• FINANTZAK
  • Noël D’Anjou: "Gure finantzen sendotasunak ziurgabetasunei aurre egiteko malgutasuna ematen digu"

Noël D’Anjou: "Gure finantzen sendotasunak ziurgabetasunei aurre egiteko malgutasuna ematen digu"

Ogasun eta Finantza sailburuak defendatu du aurrekontuak "zuhurtzia handiz" eginak daudela

Noël d'Anjou Olaizola, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua | Argazkia: Oskar Matxin/Foku
Noël d'Anjou Olaizola, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua | Argazkia: Oskar Matxin/Foku
Maite Reizabal Arregi
EnpresaBIDEA egunkariko zuzendaria
2026ko azaroaren 23a - 05:30

2027ko Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen gaia puri-purian da, eta testuinguru horretan hartu du Noël D’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak EnpresaBIDEA. Aitzakia ezin hobea zenbakiak xehe aztertzeko ez ezik, euskal kontuen sendotasuna, Euskal Finantza Aliantzaren eta Finantzen Euskal Institutuaren bidez bultzatutako inbertsio estrategikoak edota Kupoaren negoziazioa ere hizpide izateko.

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Ezegonkortasuna geroz eta nabariagoa da eta oraintxe aurkeztu dituzue aurrekontuak; testuinguru hori izanda, aurrekontuak egitea geroz eta zailagoa edo konplikatuagoa da?

Testuinguru geopolitikoa ezegonkortasunekoa da, eta horrek zailtasunak sortzen ditu. Batzuetan aurreikuspenak berrikusi eta egokitu behar izaten dira. Baina, aldi berean, egia da guk hemen, Euskadin, ekonomia erresilientea eta hazkunde ekonomiko sendoa ditugula. Gure ekonomia ez da hain hegakorra, eta horrek asko laguntzen du aurreikuspenak egiten. Hazkundea agian baxuagoa da industriak pisu handiagoa duelako, baina, era berean, iraunkorragoa eta egonkorragoa da. Horrek oinarri sendo bat eskaintzen digu aurreikuspenak egin ahal izateko.

 

Aurrekontuak zuhurtzia handiz eginak daude, eta datozen ekonomia-aurreikuspenak txertatzen dituzte, nahiz eta etorkizunean alda daitezkeen.

Iaz, adibidez, aurreikuspen bat egin zenuten eta une jakin batean Ormuzeko itsasartea itxi zuten, testuingurua goitik behera aldatuz.

Hori aurten gertatu zaigu, baina 2025ean ere, muga-zergekin. Hala ere, gure finantzak sendoak direnez, marjina bat daukagu beti, malgutasunez, gerta daitekeenari egokitzeko. Hori ez da soilik agintaldi honetako kudeaketaren meritua; aurreko gobernuen kudeaketari esker gure finantzak osasuntsu daudelako dugu orain malgutasun hori.

Noël d'Anjou Olaizola, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua | Argazkia: Oskar Matxin/Foku 2
Noël d'Anjou Olaizola, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua | Argazkia: Oskar Matxin/Foku  

Aurrekontuak aurkeztu dituzunean igoera %7,6koa izan dela adierazi duzue, baina Eraldatuzeko dirua aintzat hartzen badugu, %1,82ko gorakadaz ariko ginateke. Zergatik zuhurtzia hori?

Iaz ahalegin berezia egin genuen azaltzeko zer gertatu zen. Ezohiko gertaera bat izan zen: Legebiltzarrak baimena eman zigun 935 milioi euro gehiagoko zorpetzea jaulkitzeko. Jaulkipen horrek helburu oso zehatz bat zuen: finantza-inbertsioak egitea, hain zuzen ere. Aintzat hartu behar da gainera kopuru hori ezin zela gastu arruntetara bideratu —aurrekontu orokorraren gehiengoa horretara bideratzen da— Funts horiek epe luzeko inbertsio finantzarioetara joan behar dute nahitaez, 8. kapitulura, eta ez 1., 2., 3. eta 4. kapituluetara. 

Saiatu ginen argi uzten hori ez zela ohikoa edo arrunta, behin bakarrik eskatzen den zerbait dela. Nahiz eta zenbaki orokorrean 17.000 milioi eurotik gorako zifra atera, saiatu ginen azaltzen hor ia 1.000 milioi euskal finantza-aliantzarentzat zirela. Beraz, termino homogeneoetan ezin da zenbaki potolo guztiarekin alderatu.

Agian kontu teknikoa da, baina termino homogeneoetan konparatuz gero, iaz ere ez genuen esan aurrekontua %10 igotzen zenik, %5,1 igotzen zela baizik; eta orain %7,6 igotzen dela diogu, horixe izango baita etorkizuneko oinarri konparagarria.

Hala ere, diferentzia horretaz kontziente izanik, %1,82 berez diru-bilketaren eta KPIaren azpitik gelditzen da. Ez zaitu kezkatzen?

Ez, ez nau kezkatzen. Berriro diot termino homogeneoetan alderatu behar dugula. Ez nau kezkatzen 1.000 milioi horiek Finantzen Euskal Institutura doazelako eta bertatik oraindik inbertitzeko baliabideak daudelako; ez dugu dena aurten inbertitu. Finantzen Euskal Institutua tresna oso garrantzitsua da politika ekonomikoa egiteko, eta urte hau baliabide horien %50 inguru erabilita amaituko dugu. Horrek esan nahi du, administrazio orokorreko zenbakietan ikusten dugunaz harago, Finantzen Euskal Institutuak bere aurrekontua daukala eta inbertsioak egiten jarraitzeko gaitasuna dugula. Gakoa da zer alderatzen ari garen. 2026tik 1.000 milioi horiek kentzen baditugu, badu bere zentzua: ez dira KPIaren azpitik hazten ari; termino errealetan, aurrekontua handitzen ari da. Eta hori lortzen da lehen aipatu dudan ekonomia erresilienteari esker, diru-bilketa erritmo onean doala ikusten ari baikara.

"Termino homogeneoetan konparatuz gero, iaz ere ez genuen esan aurrekontua %10 igotzen zenik, %5,1 igotzen zela baizik; eta orain %7,6 igotzen dela diogu, horixe izango baita etorkizuneko oinarri konparagarria"

Aurten beste aldagai bat ere hartu behar izan duzue aintzat: orain arte Next Generation funtsen ekarpena izan duzue, baina datorren urteko aurrekontuak diseinatzerakoan, azken urteetan lehen aldiz, ez duzue hori izango. Nola hartu duzue hori guztia aintzat?

Next Generation funtsak amaitzen ari zirela bagenekien, eta 2026ko aurrekontuetan kopurua asko jaitsi zen jada, 70 milioi euro inguruko jaitsiera izan baitzen MRRetan —Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoetan—. Gure aurrekontuan dagoen igoera orokorra, ordea, askoz handiagoa da; beraz, Next Generation funtsen galera hori ez da hainbeste nabaritzen; ez da aurrekontu osoa desitxuratzen duen kopuru bat.

Osasuna, Etxebizitza eta Hezkuntza izango dira baliabide gehien izango dituzten hiru sailak, legegintzaldiko logikari eutsita.

Guk garrantzi erabakigarria ematen diegu zerbitzu publiko sendoak edukitzeari, gure herritarren ongizaterako eta gizarte-kohesiorako ezinbestekoak direlako. Inor atzean ez uzteko, funtsezkoak dira. Aurrekontu osoaren %54 osasunera eta hezkuntzara bideratzen da, eta arlo horiek indartzen jarraitzen dugu. Osasunean, adibidez, 5.700 milioi euroko aurrekontua daukagu, herritarrei ematen zaien arreta hobetzeko eta inbertsioak egiteko. Urte anitzeko plan bat daukagu, eta inbertsio handiak egiten ari gara ospitale berriak eraikitzeko zein arreta eta kontsulta zentroak garatzeko. Hezkuntzan, berriz, %13ko hazkundea daukagu; kalitatezko hezkuntza nahi dugu, aukera-berdintasuna bermatuko duena eta ikasleen ongizatean laguntzen duena. Ildo horretan, baliabide gehiago jartzeaz gain, eraikin ezberdinak berritzen ari gara, eta ingurumenarekin lotutako Hezigiro programa berria txertatu dugu. Zerbitzu publikoetara baliabide ugari bideratzen ditugu. Eta aipatu duzun hirugarrena, etxebizitza, herri honen kezka nagusia da. Duela gutxi argitaratu den soziobarometroan ere %72k jo du kezka nagusitzat, eta joan den asteko greban ere ikusi genuen. 

Noël d'Anjou Olaizola, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua | Argazkia: Oskar Matxin/Foku 3
Noël d'Anjou Olaizola, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua | Argazkia: Oskar Matxin/Foku  

Zein puntura arte da etxebizitza lehentasuna legegintzaldian?

Lehentasun hori zifretan islatzen da. 2024an, gure baliabide propioekin, 240 milioi euro inguruko aurrekontua zuen Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak, eta orain 504 milioi euro dira. Badakigu kezka handia dagoela, eta saiatzen ari gara aurrekontuarekin ez ezik, arauak aldatuz ere erantzuten: urgentziazko neurrien legea, Gazte Abal bezalako bermeak eta antzeko tresnak jarri ditugu martxan. Zerbitzu publikoak oso garrantzitsuak dira eta horregatik bideratzen ditugu baliabideak hara.

MRRen ekarpena aintzat hartzen badugu, 2026ko etxebizitzako aurrekontua 502 milioi eurokoa zen, eta aurten 504 milioira pasa da.

Sail honi eragin dio gehien funts horien amaierak: 60 milioi euro inguru jaitsi dira Next Generation eta MRR funtsak 2026tik 2027ra. Baina berriro azpimarratzen dut: Next Generation funtsak une jakin batean etorri ziren, koiunturalak ziren. Puntualak ziren eta desagertzen joan dira. Gure benetako konpromisoa legegintzaldi honetako aurrekontuetan ikusten da, baliabide propioekin egindako eboluzioan.

"Euskal Finantza Aliantzaren baliorik handiena da Euskadiko eragile ekonomiko eta finantzario ezberdinak lerrokatzea eta ikuspegi partekatu bat izatea"

Proportzionalki baliabide gehien irabaziko dituen arloa Mugikortasun Jasangarria da. Nondik dator apustua?

Alde batetik, konpromiso batzuk daude hartuta, hainbat urtetan egin beharreko inbertsioekin eta inbertsio horiek abiadura hartu dute. Bestetik, konpromiso sendoa dugu mugikortasun jasangarriarekin. Garraio hobariak ere bertan sartuta badaude ere, azpiegiturak hobetzen eta obrak gauzatzen ari dira, adibidez, Gasteizko Zabalganako tranbia eta Bizkaiko metroaren 5. linea. Aurrekontuek argi islatzen dute gure apustua mugikortasun irisgarriago baten eta ingurumenarekiko jasangarriagoa den eredu baten alde.

Funtzionarioen soldata %5 hazi da, eta enpresa batzuen aldetik konpetentzia desleialaren ikuspegitik kritikak jaso dituzue. Zein irakurketa egiten duzue?

Lehenik eta behin, gogorarazi nahiko nuke Euskadin eskumen eta gaitasun handiak ditugula, baina oinarrizko araudi batzuk Madrildik finkatzen direla, eta horietako bat administrazio publikoari dagokiona da. Sektore publikoko soldaten igoera Madrilen adosten dute sindikatuekin. Espainiako Gobernuak 2025eko azaroan hartutako konpromiso baten bidez finkatu zituen igoerak: 2027rako %4,5 igoera ezarri zen, eta KPIaren arabera beste %0,5 gehitu daiteke; horregatik da %5. Euskadin beti egin duguna da Madrilek ezartzen duen gehienezko igoera legearen arabera aplikatu, arduraz jokatuz; aurrekontuek hori jaso behar dute eta hala egin dugu. Sindikatu batzuek igoera baxua dela esan dute; patronalak eta enpresaburuek, berriz, lehia desleiala dela. Erdiko puntu batean gaudela uste dut, prezioen bilakaerari erantzunez.

Noël d'Anjou Olaizola, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua | Argazkia: Oskar Matxin/Foku 4
Noël d'Anjou Olaizola, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua | Argazkia: Oskar Matxin/Foku  

Aldi berean, DSBEa %2an mantendu da, eta etxebizitzako prestazioak 300 euroan...

Sail bakoitzak bere analisia egin du eta horren arabera hartu da erabakia. Egia da 300 euroko prestazio berria mantendu dela, eta tasetan, orokorrean, %2ko igoera egon dela, ez bakarrik DSBEn. Baina zehaztapen horiek dagokion sailak azal ditzake hobekien.

Alderdien erronda egin duzue. Zein da zuen balorazioa?

Legebiltzarrean aurrekontuak aurkeztu ondoren, oposizioko hiru alderdiekin bildu ginen. Askotan adierazi dudan bezala, jarrera oso positiboarekin joan ginen bileretara. Gure helburua beti izan da, beste alderdiek egindako ekarpenek aurrekontuak aberasten badituzte eta proposamen horiek errealistak eta bideragarriak badira, aurrekontuetan txertatzea. Zer gertatu da? Batzuek publikoki adierazi zuten hasieratik akordioa oso zaila ikusten zutela; PPk, adibidez, eta alderdia prozesutik kanpo geratu zen ia ia negoziazioa hasi aurretik. Proposamen bakar bat izan dugu mahai gainean, EH Bildurena, eta hau aztertzeko borondatea adierazi genuen, eta hala egin dugu. 

Euren proposamena ondo aztertu ondoren, ikusi dugu bat gatozela herri gisa ditugun erronketan. Baina, kezka berberak partekatzen ditugun arren, errezeta desberdinak ditugu horiei aurre egiteko. Horregatik, puntu honetara iritsita, ez dugu aurrekontu-akordio bat lortzeko behar besteko oinarririk ikusten.

"Kupoaren negoziazioak ez nau kezkatzen. Indarrean dagoen metodologiak bost urteko epea amaitzean urtebetez automatikoki luzatzeko klausula bat du, negoziatzen den bitartean aplikatzen jarraitzen dena"

Finantza-osasunaz eta euskal ekonomiaren erresilientziaz hitz egin duzu. Zer estrategia jarraituko duzue osasun hori mantentzeko?

Gure finantza-osasuna sendoa da, finantza jasangarriak ditugu. Hori erakusteko hainbat datu daude: gure zorra, adibidez, datorren urterako BPGaren %11,9an kokatuko dela aurreikusten dugu. Estatuko beste erkidegoekin alderatuta, haien zorraren erdia dugu, gutxi gorabehera. Horrek etorkizunari oinarri sendo batetik aurre egiteko aukera ematen digu. Gainera, aurten bi zor-jaulkipen egin ditugu merkatuetan eta biak oso ondo atera dira, eskaera handiarekin. Rating agentziek ematen diguten kalifikazioa Espainiako Estatuarena bezalakoa da, edo agentziaren arabera, baita altuagoa ere.

Abantaila handi bat dugu: Ekonomia Itunaren bidezko aldebikotasunari esker, Europako arauak errespetatuta guk finkatu ditzakegu gure defizit- eta zorpetze-mugak. Horrek ikusgarritasuna ematen digu planak eta aurrekontuak aurrera eramateko. Gure asmoa da %0,3ko defizit-mugaren barruan egotea. Frantzia %5etik gora dago eta jaitsi egin nahi du, eta Estatu Batuak %5ean daude. Europak %0,3 jotzen du onargarritzat, eta horren bueltan izango gara.

Zorpetzeari dagokionez, %13raino joateko baimena dugu, eta, esan bezala, aurrekontuetan kalkulatu dugu %11,9an amaituko dugula. Batzuek galdetzen dute zergatik ez garen gehiago zorpetzen %13ra iritsi arte, baina hori inbertsio motaren araberakoa da. Lehen esan bezala, ezin dira 1.000 milioi gehiago eskatu gastu arruntetara bideratzeko. Koherentzia egon behar da. 

Euskal Finantza Aliantza zein puntutan dago?

Erronka oso garrantzitsuak ditugu aurrean: erronka demografikoa, teknologikoa eta energetikoa. Diagnostikoa oso argi dago, Draghi txostenak eta Europako beste azterketa batzuek agerian utzi duten bezala. Horren aurrean pauso bat eman behar genuen, eta horixe da Euskal Finantza Aliantza. Guk 1.000 milioi euro jarri ditugu, baina baliorik handiena da Euskadiko eragile ekonomiko eta finantzario ezberdinak lerrokatzea, ikuspegi partekatu bat izatea. Sektore publikoa bakarrik aritzea ez da nahikoa.

Balorazio oso positiboa egiten dut; tresna berriak sortu ditugu merkatuaren hutsuneak betetzeko. Finkatuz funtsak indar handia du eta eragiketak egin dira; Indartuz tresna sortu dugu enpresak eraldatzeko, eta Finantzen Euskal Institutua mailegu gehiago ematen ari da. Gobernuak koordinatzaile-papera betetzen du hemen. Pixkanaka tresna berriak agertuko dira: Indartuzen barruan zor-funts bat aterako dugu BGAEekin batera lanean ari garen ekimena bultzatuz, eta 2027an martxan ikusiko dugu. Beste funts batzuetan ere lanean ari gara, beraz, oso pozik nago.

Noël d'Anjou Olaizola, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua | Argazkia: Oskar Matxin/Foku 5
Noël d'Anjou Olaizola, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua | Argazkia: Oskar Matxin/Foku  

Aliantza posible izango al zen lehendik Finantzen Euskal Institutuak egin duen lanik gabe? 

Ez dakit zer gertatuko litzatekeen, baina badakit Finantzen Euskal Institutuak beste eskala eta dinamika bat hartu behar zuela eragile traktore izateko. Pauso horri esker lortu dugu gaitasun desberdinak mugiaraztea. Gaur egun sektore publikoak aurrerapauso bat eman behar du; badira zenbait inbertsio, beren arriskuagatik edo epe oso luzeak dituztelako, sektore publikoaren bultzadarik gabe egiten ez direnak. Gobernuak aliantza horretan egon behar du ezinbestean. Jarraipen-batzordeak ditugu, uztailean izan genuen azkena, eta oso aberasgarria da diagnostiko partekatutik pauso koordinatuak ematea. Aliantzarik gabe, ziur nago ez genukeela gaur egun dugun Euskadi Eraldatuz inbertsio-plana edukiko.

Eta zer norabidetan joango da hemendik aurrera Finantzen Euskal Institutuaren estrategia, Finkatuz funtsaz harago?

Tresna bakoitzak bere helburua du. Batetik, aukera berriak sortzen direnean, enpresak hemen errotzen laguntzeko egongo gara; guk ez dugu deslokalizaziorik nahi, eta enpresa estrategikoetan bidelagun izango gara, beti bazkide industrialarekin. Bestetik, Indartuz tresna daukagu, aipatutako trantsizioen aurrean enpresak eraldatzeko eta kalitatezko enplegua sortzeko. Hor zor-funtsa agertuko da, eta azpiegitura-funtsa ere hastapenetan dago. Horrez gain, eskalagarritasun programa batean ari gara lanean: lehen fasea egin dugu eta bigarren fasean baliabideak jarriko ditugu. Gure enpresa-ehuna txikia da, ETEak dira nagusi, eta dimentsioa irabazten lagundu nahi diegu, nazioartekotzeko edo hazkundea ahalbidetuko dien teknologia txertatzeko. Horiek dira epe laburrera begira ikusten ditudan erronkak.

"Estatu mailako erabakiak hartzen diren guneetan Euskadik ahotsa eta ordezkaritza izatea urrats handia da"

Finantzen Euskal Institutuaren estrategia izan arren, Ogasunaren eta Industriaren arteko mugak lausoak dira batzuetan. Nola egiten duzue koordinazio hori?

Harreman oso estua dugu, arlo profesionalean zein pertsonalean. Lankidetza publiko-pribatua eskatzen dugun bezala, sailen arteko lankidetza ere oso estua da Industriarekin, Zientziarekin eta Elikadura Sailarekin. Azken finean, industrian daude enpleguak, eta ez luke zentzurik bakoitzak bere aldetik jotzeak. Egunero hitz egiten dugu eta lantaldeak guztiz koordinatuta daude. Finantzen Euskal Institutuaren Kontseiluan, adibidez, ia paritarioa da ordezkaritza. Finantza-irizpideak bete behar dira, noski, baina irizpide industrialak ere ezinbestekoak dira.

Itun Ekonomikoaren alorrera jota: kupoaren negoziazioa aurten egin behar zen, baina hauteskundeak aurreratu dira Espainian. Egoera horrek kezkatzen al zaitu?

Ez, ez nau kezkatzen. Batzorde Mistoan adostu genuen orain dela hilabete batzuk kupoaren metodologia adosteko lehen pausoak ematea eta lan teknikoak abiatzea. Baina bertan hitz egindakoa Gorteek onartu behar dute lege gisa, eta horiek deseginda daudenez, ezin da aurrera egin. Hala ere, ez nau kezkatzen, indarrean dagoen metodologiak bost urteko epea amaitzean urtebetez automatikoki luzatzeko klausula bat baitu, negoziatzen den bitartean aplikatzen jarraitzen dena. Eta gu lasai gaude horrekin.

%6,24ko indizea historikoa da. Momenturen batean planteatu al duzue zifra hori txikitzea?

Ez da mahai gainean egon oraindik. Lan teknikoekin hasi ginen eta orain gelditu egin da, baina ez daukagu buruan indize hori aldatzea; ez dugu urgentziarik horretarako.

Espainiako hauteskundeen ostean etor daitekeen gobernu berriak Itun Ekonomikoaren egoera aldatzeak larritasuna eragiten dizu?

Itun Ekonomikoak segurtasun juridiko izugarria dauka. Konstituzioan jasota dago, eta Europako auzitegietara iritsi zenean ere bere balioa berretsi zen. Daukagun harreman aldebikoak ez dit batere zalantzarik sortzen. Horregatik, lasai egon gaitezke Madrilen edonor dagoela ere. Garrantzitsua da gogoratzea guk euskal erakundeak ditugula, ondo babestuak, eta herritarrek jasotzen dituzten zerbitzu publikoek hemengo instituzioei esker funtzionatzen dutela. Egia da Batzorde Mistoan 56 akordio lortu ditugula legegintzaldi honetan, eta agian aurrerantzean zailagoa izango dela Madrilen dagoen gobernuaren arabera, baina lasai egon gaitezke.

Noël d'Anjou Olaizola, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua | Argazkia: Oskar Matxin/Foku 6
Noël d'Anjou Olaizola, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua | Argazkia: Oskar Matxin/Foku  

Iaz lortu zenuten zuzenean Ecofinen parte hartzeko onartzea, eta aurten lehen aldiz izan zarete bileretan. Nola baloratzen duzu lorpen hori?

Oso pozik nago. Foru aldundiek zerga-arloko eskumen handiak dituzte, baina badira gai batzuk, BEZa edo nazioarteko fluxuak kasu, nazioartean erabakitzen direnak. Erabaki horiek estatu mailan hartzen ziren lekuetan guk ez genuen ordezkaritzarik, nahiz eta gure zerga-sistemak estatu baten antzeko ahalmena izan. Batzorde Mistoan lortu genuen akordioa bertan ahotsa izateko. Erabakien sorreran egotea ezinbestekoa da. Lehen parte-hartzea izan dugu jada.

Ecofin aipatu baduzu ere, gauza bera gertatzen da OCDEren lantaldeetan; 42 lantalde inguru daude fiskalitatearen inguruan, eta espero dut datorren urtean Euskadi bertan presentzialki egotea. Estatu mailako erabakiak hartzen diren guneetan Euskadik ahotsa eta ordezkaritza izatea urrats handia da.

Fiskalitatearen inguruan Bizkaiak hartutako erabakiak desadostasunak sortu ditu alderdien artean, eta deserosotasuna Gipuzkoa eta Araban. Zein da zure irakurketa?

Batetik, talde politikoen eta Batzar Nagusien esparruko gaia da. Eusko Jaurlaritzatik erabateko errespetuz jokatu behar dugu. Badakit PSE-EEren eta EAJren artean akordio batera iritsi zirela hiru lurraldeetan, eta harmonizazioa zentzu horretan egiten dela. Guk beti defendatzen dugu Itun Ekonomikoak ematen dizkigun gaitasunak erabili behar direla zerga-sistema gizartearen eta ekonomiaren beharretara egokitzeko. Neurri zehatzetan ez naiz sartuko, baina lurraldeetako proposamenak Zerga Koordinaziorako Organotik pasa ziren. Erakunde horretan foru-aldundiak eta Jaurlaritza gaude, eta teknikoki aztertzen da ea desarmonizaziorik sortzen den. Harmonizazioak ez du esan nahi dena uniformea izan behar denik, zerga eta tasa guztiak berdin-berdinak izan behar direnik; zergazko karga koordinatuta egotea eta zergaren oinarrizko egitura ez desitxuratzea bermatzen da. Hori aipatutako organotik pasa zen eta onartu zen; beraz, behin hortik pasatuta, Batzar Nagusietan eztabaidatzen diren neurri zehatzekiko errespetu osoa adierazi behar dugu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain