Kutxabankek 330,5 milioi euroko irabaziak lortu ditu, ia %53 gehiago

Irabazi horien %60 banatuko die bere hiru akziodunei

Anton Arriola Kutxabankeko presidentea 2022ko emaitzen aurkezpenean | Argazkia: Kutxabank Anton Arriola Kutxabankeko presidentea 2022ko emaitzen aurkezpenean | Argazkia: Kutxabank

Kutxabankek 330,5 milioi euroko etekin garbia izan du 2022an, aurreko urtean baino %52,7 handiagoa. Hala ere, oraindik ez da pandemiaren aurreko irabazietara iritsi, 2019an irabazitakoa baino 21,6 milioi euro gutxiago lortu baititu. Ogasunari egindako ekarpena, berriz, 430 milioi eurotik gorakoa izan da, eta horri gehitu diote 2023an banketxeek ordaindu beharreko ezohiko zerga berria.

Kutxabankek jakitera eman duenez, 322,7 milioi euro jaso dituzte banketxe akziodunen fundazioek (BBK, Kutxa eta Vital), eta irabazien %60, 198,3 milioi euro, hiru akziodunen artean banatzea adostu du Kutxabankeko Administrazio Kontseiluak.

Taldeko balantzearen aurkezpenean, 2022ko gertaerei aurre egiteko Kutxabankek erakutsitako gaitasuna azpimarratu du Anton Arriola presidenteak. “Gerrak erabat aldatu zituen pasaden urteko aurreikuspen ekonomikoak, eta inflazio altuak erabat baldintzatu ditu. Horrek hazkunde ekonomikoa moteldu du, baina aurre egiteko gaitasuna erakutsi dugu”, azaldu du.

Izan ere, beste banku guztien emaitzen hobekuntzan bezalaxe, Kutxabanken emaitzetan ere zerikusia izan du Europako Banku Zentralak interesak igo izanak. Interes marjinalak hazkunde oso txikiak izan ditu azken urteetan, baina 2022an egoera guztiz aldatu da, eta 640,7 milioi euroko irabazia eman dio Kutxabanki, %14,6 handiagoa.  Hala ere, interes marjina 2012koa baino %30 txikiagoa izan da.

Aseguruetan ere igo egin dira Kutxabanken mozkinak, 150,3 milioi euroko irabaziak izan baititu atal honetan, %11,1 gehiago.

Arriolak “zenbaki onak” direla jakinarazi duen arren, zuzendaritzaren eta langileen arteko harremanak gaiztotuta daude. Ostiralean sindikatu guztiek grebara deitu zituzten langileak eta jarraipen zabala izan zuen, bulegoen %90 itxita.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK