
Aurreikusita zegoen bezala, laurden bat igo ditu gaur Europako Banku Zentralak (EBZ) interes-tasak. Hala, zortzigarrenez igo du diruaren prezioa 2022 udaz geroztik, eta tasa ofiziala %4ean ipini du. EBZren arabera, inflazioak behera egin badu ere, denbora luzez eutsiko dio maila altuan, eta Gobernu Kontseiluak irmo jarraitzen du epe ertainean inflazioa %2 ingurura jaisteko helburuarekin.
Hil honetako proiekzio makroekonomikoak kontuan hartuta, Eurosistemako adituek inflazio orokorra batez beste 5,4%koa izatea espero dute aurten. Datorren urtean berriz, prebisioa %3koa da eta 2025ean %2,2koa.
Era berean, gaur arte emandako tasen igoerak, ekonomian eta finantzaketa baldintzetan eragina izaten ari direla adierazi du EBZk. Hain zuzen ere, finantza kostuek nabarmen egin dute gora eta honek maileguen hazkundea motelarazi du. Edonola ere, finantzaketa baldintzak gogortu edo zailtzea da inflazioak beherantz jarrai dezan EBZk aurreikusitako estrategia, eta honela, %2ra iristea, izan ere, eskaria pixkanaka murriztea espero dute.
Halaber, EBZk jakinarazi duenez, etorkizuneko Gobernu Kontseiluaren erabakiek EBZren interes ofizialak maila “aski murriztailean” finkatzea bermatuko dute, betiere inflazioaren beherazko joera behartzeko. Horren harira, uztailean interes-tasak berriz igotzea litekeena dela adierazi du Christine Lagarde EBZko presidenteak.