Indartuz kapitala sozietate anonimo publikoa sortzeko baimena eman du gaur Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak. Finantzen Euskal Institutuak (FEI) sustatutako sozietate publiko hori funts estrategiko gisa arituko da, Euskadi Eraldatuz 2030 inbertsio planaren parte baitan. Tresna berriak, Finkatuz funtsarekin batera, Eusko Jaurlaritzak Euskal Finantza Aliantzaren esparruan hitzartutako 1.000 milioi euroen zati handi bat bideratuko du.
Indartuz sozietateak zeharka inbertituko du, kudeatzaile pribatuen bitartez, baina proiektuetan edo enpresetan zuzenean ere parte hartu ahal izango du. Helburu nagusi gisa izango du kapital publiko eta pribatua mobilizatzea, EAEko enpresa-sarearen hazkundea, lehiakortasuna eta errotzea bultzatuko duten inbertsioak bideratzeko. Hala, funts berriak fokua jarriko du finantzaketa malguan (normalean baino beranduago iraungiko direnak), enpresen hedapenean eta etorkizuneko azpiegiturei zein trantsizio sozialari buruzko programetan inbertitzean.
Indartuzek ez du berezko langilerik izango, kudeaketa guztia FEIko langileek egingo baitute. 2025erako, Eusko Jaurlaritzaren baliabide propioetatik etorritako 65 milioi euro izango ditu funtsak. Nöel D’Anjou Ogasun eta Finantzak sailburuak azaldu duenez, 2026ko aurrekontuak Euskadi Eraldatuz 2030 planera bideratutako 935 milioi euroko zorpetzea izango du, eta, hala, lehendakariak martxoan iragarritako 1.000 milioi euroko konpromisoa osatuko da.
"Funtsen funts" gisa definitu du D'Anjouk Indartuz, eta argitu du asmoa dela Jaurlaritzak jarritako euro bakoitzeko finantza erakunde pribatuek beste hiru jartzea. Funtsaren helburua izango da enpresak "eraldatzea"; Finkatuzen xedea, aldiz, enpresen "errotzea" bermatzea.
Hori guztia kontuan izanik, Euskadi Eraldatuz 2030 plana lau tresna publikoren bidez egituratuko da: Indartuz sozietatea, FEI bera, Finkatuz funtsa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Arrisku Kapitala. Azken horrek start-upetara eta garapen prozesuan dauden sektoreetara bideratutako bi funts berri kudeatuko ditu: Handituz eta EZTEn II.