2026ko lehen seihilekoan 405,5 milioi euro irabazi ditu Kutxabankek, iazko epe berean baino %22 gehiago. Finantza erakundeak azaldu du “bere negozioaren sendotasunagatik eta lerro estrategiko nagusien errendimenduagatik” handitu duela emaitza. Izan ere, urtarriletik ekainera bitartean, bankuak gora egin du kreditu-zorroan (%8,4) eta bezeroen baliabideetan ―gordailuak eta balantzetik kanpoko baliabideak (%10,6)―, eta negozio-bolumena %9,9 hazi da urte batetik bestera, 155.395 milioi euroraino.
Bankuaren ‘core’ jardueraren sarrerak egonkor mantendu dira, 938,3 milioira iritsita (%0,4), eta interes-marjinak 575,4 milioi eurokoak izan dira, iazko epe berean baino %5,4 gutxiago.
Kutxabankek azaldu du bere diru-sarreren %86 “gizartera itzuli” duela, soldata, hornitzaileei eginiko erosketa, zergen ordainketa eta gizarte-dibidenduetan. Gauzak horrela, bankuaren Akziodunen Batzarrak erabaki du 202,7 milioi euroko dibidendua banatzea bere akziodunen artean, lehen seihilekoko emaitza garbiaren %50.
Finantzaketa berriari dagokionez, Kutxabankek 2.233 milioi euro (-% 2,1) eman dizkie partikularrei eta familiei, etxebizitza erosteko. Halaber, soluzio digital gero eta gehiago izateak online-kudeaketa bultzatu bankuaren txikizkako negozioan: bezeroen %70 inguru aktibo daude banka digitalean, eta salmenten %68 baino gehiago kanal askotan egin dira dagoeneko. Lehen seihilekoan, hipoteken %98 kanal digitalen bidez kudeatu dira uneren batean, kontsumorako kredituaren %92 eta aurreikuspen-produktuen %74.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta