Kriptodiruaz kontatu ez digutena

Kriptotxanponen berritasuna transakzioak antolatzeko eta koordinatzeko moduan dago, aginte zentral baten menpe egon gabe

Ez dugu ahaztu behar dirua ez dela berez aberastasuna | Argazkia: iStock
Ez dugu ahaztu behar dirua ez dela berez aberastasuna | Argazkia: iStock
Alex Lopez eta Unai Gaztelu, Ekhilurreko kideak
2026ko ekainaren 11 - 05:30
Eg. 2026ko ekainaren 11 - 10:38

Zaila da egungo ekonomiaren finantzarizazio-maila ulertzea diruaren digitalizazioa kontuan hartu gabe. Globalizazio ekonomikoa eta diruak sare digitalen bidez ia marruskadurarik gabe mugitzeko duen gaitasuna eskutik joan dira. Dirua mugitzea zenbat eta errazagoa izan, orduan eta errazagoa da jarduera ekonomikoa mundu mailan antolatzea.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Ez dugu ahaztu behar dirua ez dela berez aberastasuna. Aberastasuna dira gizarteak sortu ditzakeen ondasunak, zerbitzuak, ezagutzak, energia eta baliabideak. Nolabait adierazteko, dirua aberastasun horren zati bat eskuratzeko lortzen den eskubidea litzateke.

Eta eginkizun hori funtsezkoa da, diruak ez baititu soilik trukeak errazten: jarduera ekonomikoa ere koordinatzen du. Dirua non dabilen, han pilatzen dira baliabideak, inbertsioak eta ahaleginak. Koordinazio-gaitasun hori berriro agertuko da geroago teknologia kriptoen atalean.

 

Diru digitalaren kategoriak

Diru digitalari buruz hitz egiten dugunean, hiru kategoria nagusi bereiz ditzakegu. Lehena, kontu korronteetako saldo digitalak dira, gure banku-kontu tradizionaletan agertzen den dirua. Diru mota erabiliena da. Teknikoki banku-depositoak dira eta ez legezko dirua, baina eurotan izendatuta daude eta zergak ordaintzeko onartzen dira.

Diru elektronikoa, berriz, legezko diruan babestutakoaren adierazpen digitala da. Normalean diru elektronikoko kontuetan gordetzen da, eta kontu horiek ez dira banku-kontu arruntak. Txartel monederoetan, garraio-txarteletan eta antzeko sistemetan erabiltzen den diru mota da.

Ez dugu ahaztu behar dirua ez dela berez aberastasuna. Nolabait adierazteko, dirua aberastasunaren zati bat eskuratzeko lortzen den eskubidea litzateke

Azkenik, kriptodirua dago, oro har protokolo kriptografikoak erabiltzen dituzten diru-sistemak. Horiek ahalbidetzen dute dirua jaulki eta transakzioak balioztatzea, banku-azpiegitura tradizionalera jotzeko beharrik gabe.

Azken horren barruan, hiru azpikategoria bereizten dira:

  1. Kriptotxanponak: modu pribatuan jaulkitako monetak dira, banku-erregulazio zuzenik gabe. Haien balioa eskaintzaren eta eskariaren araberakoa izan ohi da, eta horregatik askotan espekulazio-prozesu handien menpe egoten dira. Erreferentzia nagusia Bitcoin da. Herrialde gehienetan ez da legezko dirutzat hartzen, baina estatu batzuek haren erabilera baimendu dute esparru publiko jakin batzuetan.
  2. Stablecoinak edo moneta egonkorrak: dolarrarekin edo euroarekin lotutako balio egonkorra mantentzeko diseinatutako kriptomonetak dira. Ez dira legezko dirua eta ez dute zergak ordaintzeko balio, baina kripto-ekosistemaren barruan jarduteko aukera ematen dute, beste kriptomoneta askoren prezio-aldakortasun handia saihestuz.
  3. Banku Zentralen Moneta Digitalak (CBDC): banku zentralek zuzenean jaulkitako diruaren bertsio digitalak dira. Diru fisikoaren baliokide elektroniko gisa pentsatuta daude, eta moneta-agintaritzaren babesa dutenez, zergak ordaintzeko erabil litezke. Gaur egun herrialde askotan proiektu pilotuak daude martxan, baina oraindik ez dago erabilera orokorturik. Neurri batean, banku zentralean zuzenean kontu bat edukitzearen parekoa izango litzateke. Gaur egun aukera hori finantza-erakundeen esku dago ia erabat.

Kriptotxanponen benetako potentziala non da?

Orain arte kriptotxanponei buruz hitz egin dugu batez ere diru digitalaz aritu garenean. Hala ere, haien benetako potentziala ulertzeko —bertan nagusi den finantza-espekulaziotik haratago—, komeni da beste diru-sistema digitaletatik bereizten dituzten ezaugarrietan arreta jartzea.

Kriptomoneten berritasun nagusia ez da txanpon edo moneta digitalak existitzea. Hori lehendik ere gertatzen zen banku-kontuekin edo diru elektronikoarekin. Berritasuna transakzioak antolatzeko eta koordinatzeko moduan dago, aginte zentral baten menpe egon gabe.

Haien ezaugarri garrantzitsuenetako bat da kode irekia. Printzipio horretatik dator kultura kriptoan oso errotuta dagoen ideia bat: "Ez fidatu, egiaztatu" (Don't trust, verify). Ez da beharrezkoa erakunde batean konfiantza jartzea, ezagutza egokiak dituen edozein pertsonak sistema gobernatzen duen kodea aztertu eta ikuskatu baitezake.

Blockchain teknologien alderdirik interesgarrienetako bat da erabiltzaileen kontrol handiagoaren pean egongo diren azpiegiturak eraikitzeko aukeran

Software librearen edo parekoen arteko berrikuspen zientifikoaren antzeko logika da: gardentasunak, akatsak, gehiegikeriak edo manipulazioak errazago detektatzea ahalbidetzen du. Horrek kontraste nabarmena du ohiko finantza-sistemarekin; izan ere, dirua sortzeko eta kudeatzeko erabiltzen diren oinarrizko mekanismoetako asko zailak dira ulertzen, baita erabiltzaile gehienentzat ere.

Beste ezaugarri nagusi bat da aldagaitza izatea. Transakzio bat blockchain edo bloke-katean erregistratzen denean, oso zaila bihurtzen da hura aldatzea edo ezabatzea. Horri esker, erregistro iraunkor eta egiaztagarriak eraiki daitezke, haiek zaintzen dituen erakunde batez fidatzeko beharrik gabe.

Horri gehitzen zaio peer-to-peer edo berdinen arteko izaera. Transakzioak zuzenean egin daitezke parte-hartzaileen artean, eragiketak baimendu, atzeratu edo blokeatuko dituzten bitartekaririk gabe. Nolabait, eskudiruak dituen ezaugarri batzuk berreskuratzen dituzte, baina ingurune global eta digital batera egokituta.

Komunitate batek bere energia-sarea edo telekomunikazio-sarea kudeatzeko asmoa izan dezakeen bezala, finantza-azpiegitura propioak ere izan ditzake, haien gaineko kontrol handiagoa lortzeko

Ezaugarri hori gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari den ideia batekin lotuta dago: inork itxi edo bereganatu ezin dituen azpiegiturak sortzea. Batzuek unenclosable carriers deitzen diete botere politikoa edo ekonomikoa nork duen kontuan hartu gabe irekita mantentzeko diseinatutako azpiegiturei.

Internet neurri handi batean izpiritu horrekin sortu zen. Hala ere, denborarekin jarduera digitalaren zati handi bat sarbidea kontrolatzen duten plataforma pribatuetan kontzentratu da. Blockchain sareek azpiegitura komun horren zati bat berreskuratu nahi dute, oinarrizko funtzio batzuk erakunde jakin baten menpe egon gabe existitzen jarrai daitezen ahalbidetuz.

Horrek zuzenean lotzen du erabiltzaileen burujabetzaren gaiarekin. Komunitate batek bere energia-sarea edo telekomunikazio-sarea kudeatzeko asmoa izan dezakeen bezala, finantza-azpiegitura propioak ere izan ditzake, haien gaineko kontrol handiagoa lortzeko.

Beste alderdi garrantzitsu bat pribatutasuna da. Gure jarduera digitalaren zati handi bat erregistratu, aztertu eta monetizatzen den garai honetan, teknologia kriptografiko batzuek eragiketa jakin batzuk egiteko partekatu behar den informazio pertsonalaren kopurua murriztea ahalbidetzen dute.

Helburua ez da dena ezkutatzea, baizik eta pertsonei erabakitzeko gaitasun handiagoa ematea: zer informazio eman nahi duten, nori eta zein baldintzatan. Horren adibide dira ezagutza zeroko frogak (zero-knowledge proofs), baieztapen bat egiazkoa dela frogatzeko aukera ematen dutenak, haren atzean dagoen informazioa azaltzeko beharrik gabe.

Finantza-zentsura eta ordainketa-kanal jakin batzuei ezarritako mugak ez dira hipotesi teorikoak, hainbat aldiz gertatutako egoerak baizik

Printzipio horiek guztiek abstraktuak dirudite, baina ondorio oso zehatzak dituzte. Finantza-zentsura eta ordainketa-kanal jakin batzuei ezarritako mugak ez dira hipotesi teorikoak, hainbat aldiz gertatutako egoerak baizik.

2010ean, adibidez, Visa, MasterCard eta PayPal enpresek modu koordinatuan blokeatu zituzten WikiLeakserako dohaintza-kanalak, hainbat dokumentu konfidentzial argitaratu ondoren. Gerora, PayPalek Sci-Hub plataformaren finantzaketa-bideak ere eten zituen, plataforma horren helburua argitalpen zientifikoetarako sarbide irekia erraztea bada ere.

Urte batzuk geroago, GoFundMe plataformak bertan behera utzi zituen Kanadako Freedom Convoy mugimenduarekin lotutako diru-bilketa kanpainak. Bestalde, Gaza bezalako testuinguruetan, ohiko banku-sistemaren murrizketek kriptomonetak bihurtu dituzte zenbait unetan kanpotik laguntza ekonomikoa jasotzeko eskuragarri dauden bide bakanetako batean.

Gaza bezalako testuinguruetan, ohiko banku-sistemaren murrizketek kriptomonetak bihurtu dituzte zenbait unetan kanpotik laguntza ekonomikoa jasotzeko eskuragarri dauden bide bakanetako batean

Kasu horiei buruz bakoitzak izan dezakeen iritziaz harago, guztiek galdera bera planteatzen dute: nork du erabakitzeko ahalmena zein transakzio egin daitezkeen eta zein ez?

Hain zuzen ere, hor dago blockchain teknologien alderdirik interesgarrienetako bat. Ez hainbeste finantza-espekulaziorako forma berriak sortzeko gaitasunean, baizik eta balioa koordinatu eta transferitzeko azpiegitura irekiagoak, zentsurarekiko erresistenteagoak eta erabiltzaileen kontrol handiagoaren pean egongo direnak eraikitzeko aukeran.

Nola lagun diezaiekete teknologia kriptoek kooperatibei?

Joshua Davilaren Why the Cooperative Movement Should Care About Crypto Still artikulua oinarri hartzen badugu, alderdi askotan, gaur egungo kriptomonetak ez datoz bereziki bat kooperatibismoaren balioekin. Izan ere, egungo kripto-ekosistemaren zati handi bat logika espekulatiboek gidatzen dute, eta zenbait kasutan jokoaren antzeko jokabideak sortzen dituzte.

Horregatik, galdera ez da kooperatibek kriptomonetak bere horretan hartu behar dituzten ala ez, baizik eta teknologia horietako batzuek hamarkadetan kooperatibek arrastaka daramatzaten arazo batzuk konpontzen lagun dezaketen.

Blockchain teknologia koordinazio-azpiegitura gisa uler daiteke. Elkar ezagutzen ez duten edo geografikoki sakabanatuta dauden pertsonek arau partekatuen arabera elkarlanean jardutea ahalbidetzen du, aginte zentral baten beharrik gabe.

Blockchainak ez du etorkizun kooperatiboago bat bermatzen, baina litekeena da hori erraztea hasieratik printzipio kooperatiboetan oinarrituta diseinatzen bada

Kooperatibek erakutsi dute tresna eraginkorrak direla desberdintasunak murrizteko, jabetza modu bidezkoagoan banatzeko eta krisien aurrean erakunde erresilienteagoak sortzeko.

Hala ere, beti izan dute erronka nagusi bat: eskala. Erakundeak handitzen diren heinean, gobernantza konplexuago bihurtzen da, parte-hartzea gutxitu egiten da eta erabakiak hartzeko prozesuak moteldu egiten dira. Batzuetan, gainditu nahi zituzten dinamikak beraiek erreproduzitzen ere amaitzen dute.

Blockchain teknologiek hainbat tresna interesgarri eskain ditzakete:

  1. Funts partekatuak arau argiekin: baliabide ekonomikoak modu gardenean kudeatzeko aukera ematen dute, parte-hartzaile guztiek ezagutzen dituzten eta adostasunik gabe aldatzea zaila den arauen bidez.
  2. Parte-hartze eta kudeaketa errazagoa: bozketak, proposamenak eta administrazio-prozesu batzuk neurri batean automatizatu daitezke, kudeaketa-kostuak murriztuz eta urrun dauden pertsonen parte-hartzea erraztuz.
  3. Jabetza ordezkatzeko modu berriak: kooperatibako kide izatea, parte-hartzea edo eskubide jakin batzuk islatzen dituzten sistema digitalak sor daitezke, "pertsona bat, boto bat" bezalako printzipioak txertatuz.
  4. Lankidetza globala: hainbat herrialdetako kooperatibek eta pertsonek azpiegitura komun baten bidez elkarlanean jardun dezakete, harreman guztiak gainbegiratuko dituen aginte zentralik gabe.

Duela urte batzuk, Erakunde Autonomo Deszentralizatuek (DAO) blockchainen oinarritutako erakunde demokratikoen belaunaldi berri bat sortuko zutela agindu zuten. Hala ere, gehienek ez zituzten hasierako itxaropenak bete.

Akats nagusien artean honako hauek nabarmendu ziren:

  • Jabetza eta inbertsioa nahastea.

  • Gobernantza-sistema konplexuegiak diseinatzea.

  • Mugimendu kooperatiboak metatutako esperientzia baztertzea.

  • Ekonomia errealarekin lotura eskasa izatea.

Teknologiak berez ez ditu antolakuntza-arazoak konpontzen. Hala ere, finantzaketa, koordinazioa eta parte-hartzea bezalako erronka historikoei aurre egiteko tresna berriak eskain ditzake.

Blockchainak ez du etorkizun kooperatiboago bat bermatzen, baina litekeena da hori erraztea hasieratik printzipio kooperatiboetan oinarrituta diseinatzen bada. Modu egokian erabilita, kooperatibek hobeto koordinatzeko, finantzatzeko eta eskala handian elkarlanean aritzeko balio dezake, haien balioei uko egin gabe.

Artikulu honek Izarkom Eskolan jorratuko den hurrengo gaia du oinarri, eta eskola hori emango duen Alex Lopez eta Unai Gaztelu Ekhilurreko kideek idatzi dute, bigarren hau Bread coopeko kidea ere bada. Artikulua EnpresaBIDEAren eta Izarkomen arteko lankidetzaren emaitza da. 

Ekhilur kooperatibari dagokionez, ordainketa digitaleko teknologiak komunitate baten zerbitzura jar daitezkeela erakusten duen adibidea da. Herritarren jabetzako ordainketa-azpiegitura bat da, modu kooperatiboan kudeatua eta Visa edo Bizum bezalako sareetatik kanpo eraikia. Lau urteren buruan, eskala esanguratsua lortu du Hernanin, 1.400 erabiltzailerekin; 130 profesional baino gehiago atxiki dira, eta 400.000 eragiketa inguru egin dira ia 10 milioi euro mugituaz herriko dendetan. Ordainketak errazteaz gain, Ekhilurrek aukera ematen du tokiko merkataritza indartzeko, baliabideak ekonomiaren elkarte eta sektore estrategikoetara bideratzeko, eta funtsezko zerbitzuak integratzeko, hala nola energia, telekomunikazioak edo, laster, Udalari egin beharreko ordainketak. Diruaren ezaugarri jakin batzuk programatzeko duen gaitasunak aukera berriak ematen ditu jarduera ekonomikoa helburu kolektiboetara bideratzeko. Proiektua Euskal Herritik kanpo pizten ari den interesak, Amsterdameko MokumPay eta antzeko ekimenak inspiratzen dituenak, erakusten du, gainera, mota horretako azpiegiturak tresna garrantzitsu bihur daitezkeela lurraldeen subiranotasun ekonomikoa indartzeko.

Bread Cooperative, berriz, nazioarteko kooperatiba bat da, blockchain teknologietan oinarritutako finantza- eta gobernantza-azpiegiturak ikertu eta garatzen dituena. Bere helburua komunitateei ordainketa, finantzaketa eta antolaketa demokratikorako tresna irekiagoak eskaintzea da, ekonomia kooperatiboa eta ondasun komuna indartzeko.