Europako Banku Zentralak 1.627 milioi euroko galerak izan ditu, inoizko handienak

Interes tasen gastuak eragin du batez ere halako galera handia eta larrialdiko bere hornidura erabili behar izan du emaitza orekatzeko

Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea | Argazkia: Europa Press Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea | Argazkia: Europa Press

Europako Banku Zentralak (EBZ) 1.627 milioi euroko galera historikoak izan ditu 2022an, inoizko handienak. Hala ere, erakundeak jakinarazi du bere “irabazi garbia” zero eurokoa izan dela, finantza arriskuetarako hornidurako 1.627 milioi euro erabili dituelako kontabilitate-emaitza orekatzeko. Hornidura horiek EBZk urteetan eraiki dituen koltxoiak dira, halako larrialdi kasuetan erabiltzeko, eta %20 murriztu da aldi bakar batean. Ondorioz, hornidurak kontuan hartu gabe, ia bi hamarkadatan izan dituen lehen galerak lirateke Banku Zentralarentzat.

Kontraesana dirudien arren, EBZ berak tasen inguruan hartutako erabakiek eragin dituzte galera handiok. Hasieratik izan duen helburua prezioen egonkortasunari eustea da, ez etekinak sortzea. Duela egun batzuk adierazi zuten bezala, galera hori da inflazioa kontrolatzeko ordaindu beharreko "prezioa" eta jakinaren gainean ziren inflazioaren aurkako borrokak Banku Zentralaren emaitzak okertu zitzakeela denbora batez.  KPI urtarrilean %8,6koa izan zen eta, ondorioz, helburuen gainetik jarraitzen du.

Erakundeak jakitera eman duenez, azken emaitzak ikusita, Euroguneko estatuetako banku zentralei ez zaie mozkinik banatuko.

Gastu handiagoa interesetan

Zenbaki gorri horiek, beraz, Banku Zentralaren interesengatiko gastu handiagoaren ondorio dira (orain bere pasiboa ordaindu behar du, aurreko urteetako tasa negatiboen aldean), bankuek EBZn metatzen duten likidezia guztia (eta beste pasibo batzuk) ordaintzen hasi delako; aldiz, bonuak erosi ondoren balantzean mantentzen duen zorrak sortzen dituen interesak ez dira nahikoa izan kolpea arintzeko, dolar-zorroetako amortizazioetan izandako galerekin batera (interesak igotzen direnean, bonuen prezioak behera egiten du).

Hala ere, Europako Banku Zentralak 8.200 milioi euro baino gehiagoko hornidura zuen, urteetan eraikitzen joan dena, oraingoz kezkagarriak ez diren galera horiek konpentsatzeko.

Orain, EBZren koltxoiak %20ko beherakada izan du urte bakar batean, eta 6.556 milioi eurotan geratu da, iazko galerak estaltzeko 1.627 milioi liberatu ondoren. Koltxoi horrek 2022koen antzeko beste bost urteko galerei eusteko gaitasuna du, eta horrek jarduteko tarte handia ematen dio EBZri, birkapitalizatzeko Euroguneko gobernuetara jo beharrik izan gabe.

Azken aukera litzateke hori, eta martxan jarri beharko litzateke soilik EBZk urte gehiagoan galerak izaten jarraitzen badu. Hala ere, gobernuetara jo aurretik, eta hornidurez gain, beste tresna batzuk ere baditu galerak kontabilitatean estaltzeko.

Informazio gehiago
Interes-tasak beste 50 puntu igo ditu Europako Banku Zentralak, %3ra iritsi arte
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK