Kutxabankek 176,7 milioi euroren irabaziak izan ditu 2026ko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko epe berean baino %18,7 gehiago. Finantza erakundeak ohar bidez azaldu duenez, “merkataritza-dinamismo handiak eta hazkunde eta dibertsifikaziorako ekimen estrategiko nagusien errendimendu sendoak” eragin du hazkundea.
Bankuaren negozio nagusien diru-sarrerak 462,9 milioi eurokoak izan dira, iazko epe berean baino zertxobait apalagoak (%2,3), “interes-tasen kurbak interes-marjinan izandako eraginaren ondorioz”. Aitzitik, bankuak azaldu du zerbitzu eta aseguruengatik lortutako diru-sarreren ekarpen gero eta handiagoak orekatu duela emaitza. Gauzak horrela, %8,2 handitu ziren ondare-kudeaketagatik (balantzetik kanpoko baliabideak: inbertsio-fondoak, zorro delegatuak eta aurreikuspena) eta %11,1 aseguruengatik erdietsitako diru-sarrerak.
2026ko lehen hiruhilekoan, Kutxabankek emandako hipoteka berrien finantzazioa %11,8 handitu zen. Horrekin batera, kontsumorako maileguen finantzazioa %27,3 hazi zen, 252 milioi euroraino.
Urtarriletik martxora bitartean, finantza erakundearen negozio-bolumena (kredituak, gordailuak eta balantzetik kanpoko baliabideak) %9 hazi zen 2025eko aldi beraren aldean, 149.453 milioi euroraino.
Diru-sarreren %79 (460,5 milioi euro) soldatetara, hornitzaileei egindako erosketetara, zerga-ordainketan eta dibidendu sozialera bideratu zuen Kutxabankek. Era berean, emaitza garbiaren %70 (124 milioi) fundazioko akziodunei banatuko zaie.