Laboral Kutxak hipotekekin laguntzeko neurriak eskaini dizkie familiei

Kuotak izozteko, mailegua luzatzeko edo tasa aldakorretik finkora aldatzeko aukera emango du

Laboral Kutxaren egoitza, Donostiako Askatasunaren hiribidean | Argazkia: EnpresaBIDEA Laboral Kutxaren egoitza, Donostiako Askatasunaren hiribidean | Argazkia: EnpresaBIDEA

Laboral Kutxak Euriborraren etengabeko igoeraren ondorioz hipotekak ordaintzeko arazoak dituzten familiei erraztasunak eskainiko dizkie, kuoten ordainketa eta etxeko gastu arruntak arintzeko. “Familien presioa datozen hilabeteetan areagotu egingo da eta, aurreikuspenen arabera, hipoteka eremutik haratago zabalduko da”, jakinarazi du bankuak. Hori horrela, aukera ezberdinak emango dizkie hipoteken kuotak eta etxeko gastu arruntak ordaintzeko.  

60.000 eurorainoko errentak dituzten familietara zabaldu du babes-perimetroa, hurrengo kuotak arintzeko neurriak izan ditzaten. Batetik, interesik gabeko mailegu bat eskainiko die, hamabi hilabetekoa, eta horren bidez hipoteka kuota murriztu ahal izango dute edo gehieneko muga jarri. Bestetik, aukera emango die sei hilabetez maileguaren kapitala ez itzultzeko. Tarte horretan interesak ordainduko dituzte, eta behin epe hori amaitutakoan hasiko dira berriro mailegatutako dirua itzultzen. Era berean, Laboral Kutxako bezeroek aukera izango dute beren hileroko kuota murrizteko, betiere aldez aurretik maileguaren zati bat amortizatu badute edo epea laburtu. 

Laboral Kutxak ziurtatu duenez, "banakako beste irtenbide batzuk ere bilatzen saiatuko da, egoera bakoitzaren kasuistika partikularra kontuan hartuta", beharrezkoa izanez gero. Egin dituen kalkuluen arabera, 60.000 familia inguruk baliatu ahal izango dituzte neurriok.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK