• FINANTZAK
  • Inbertsio batek benetan merezi duen ala ez jakiteko gida: VANa, TIRa eta diruaren denborazko balioa

Inbertsio batek benetan merezi duen ala ez jakiteko gida: VANa, TIRa eta diruaren denborazko balioa

Ekonomian ez da nahikoa gastatzen den diruari edo jasotzen den diruari begiratzea. Garrantzitsuena inbertsio batek benetan balioa sortzen duen ala ez jakitea da, eta horretarako sortu ziren VANa eta TIRa bezalako tresnak

Irudia: iStock
Irudia: iStock
arkaitz urdapilleta irazu
Emaus Gizarte fundazioako controller finantzarioa eta Ekonomisten Euskal Elkargoko Euskara Komunitateko ekonomialaria
2026ko ekainaren 15a - 08:30

Egunero hartzen ditugu erabaki ekonomikoak. Batzuk txikiak dira, edo gure egunerokotasunean sartzen dira, hala nola, non erosi, zein telefono aukeratu edo oporretarako zenbat gastatu. Beste batzuek, ordea, gure egoera ekonomikoan eragina edukiko dute urte askotan. Hori dela eta, erabaki garrantzitsuak dira, adibide bezala, etxebizitza bat erostea, etxea berritzea, eguzki plakak instalatzea, auto berri bat erostea edo prestakuntza batean dirua inbertitzea.

 

Inbertsioez ari gara, eta esan dezakegu erabaki horiek guztiak ezaugarri berdin batean oinarritzen direla: gaur dirua gastatzen dugu etorkizunean onura bat lortzeko asmoz. Inbertsioa zer den azaltzen duen definizio sinple bezala hartu dezakegu. Hala ere, gaiari buruz ari garenean, beti datorkigu galdera berdina burura: nola jakin dezakegu inbertsio batek benetan merezi duen ala ez? Ikus dezagun.

Nola jakin dezakegu inbertsio batek benetan merezi duen ala ez?

Hori jakiteko, gauza abstraktuetan oinarritzen gara eta ez datu objektiboetan. Askotan, erantzuna intuizioan bilatzen dugu. Beste batzuetan, saltzaile baten aholkuetan, lagunen iritzietan edo sare sozialetan irakurritako gomendioetan. Inbertsioa egin ala ez erabakitzea ez litzateke aipatutako aldagaien menpe egon beharko, baizik eta zer edo zer objektiboagoan. Hori posible dela erakusteko, ekonomian eta finantzetan badira tresna zehatzak inbertsio baten kalitatea neurtzeko.

 

Tresna horien artean garrantzitsuenak bi dira:

  • Balio Eguneratu Garbia (VAN)
  • Barne Errentagarritasun Tasa (TIR)

Kontzeptu horiek entzunak ditugu maiz enpresa handiek erabiltzen baitituzte milioika euroko erabakiak hartzeko. Hala ere, ekonomian dena estrapolatu daiteke, eta herritar arrunt batek ere erabil ditzake bere eguneroko bizitzako erabaki ekonomikoak hobeto aztertzeko.

Zer da benetan inbertsio bat?

Inbertsio hitza entzutean gehiengoari gauza berberak etortzen zaizkigu burura: akzioak, inbertsio funtsak, bonuak, kriptodirua eta horrelako gauzak. Inbertsio hitzak errealitatearen espektro handiago bat jorratzen du eta bere kontzeptua guk uste duguna baino askoz zabalagoa da. Errazago ikus dezakegu adibide batekin.

Demagun 8.000 euro gastatzen dituzula eguzki-plakak jartzeko edota 20.000 euro erabiltzen dituzula etxebizitza berritzeko, edo 2.000 euroko ikastaro espezializatu bat egiten duzula zure lan aukerak hobetzeko. Ematen du erabaki horiek guztiek ez dutela inongo erlaziorik, baina funtsean kasu guztietan gaurko diru kopuru bati uko egiten ari zara etorkizunean onura handiagoa lortzeko asmoz.

Inbertsio hitzak errealitatearen espektro handiago bat jorratzen du eta bere kontzeptua guk uste duguna baino askoz zabalagoa da

Funtsezko kontzeptu horrengatik denak inbertsio bezala tratatu ditzakegu. Ekonomiaren ikuspegitik, inbertsio ona izateko, inbertsio horrek etorkizunean sortzen dituen onurak gaur egiten den esfortzu ekonomikoa baino handiagoak izan beharko dute.

VANa eta TIRa ulertzen

Kontzeptu horiek ulertzeko, lehenik eta behin, oinarrizkoa zein garrantzitsua izango den ideia bat barneratu beharko dugu, eta hauxe da: euro batek gaur ez du etorkizunean izango duen balio bera. Ideia barneratzen joateko pentsa dezagun egoera honetan.

Bi aukera eskaintzen dizkizute: A aukera, 1.000 euro gaur bertan; edo B aukera 1.000 euro bost urte barru. Ia pertsona guztiek lehen aukera aukeratuko lukete, eta askok gainera, ez liokete erreparatuko erabaki horren zergatiari. Segur aski argudio nagusia litzateke hobe eskuan edukitzea ziurragoa delako. Objektibotasunetik begiratuta, azter dezagun erabaki sinple hau. Zergatik aukeratu beharko genuke lehen aukera?

Arrazoi nagusiak hiru dira.

  1. Lehen arrazoia, inbertitzeko aukera: gaur jasotzen dituzun 1.000 euroak gordailu batean, funts batean edo beste edozein aktibotan inberti ditzakezu. Horrek esan nahi du bost urte barru 1.000 euro baino gehiago izan ditzakezula.
  2. Bigarren arrazoia, inflazioa: urteak pasa ahala, prezioak igotzen dira. Duela hamar urte 1.000 eurorekin eros zitekeena gaur ezin da erosi. Horregatik, etorkizuneko diruak erosteko ahalmen txikiagoa izan ohi du.
  3. Hirugarren arrazoia, ziurgabetasuna: etorkizuna ez da inoiz guztiz segurua. Enpresa batek huts egin dezake, legeak aldatu daitezke eta noski, baita merkatuak ere. Horregatik, gaur dugun diruak etorkizuneko diruak baino balio handiagoa du. Printzipio horri deitzen zaio diruaren denborazko balioa.

Azken printzipio hori finantza berri guztien oinarria da. Printzipio horren nondik norakoak ulertu ondoren goazen gure bi erreminta berriak ezagutzera.

Zer da VANa?

VAN hitzak Balio Eguneratu Garbia esan nahi du. Bere esanahia teorikoki oso sinplea da, eta harekin lortuko dugun balioa ere oso erraz ulertzen da.

Azkenean inbertsio bat egin ala ez erabakitzeko funtsezkoa da jakitea inbertsio horrek zein balio sortuko duen. Horregatik, VANaren helburua da inbertsio batek zenbat balio sortzen duen kalkulatzea. Horretarako bi gauza alderatzen ditu, zehazki, hasieran gastatzen dugun dirua, eta etorkizunean jasoko ditugun onurak.

VANaren helburua da inbertsio batek zenbat balio sortzen duen kalkulatzea. Horretarako bi gauza alderatzen ditu, zehazki, hasieran gastatzen dugun dirua, eta etorkizunean jasoko ditugun onurak

Baina, bada funtsezko elementu bat. VANa kalkulatzeko etorkizuneko onura horiek gaur egungo baliora bihurtzen dira. Jar dezagun adibide bat.

Demagun 10.000 euroko inbertsioa egiten dugula. Hurrengo bost urteetan urtean 2.500 euro aurreztuko ditugula kalkulatzen dugu. Azalpen sinple batean, aurrezki horien batura 12.500 euro izango litzateke.

Diruak denboran zehar balioa galtzen du, eta horregatik etorkizuneko diru-fluxuak gaur egungo baliora ekarri behar dira

Lehen begiratuan, badirudi 2.500 euroko irabazia lortuko dugula (12.500 € – 10.000 € = 2.500 €). Hala ere, kalkulu hori sinpleegia da eta akats garrantzitsu bat du: ez du kontuan hartzen diruaren denborazko balioa. Izan ere, bost urte barruko 2.500 euro horiek ez dute gaurko 2.500 euroen balio bera. Diruak denboran zehar balioa galtzen du, eta horregatik etorkizuneko diru-fluxuak gaur egungo baliora ekarri behar dira. Prozesu horri eguneratzea edo deskontatzea deitzen zaio.

Behin etorkizuneko urte bakoitzeko aurrezkiak gaurko baliora ekarrita, lortzen den batura da inbertsioaren benetako balioa. Horri deitzen diogu Balio Eguneratu Garbia (VAN).

Matematikoki honela adierazten da:

VAN=t=1nCFt1+rt-I0

Non:

                  CFt = urte bakoitzeko diru-fluxua.

                  r = deskontu-tasa.

                  n = urte kopurua.

                  I₀ = hasierako inbertsioa.

Gure adibidean kalkuluak hauek izango lirateke:

VAN=t=1525001+rt-10000

Non r den deskontu-tasa (hau da, diruaren denborazko balioa edo errentagarritasuna adierazten duen ehunekoa).

Beraz, kontua ez da soilik etorkizunean zenbat diru jasoko dugun, baizik eta diru horrek gaur egun zenbat balio duen kalkulatzea. Horixe da VANaren indarra: erabaki ekonomikoak intuizioan oinarritu beharrean, gaurko balio errealetara ekartzea.

VANaren interpretazioa honela egiten da: 

  • VAN positiboa: inbertsioak balioa sortzen du.
  • VAN zero: inbertsioak ez du baliorik sortzen, ezta suntsitzen ere.
  • VAN negatiboa: inbertsioak ez du merezi ikuspegi ekonomikotik.

Enpresa askotan araua oso sinplea da: VAN positiboa duten proiektuak onartu eta VAN negatiboa dutenak baztertu.

Zer da TIRa?

TIR hitzak Barne Errentagarritasun Tasa esan nahi du. Hasieran konplexua badirudi ere, bere esanahia ideia bakar batean laburbiltzen da: inbertsio batek zenbateko errentagarritasuna ematen duen neurtzea.

Beste modu batean esanda, TIRak esaten digu zein errentagarritasun portzentaje lortzen ari garen gure diruarekin. Hori oso garrantzitsua da. Izan ere, inbertsio bat ona den ala ez ikusteko, ez da nahikoa zenbat diru irabaziko dugun jakitea; beharrezkoa da ezagutzea errentagarritasun hori beste alternatiba batzuekin alderatuta ona den ala ez.

TIRa ulertzeko modu erraz bat hau da: “Zenbateko interesarekin inbertituko beharko nuke diru hori, inbertsioarekin lortutako onura berbera lortzeko?”

Horregatik, TIRaren helburua da inbertsio batek sortzen duen errentagarritasun tasa kalkulatzea. Horretarako, TIRak gauza bat egiten du, etorkizuneko diru-fluxuen balio eguneratua eta hasierako inbertsioa berdintzen dituen interes tasa bilatzen du. Beste modu batean esanda, TIRa da VANa zero egiten duen tasa.

Lehengo adibide berberarekin jarraituz: demagun 10.000 euroko inbertsioa egiten dugula. Hurrengo bost urteetan urtean 2.500 euro aurreztuko ditugula kalkulatzen dugu. Kasu honetan, badakigu inbertsio horren VANa kalkulatuta positiboa izan daitekeela, baina galdera ezberdina da orain.

Zenbateko errentagarritasuna ari gara lortzen inbertsio horrekin? Horretarako TIRa kalkulatzen da, eta hori aurkitzeko baldintza hau betetzen duen tasa bilatzen da:

0=t=1525001+TIRt-10000

Hau da, TIRaren balioa aurkitzen denean, inbertsioaren etorkizuneko diru fluxuen gaur egungo balioa eta hasierako inbertsioa berdinak dira.

Nola interpretatzen da TIRa? Ehuneko moduan adierazten da, eta interpretazioa oso intuitiboa da:

  • TIR altua: inbertsio errentagarriagoa
  • TIR baxua: errentagarritasun txikiagoa
  • TIR merkatuaren edo alternatiben azpitik: ez da erakargarria

Adibidez:

  • Bankuko gordailua: %2
  • Bonuak: %4
  • Inbertsio bat: %8

Kasu honetan, %8ko TIRa duen proiektua erakargarriena izango litzateke, baldin eta arrisku maila antzekoa bada.

TIRa ulertzeko modu erraz bat hau da: “Zenbateko interesarekin inbertituko beharko nuke diru hori, inbertsioarekin lortutako onura berbera lortzeko?”. Horregatik esaten da TIRa dela inbertsio baten barneko interes-tasa erreala. TIRa bereziki erabilgarria da inbertsio desberdinak alderatzeko: eguzki-plakak vs auto elektrikoa, etxebizitza berritzea vs inbertsio finantzarioa, proiektu bat vs beste aukera alternatibo bat...

TIRak ez du bakarrik zenbakia ematen. Erabakiak alderatzeko tresna bat da eta beti VANarekin batera interpretatu behar da

Hala ere, garrantzitsua da ulertzea TIRak ez duela bakarrik zenbakia ematen. Erabakiak alderatzeko tresna bat da eta beti VANarekin batera interpretatu behar da.

Enpresa askok arau sinple bat erabiltzen dute:

  • TIR > behar den errentagarritasuna (kostu kapitala): proiektua onartu
  • TIR < behar den errentagarritasuna: proiektua baztertu

Inbertsioak aztertzerakoan, ikusi ditugun erremintez gain, gauza gehiago eduki behar dira kontuan. Horregatik, inbertsioak aztertzerakoan egiten diren akats ohikoenak ekiditea izan beharko litzateke azterketa honen beste helburuetako bat. Akats hauek dira ohikoenak: inflazioa ahaztea, diruaren denborazko balioa ez kontuan hartzea, hasierako kostuari soilik begiratzea, berreskuratze epea bakarrik aztertzea, arriskua gutxiestea...

Beti esan dugun moduan, ekonomiaren helburua ez da dirua gastatzea edo aurreztea soilik, baizik eta baliabide mugatuak ahalik eta modu adimentsuenean erabiltzea

Ondorioz, ekonomian ez da nahikoa gastatzen den diruari edo jasotzen den diruari begiratzea. Garrantzitsuena da jakitea inbertsio batek benetan balioa sortzen duen ala ez, eta horretarako sortu ziren VANa eta TIRa bezalako tresnak. Nahiz eta enpresa handiek erabiltzen dituzten elementuak izaten diren fabrikak eraikitzeko, makinak erosteko edo nazioarteko hedapenak aztertzeko, gure egunerokotasunean ere erabil ditzakegu, gure familia ekonomian eragina izango duten erabakiei aurre egiteko, hala nola, eguzki-plakak instalatu aurretik, etxebizitza berritu aurretik edo auto berri bat erosi aurretik.

Azken finean, beti esan dugun moduan, ekonomiaren helburua ez da dirua gastatzea edo aurreztea soilik, baizik eta baliabide mugatuak ahalik eta modu adimentsuenean erabiltzea. Eta horretarako, finantza tresna gutxi dira VANa eta TIRa bezain erabilgarriak.