europako ekonomiak atzeraldia saihestu duela. Hala ere, Alemaniako, txikizkako salmentak hondoratu egin ziren martxoan: hilabete guztian %2,4 eta %8,6 urte osoko tartean. Ez dirudi euroguneko ekonomia indartsuenak izan ditzakeen ahultasunak Europako Banku Zentraleko (EBZ) politika monetarioan eragina izango dutenik.

Euroguneko inflazio tasa %0,1 igo zen apirilean Eurostaten neurrien arabera elikagaien prezioen igoeraren ondorioz. PMI Manufakturatutako Erosketen Indizeak, industriaren balioak adierazten digutenak, martxoan behera egin zuten. Zerbitzuen PMI indizeak, ordea, gora egin zuen. Alegia, Europako ekonomiak zerbitzuei esker egiten du aurrera. Ekonomiaren bilakaeraren iragarle gisa erabiltzen dira biak.

Produkzio kosteek beherantz egin zuten bi hilabetez jarraian apirilean, baita energiaren kostuak ere. Hornitzaileen hornidura epeak hobetu egin ziren.

Txinaren hazkundeak ez du euroguneko esportazioetan nahi lukeen eragin positiborik izan. Txinako BPGa lehen hiruhilekoan %4,5 igo zen, %4 espero zenean. Txikizkako salmentak %10 igo ziren. Zerbitzuen hazkundeak gidatutako errebote horrek mundu mailako eskaera handitzeko aukera gutxiago ematen du, eta ez du zerikusirik 2003tik 2007ra Txinak gidatu zuen mundu mailako rallyarekin. Zerbitzuen sektorean gastatzeak mundu mailan duen eragina (eta Europako esportazioetan) ez da zerokoa, baina bai ahulagoa ondasunetan egindako gastuarena baino.

Euroa eta dolarra

Ameriketako Erreserba Federalak (FED) gogokoen duen inflazio datua PCE Personal Consumption Expenditures Price Indexa da. Datu hori lau asteko atzerapenaz argitaratzen da. Aurreko astekoak adierazten du AEBko inflazioak goranzko bidea utzi duela, baina beheranzko bidean urrats handirik eman gabe. Ibilbidearen norabidea egokia izanda, inflazioa ez da garaitu.

Langabezia-tasa handitzeak Erreserba Federalak bere politika murriztailean (hawkishean) atzera egiteko beste arrazoi bat izango litzateke edo langileen kostua jaitsiko balitz (orduko langileen irabaziak). inflazioaren gaineko presio ez da handitu, baina inflazioa oraindik altuegia da.

Deribatuen merkatuak konfiantza guztia du igoera hori izan dela Erreserba Federalak egin duen azken igoera. Swap merkatuek eurogunean EBZak bi igoera gehiago egingo dituela arreikusten dute

Deribatuen merkatuak konfiantza guztia du igoera hori izan dela Erreserba Federalak egin duen azken igoera. Swap merkatuek (deribatuen merkatuaren %80 suposatzen dutenak) eurogunean EBZak bi igoera gehiago egingo dituela arreikusten dute. Ustea da, politika monetario murriztailea beranduago hasi zuenez, beranduago jarriko diola bukaera. Erreserba Federalaren interes-tasen topea %5,25an jartzen dute, eta EBZren ostera %3,5 edo %3,75n topea egingo duela.

Zerbaitek eragina badu momentu honetan euro-dolar ganbio-tasan interes-tasen arteko diferentziala da, bi erreguladore nagusiek (FEDak eta EBZak) ezarritako politika monetarioaren ondorioz ezarritakoa. Bi grafiko hauetan ikusi daiteke bilakaeran parekotasuna.

euro dolar 1
Alemaniako bonuaren interesen eta AEBko bonuaren interesen arteko diferentzia da. AEBkoak azken 15 urteetan altuagoak Alemaniako zorrarena baino | Iturria:World Goverments Bond
euro dolar 2
EUR/USD ganbio-tasaren grafikoa | Iturria: Trading View

Bestalde, Japoneko Bankuko gobernadore berriak, Kezuo Uedak, yield curve edo epe luzerako interes-tasen kurbaren kontrola alde batera utzi eta aurreko gobernadorearen politika monetario espansiboa alde batera utziko zuelakoan zeuden merkatuak. Apirilean Yena suspertu egin zen aldaketa horren itxaropenaz, baina aurreko asteko Japoneko Bankuaren bileran politika berdinarekin jarraituko zuela erabaki zuten, nahiz eta Japoneko inflazio-tasa azken lau hamarkadetako altuena izan (%2). Yenak beherantz egin zuen, eta dibisen merkatuko traderek berriz ere apustua egiten ari dira Yenaren beheranzko joeraren alde.

DE-DOLARIZAZIOA

2023ko lehen hiruhilekoan de-dolarizazioa edo dolaren nagusitasuna galtzearen aldeko iritziak edo sinesmenak bolo-bolo ibili dira.

Dolarraren estatusa kolokan dago? Gertakari politiko batzuek uste hori sustatu dute. Halaber, Frantziako Emmanuel Makron eta Brasilgo Lula da Silva presidenteak Xi Jinpingekin batzartu ziren Txinan, eta Txinako presidente bera Vladimir Putin bisitatzera joan zen Moskura. Bai Txinak eta bai Brasilek euren arteko harreman komertzialak dolarretan egin beharrean euren moneta propioa erabiltzeko akordioa erdietsi zuten.

Mugimendu batek defendatzen du de-dolarizazio horrek lotura duela dolarraren balio galtzearekin edo debaluazioarekin, AEBko politika monetario kaxkarraren ondorioa dela

Mugimendu batek defendatzen du de-dolarizazio horrek lotura duela dolarraren balio galtzearekin edo debaluazioarekin, AEBko politika monetario kaxkarraren ondorioa dela. Azken hamabost urteetan, AEBen kapitala merkea eta eskuragarria izan dela diote, Japon eta Europan bezala, baina herrialde horietan kapitala merkea izanda ere ez dutela banketxeek erreztasun handiz dirua utzi eta AEBn kapitala xahutu izan dela. Finantzak ezbehar gehienak AEBn ematen ari dira; FTX, Gamestop, BB&B…. Hortik, AEBtik kanpo, dolarra alde batera uzteko nahiaren arrazoia.

Moneta indartsuen pribilegioak ez dira betirako. Horra hor aurreko mendeko zati handi batean mundu mailako erreserba dibisa izan zen libera esterlinaren adibidea. Baina prozesu horiek geldoak izaten dira. Nahiz eta dolarrak merkatuaren zati txiki bat galdu duen, lehiaketa honetan buru doa atzekoarekiko distantzia handiz. Britaniar libera berak ere txinako Yuanak baino transakzio gehiagotan parte hartzen du momentuz, grafikoan ikusi daitekeenez.

euro dolar 3
Iturria: Bloomberg

Dolarrak bere balioak jaitsi arren eta epe luzean beheranzko bidean jarraituko duen arren, oraindik azken mendean gehienetan izan dena baino indartsuagoa dago.

Informazio gehiago
Banku zentralen astea
Euroa eta dolarra: parekotasunaren bidean?
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK