Euriborra %4ra hurbildu da maiatzean, hipotekak hilean batez beste 270 euro garestituz

Adierazlearen hileko batez bestekoa %3,859ean kokatu da, 2008ko azaroaz geroztik izan den mailarik altuenean

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Euriborrak moteldu egin du bere hazkundea maiatzean, baina ez du goranzko bidea eten, %3,859an kokatu baita maiatzean, apirileko %3,76ko batez bestekoaren aurrean. 2008ko azaroaz geroztik izan den mailarik altuenean kokatu da, 2022ko maiatzetik ere hiru puntu eta erdi baino gehiagoan hazita, orduan %0,287an kokatu baitzen euriborra.

Hamabi hilabeterako euriborra da, hain zuzen ere, Espainiako hipoteka aldakor gehienen erreferentziazko indizea. Ondorioz, mailegua maiatzeko euriborrarekin berritu behar dutenek igoera nabarmena izango dute beren hileroko kuotetan. Esaterako, 150.000 euroren hipoteka zor dutenek, 25 urtean itzultzekoa eta %1eko tasarekin, hilean 855 euro ordaindu beharko dituzte, azken urtean baino 270 euro gehiago. Urtean 3.240 euro gehiago lirateke.

Hipotekaren kuota igoera horren ondorioz, jaitsi egin da sinatutako hipoteka kopurua. Martxoan %13 jaitsi ziren hipoteken sinadurak Hego Euskal Herrian, INE Espainiako estatistika erakundeak adierazitakoaren arabera, orotara 2.806 hipoteka sinatuta.

Ekainaren 15ean bilduko da berriro Europako Banku Zentrala, eta badirudi are gehiago garestituko duela diruaren prezioa. Ikusteko dago hurrengo interes tasen igoerak nola eragingo dien hipoteka aldakorrei.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK