Laboral Kutxak eta Morgan Stanley Investment Managementek (MSIM) kolaborazio akordioa sinatu dute funtsen negozioa garatu eta inbertsio-zerbitzuak bultzatzeko asmoz. Laboral Kutxak inbertsio eta aholkularitza zerbitzuetan haztea eta espezializatzea du helburu, eta estrategia horren baitan ondu du hitzarmena multinazional estatubatuarraren kapital funtsarekin.
Laboral Kutxak jakinarazi duenez, premium bankan eta banka pertsonalean oinarrituko da bi erakundeen kolaborazioa. Morgan Stanley Investment Managementek 1,86 bilioi dolarretik gorako aktiboak kudeatzen ditu 24 herrialde baino gehiagotan. Halaber, CL Gestionek, Laboral Kutxaren gestoreak, 7.100 milioi eurotik gorako ondarea kudeatzen du gaur-gaurkoz.
Finantza-zerbitzuetan munduan liderra den Morgan Stanley taldeko partaide da MSIM, eta zerbitzu-sorta zabala eskaintzen du inbertsio-bankan, baloreetan, ondare-kudeaketan eta inbertsioen gestioan. Munduko 42 herrialdetan ditu bulegoak, eta bezero instituzionalentzako zein txikizkakoentzako inbertsio irtenbideak eskaintzen ditu.
Laboral Kutxak aurrezkiaren kudeaketan duen “esperientziak eta kaudimenak”, MSIMren “nazioarteko dimentsioa eta inbertsioen gestio aktiboarekin” egingo du bat hitzarmenaren bidez. Hala, kreditu kooperatibak azaldu du hitzarmenarekin egun eskaintzen dituen inbertsio-produktuen lehiakortasuna hobetzea, bezeroei begira, gestio aktiboagoa, dibertsifikatuagoa eta kualifikatuagoa bultzatzea eta talde profesionalen trebakuntza tekniko eta komertziala sustatzea lortuko duela.
Horrekin batera, finantza erakundeak aurreikusten du inbertsio baliabide hauen bidez, 13.000 milioi eurotik gorako ondarea kudeatzea egun abian duen plan estrategikoa amaitzen denerako.