Atzo zuen AEBetako Erreserba Federalak (Fed) urteko lehen bilera, eta Trumpen presioei aurre eginez, interes-tasak bere horretan mantentzea erabaki zuen. Jerome Powell buru duen erakundeak %3,5 eta %3,75 artean utzi ditu tasak. Erakundearen batzordeko hamar kidek eman dute tasak bere horretan uztearen aldeko botoa. Bi kidek, aldiz, aurka bozkatu dute, tasak puntu laurden jaistea nahi baitzuten.
Bi egunez izan dira bilduta Erreserba Federaleko kideak, eta iraupen luze horrek agerian utzi du zer nolako presioa jasaten ari den finantza erakundea. 2025eko hirugarren hiruhilekoan, bilakaera positiboa izan du AEBetako Barne Produktu Gordinak, eta urteko azken hiru hilabeteetarako ere aurreikuspenak onak dira. Hartara, prebisio horiek aukera eman diote Erreserba Federalari zuhurtziaz jokatu eta tasak maila berean mantentzeko.
Kontuan hartu behar da azken hiru bileretan Powellen erakundeak interes-tasak jaistea erabaki duela. Donald Trumpek, baina, tasen jaitsiera azkartu nahi du, herrialdeko inflazioari aurre egiteko, eta behin baino gehiagotan mehatxatu du Powell.
Erreserba Federalak inflazioa kontrolatu eta hazkunde ekonomikoa bultzatu nahi du aldi berean, eta ekonomia “sendo” dagoen arren, inflazioak “altu” jarraitzen duela adierazi du ohar bidez. Powellek prentsaurrekoa eman du bart bilera ostean, eta nabarmendu du interes tasak “maila egokian” daudela gaur-gaurkoz. Ikusteke dago zein izango den Trumpen erreakzioa, baina oraingoz merkatuetan ez du eragin handirik izan. New Yorkeko burtsan ez da aldaketa esanguratsurik eman.