
Joan den ostiralean amaitu zen BBVAk Sabadell erosteko egindako eskaintza bozkatzeko epea, eta bi erakundeak nahiz haren akziodunek ostiral honetan, urriaren 17an jakingo dute azken emaitza.
CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak aurreratu du azken emaitza iragarriko den eguna, izan ere, “informazio kontrajarria” zabaldu da azken egunotan.
Carlos Torres BBVAko presidenteak orain gutxi adierazi duen espero duela erosketa eskaintza akziodunen %50k baino gehiagok onartzea, eta ez du baztertzen %60ra ailegatzea.
BBVAren aurreikuspena da inbertsio-funts aktiboek beren partaidetza osoarekin onartzea eskaintza, Sabadellen kapitalean %30eko ordezkaritza baitute. Funts pasiboen aldeko botoekin beste %10 zenbatu dute, eta horri David Martínez Guzmán Banco Sabadelleko kontseilariaren ia %4 gehitu beharko litzaioke. Zifra horiekin, Torresek espero du onarpena % 50etik gorakoa izatea.
Banco Sabadellen arabera, bestalde, zaila da gutxieneko onarpenera iristea. "Oso zaila da %30era iristea, eta ehuneko horretara iristen badira, gutxigatik izango da. Logikoena kontseiluak berak aurrera ez egitea da, BBVA bera arriskuan jartzea delako", adierazi zuen Cesar Gonzalez-Bueno Banco Sabadelleko kontseilari delegatuak aurreko astean.
David Martinez mexikarraz gain, Zurich aseguru etxeak soilik eman du jakitera eskaintzaren gaineko bere erabakia. Martinezek ez bezala, aseguru-etxeak joan den astean iragarri zuen ez zuela BBVAren eskaintza onartuko.