Kutxabank Eco Finance programak "enpresa-inbertsio jasangarriak" bultzatuko ditu

Kutxabankek, Adegi, Cebek eta SEA erakundeekin bultzatutako ekimena da; guztira 2.000 milioi bideratuko dira, eta hitzarmena urte betez egongo da indarrean

Pascal Gomez, Eduardo Junkera, Eduardo Ruiz de Gordejuela eta Carolina Perez Toledo gaurko agerraldian | Argazkia: Kutxabank Pascal Gomez, Eduardo Junkera, Eduardo Ruiz de Gordejuela eta Carolina Perez Toledo gaurko agerraldian | Argazkia: Kutxabank

Kutxabank Eco Finance programak euskal enpresen hazkunde jasangarria bultzatuko du. Kutxabankek, Adegi, Cebek eta SEA erakundeek parte hartzen duten egitasmoaren xede nagusia izango da ingurumen-inpaktu negatiboa minimizatuko duten jarduerak egitea, eraginkortasun energetikoa hobetzea, karbono-aztarna murriztea eta hazkunde jasangarri eta integratzailea garatzea.

Horretarako, 2.000 milioi euroko finantzaketa-lerroa sortu dute. Hitzarmen honek lehentasunezko baldintzak eta irekiera komisiorik gabe ezartzen ditu ingurumen-inpaktu positiboa dakarten ekimenak finantzatzeko, bai leasing-eragiketetan, eta baita ere mailegu-eragiketetan.

Ekimen honekin, enpresa-jarduera Garapen Jasangarrirako Helburuetara eta Nazio Batuen Banka Arduratsuaren Printzipioetara egokitzen dela adierazi du finantza erakundeak. Hala, gaur sinatutako hitzarmena 2025eko martxora arte egongo da indarrean.

Ekitaldian izan dira Eduardo Ruiz de Gordejuela finantza-erakundeko kontseilari delegatua, Eduardo Junkera, Adegiren ordezkari gisa, Carolina Pérez Toledo, Cebeken ordezkari nagusi gisa, eta Pascal Gómez, SEA-Arabako Enpresarien izenean.

Honela, Ruiz de Gordejuelak erakundeak jasangarritasunarekin duen konpromiso historikoa azpimarratu du: “Ingurumenarekiko konpromisoa gure DNAren parte da. Horregatik, Euskadiko enpresa-sarearen funtsezko aliatua izan nahi dugu gure inguruko karbono-aztarna minimizatzeko eginkizunean”.

Junkera ere jasangarritasunaren inguruan mintzatu da: “Garrantzitsua iruditzen zaigu abian jarri dugun finantzaketa-lerro hau, euskal enpresen hazkunde jasangarria eta ingurumen jardueretara bideratutako enpresa-inbertsioak bultzatzen jarraituko baitu Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat etorriz”.

Pérez Toledok finantzaketa-lerro honen asmo nagusia esplikatu du: “Finantza-tresnak eta bestelako tresnak eman nahi dizkiegu enpresei, modu jasangarrian garatu daitezen. Hori Bizkaiko Enpresarien Konfederazioaren lehentasuna da, eta lurraldearekiko eta haren garapenarekiko konpromisoa nabarmentzen duen estrategiaren parte da”.

Bukatzeko, SEAko presidenteak ere hitz egin du agerraldian, eta pozik agertu da sinatutako hitzarmenaren ondoren. Adierazi du Kutxabanken eta euskal enpresen artean lankidetza “estua” erakusten duela akordioak, eta bereziki ingurumen-alderdietan jarri du fokua, SEArentzat “funtsezko” atala dela esanez.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK