Pasiboaren gerra: hastear dagoen lehia bankuen artean

Mailegu arinak asko hazi dira uda aldean, eta bankuak produktu horien aukerak ustiatzen ari dira. Urte hasieratik hona %2 inguru igo da zerbitzu horien erabilera

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Uda aldean lehia ea nork hasiko zuen esperoan, irailean hasi dira lehen guda mugimenduak. Banku pribatuek ez diete interes tasen hamaika igoeren eragina islatu haien bezeroei, baina, hainbat entitate publikotatik jasandako presioak direla eta, euren produktu finantzarioen eskaintza hobetzera jo dute. Merkatuaren egoera berri horri aurre egiteko, lehen mugimenduak ematen ari dira entitateetatik, lehiakortasunari bide emanez. Testuinguru horretan, kreditu arinen maileguek uda aldean pisu handia hartu dute.

ING eta CaixaBank bezalako bankuek lehen mugimenduak gauzatu dituzte aurrezkia helburu duten banakoak erakartzeko. CaixaBankek aurreko astean jakinarazi zuen urtebeterako gordailu berria abiaraziko duela, %2ko errentagarritasuna eskaintzen duena 5.000 eurotik gora. Bere aldetik, INGek ere beste gordailu bat aurkeztu du, %2,75eko UTBan (urteko tasa baliokidea), baina lau hilabetera. Dena den, banku txikiek aurrerapausoa hartu dute lehian, Arquia entitateak gordailua kaleratu berri baitu %4ko UTBan, sei hilabetera. MyInvestor entitateak, bestalde, bere hiru hilabeteko gordailuaren errentagarritasuna hobetu du: %2,90 UTBra ordainduko die erabiltzaileei; orain arte %2,75era egiten zuen. Bankuen arteko tirabira horiek produktu finantzarioetan lehia pizten ari da.

Espainia mailan: urtebeteko epe finkorako gordailuak batez besteko %2,3ra ordaintzen ari dira bankuak bezeroen aurrezkiak [...] Frantzian egoera bestelakoa da, urtebeteko gordailuengatik %3,5 ordaintzen ari baitira

EBZak bere erreserbak gordetzeagatik gordailu-erraztasun marjinalaren interes tasa deritzona ordaintzen die banku pribatuei. Adierazle hori %3,75ean kokatuta dago egun. Hori dela eta, ohikoena izango zen bankuek haien bezeroei ordaintzen dieten ehunekoa kopuru horretara hurbiltzea. Ez da horrela gertatzen ari bada, Espainia mailan: urtebeteko epe finkorako gordailuak batez besteko %2,3ra ordaintzen ari dira bankuak. Alegia, interes tasen igoera ez dira behar beste adierazten ari banakoen gordailuetan, nahiz eta gordailuengatik interes tasa hobeagoak eskaintzen ari diren aurreko urtetik hona.

Frantzian egoera bestelakoa da, urtebeteko gordailuengatik %3,5 ordaintzen ari baitira. Eta herrialdeko zifra Europako beste herrialde batzuetatik gertuago dago. Italian ere %3,5 ordaintzen dute urtebeteko gordailuagatik; Erresuma Batuan %5,25a. Are gehiago, Santander entitateak %5,2ean ordaintzen den kontua ireki berri du aurreko astean herrialde horretan. Hala ere, kontuan hartu behar da Erresuma Batuko Finantza Portaerako Agintaritzak (FCA) uztailean hamalau puntuko bateria aurkeztu zuela bankuek eta bestelako kreditu-erakundeek interes tasen igoerak aurreztaileen gordailuetara egoki eramateko.

Presio ugari

Presioak eragina izaten hasi dira horrela hainbat herrialdeetan. Uda aldean Christine Lagarde EBZko zuzendariak bankuen bezeroei dei egin zien negoziazioak egiten hasteko gordailuengatik, eskaintzak estutzeko helburuarekin. Kreditu entitateekin aurrez aurreko negoziazioak sustatu nahi du horrek, lehiakortasunari bide emateko. Nadia Calviño Espainiako lehendakariorde ekonomikoak bat egin zuen presioekin, abuztu amaieran bankuei zerga bat ezartzearekin mehatxatu baitzuen eta guzti.

Eusko Jaurlaritzak ere bankuak estutzeko hautua egin du. Javier Hurtado Turismo, Komertzio eta Kontsumoko sailburuak aurreko martitzenean bankuei erreklamatu zien gordailuengatik dituzten ordainketa politikak aldatzeko, egoera berezia zela adieraziz. Era berean, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin batzarrak izango dituztela adierazi zuen, aurrezkiaren ordainketa politika eta haren hobekuntza bultzatzeko aukerak aztertzeko helburuarekin.

Zuzeneko komunikaziorik izan gabe, bankuek kostata hobetzen dituzte gordailuengatiko eskaintzak, eta egitekotan kontuetan diru kopuru altuagoa ezartzea edota entitatearekin harreman estuagoa izatea eskatzen dute

Hurtadok, bere aldetik, talka taktikoa egon daitekeela azaldu du, hau da, enpresak zeharka koordinatzen direla merkatuan duten portaeraren bidez. Zuzeneko komunikaziorik izan gabe, bankuek kostata hobetzen dituzte gordailuengatiko eskaintzak, eta egitekotan kontuetan diru kopuru altuagoa ezartzea edota entitatearekin harreman estuagoa izatea eskatzen dute.

Kreditu arinak

Entitate publikoen eta bankuen arteko tirabirak medio, uda aldean kreditu arinen maileguak hasi egin dira. Inflazioak dakarren kostuen igoerak kalte handia eragin die familiei, eta oporren testuingurua zein historiako eskolara itzulera garestienari aurre egiteko, revolving txartelak bezalako produktu finantzario azkarretara jo dute hainbatek. Espainiako Bankuak helarazitako estatistiken arabera, 2023a hasi denetik honako zerbitzuen erabilera %2 inguru igo da, 11.700 milioi euro mugiarazi arte.

Maila handienak dira 2019ko abendutik, pandemia lehertu aurretik, baita pandemia ostean ere, 2020ko otsailean 11.396 milioi suposatzen baitzuten produktuok. Azken urteotan, auzitegiek hamaika epai izan dituzte revolving moduko zerbitzuek dituzten gehiegizko interesengatik. Honakoen batez besteko interesek %18tik gora diraute, eta gora egiten jarraitzen dute urte hasieratik Espainiako Bankuaren arabera.

Inflazioak dakarren kostuen igoerak kalte handia eragin die familiei, eta oporren testuingurua zein historiako eskolara itzulera garestienari aurre egiteko, 'revolving' txartelak bezalako produktu finantzario azkarretara jo dute hainbatek

Epe labur handiena duten kontsumorako maileguen bilakaera antzekoa da. Urtebete baino gutxiagoko epearekin, 35.612 milioiko saldo bizia metatzen zuten uztailean, %7 gutxiago 2022ko hilabete berean. Hala ere, %4,63an ordaintzen dira honako zerbitzuak, oraindik kreditu azkarren %18 horretatik urrun eta, egoera ikusita, bankuek aukera handia ikusi dute revolving txartelak bezalako produktu finantzarioetan.

Hipotekek jasaten duten uzkurdura gogorrari aurre egiteko ordezko zerbitzu gisa jaso dute bankuek. Erakundeek gero eta baldintza zorrotzagoak dituzte hipotekak eskaintzeko eta kontsumitzaileek ezin diete honakoei aurre egin. Orokorrean, ez daude prest Euriborraren azken gorakadaren ondorioz prezio garestiagoak onartzeko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK