• FINANTZAK
  • Yena eta dolarra: zordun handiek elkarri eutsi behar

Yena eta dolarra: zordun handiek elkarri eutsi behar

Abuztuaren 3ko esku-hartzearen ondotik, 155eraino jaitsi zen dolarra eta yenaren arteko paritatea; baina hamar egun geroago 159raino joanda dago berriz ere

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Mikel Aramendi Arteaga
Analista politikoa
2026ko abuztuaren 14a - 05:30

Oso ezohiko zerbait gertatu da aurtengo abuztuaren 3an goi finantzen munduan: hileko lehen astelehen horretan, Japoniako eta Estatu Batuetako moneta-arduradun gorenek koordinatuki iragarri zuten yen erosketa erraldoiak eginak zituztela “merkatuen hegakortasunari” aurre egiteko. Eta, behar izango balitz, gehiago egiteko prest leudekeela. “Hegakortasuna”, hitz lauz esanda, yenaren merkatzean zetzan, dolar bakoitzeko 163 yen izatera iritsi baitzen trukea uztaileko azken astean. 40 urteko minimoa. 

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Ezohikotasuna, hala ere, neurriaren beraren baitan baino gehiago zetzan hura jendaurrean aldarrikatzean. Bakarka, Japoniako Banku zentralak asteak zeramatzan egundoko dirutzak xahutzen yenaren parekotasunari eutsi nahian. S. Bessent-en Altxor estatubatuarra ere halako zerbaitetan aritu zen uztail hondarrean. Alferrik, antza denez, bilakaera ikusita.

Azkenean, Katayama andreak eta Bessent jaunak biek batera eta jendaurrean ekinez, danbateko bat eman nahi izan dute dolar-yen parekotasunaren gainbeheran inflexio-puntua ezartzeko erabakitasun mezua helaraziz merkatuei. 1998raino egin beharko genuke atzera antzeko zerbait —AEB eta Japoniaren esku-hartze koordinatua eta jendaurrekoa moneta-gaietan— aurkitzeko. Gakoa izango da orain merkatuek erosten ote duten, iraunean, asmo horren mamia. Lehen aztarnak ez dira oso baikorrak. Ez delako psikologia-kontua.

 

1998raino egin beharko genuke atzera antzeko zerbait –AEB eta Japoniaren esku-hartze koordinatua eta jendaurrekoa moneta-gaietan– aurkitzeko

Ezta ere, politika hutseko auzia. Bessentek hala behartuta, ziur, Trumpek neurria aldarrikatu ez ezik, goretsi ere egin zuenean (ohiko zabarkeriari muzin egin gabe; besteak beste, Pearl Harbor aipatuz... Hiroshima eta Nagasakikoen urteurrenaren aste berean), Japoniarekiko harremanaren goxotasuna laudatu zuen: “Harreman ona dugu Japoniarekin. Oso indartsuak gara gu; oso-oso indartsuak finantzarioki, eta beraiek, badakizu, yena ahulduta daukate, eta laguntza pixka bat nahi zuten; eta gu beti gaude prest Japoniarentzat. Japonia oso ona izan da gurekin, Pearl Harbor izan ezik, noski...”.

Zaila da saski-naski nahasgarriagoa atontzea horren hitz gutxitan.

Izan ere, gakoa balitz Japonia eta Estatu Batuen arteko harreman politikoena, esan beharko litzateke Trumpek arrazoi osoa duela: Trumpen eta Takaichiren arteko harreman politikoa ona baino hobea da oraintxe bertan. AEBk zer nahiko, Japoniak hura egingo, baita lehenak adierazi aurretik ere. Bikainegia, egia huts eta osoa izateko.

Trumpen saski-naskiak aditzera ematen zuenez, finantza-sasoi hoberenean leudekeen Estatu Batuek estutasunean aurkitzen den Japonia adiskideari luzatzen dioten eskua izango litzateke abuztuaren 3koa

Zergatik? Asia Ekialdeko esparru-geopolitikotik irten gabe pittin bat urrundu nahian (kostu ekonomikoagatik, besteak beste) dabilen Trump administrazioaren ordezko lanak egitearen truke, Takaichi, Koizumi eta gainerakoen administrazio japoniarra su batean ari delako II. Mundu Gerraz geroztik ezarriak (AEBek berak ezarriak) dituen mugarri politiko-militarrak erauzten. Eta horrek, ingurukoen, baina batez ere Txinaren errezelo biziena sutu duelako, mundu-parte haren sukoitasuna biderkatuz. Historia oso hurbil eta kitatzeke baitago han.

Trumpen saski-naskiak aditzera ematen zuenez, finantza-sasoi hoberenean leudekeen Estatu Batuek estutasunean aurkitzen den Japonia adiskideari luzatzen dioten eskua izango litzateke abuztuaren 3koa. Ez du halakorik esango S. Bessentek, ezta txantxetan ere. Biharamunean NYTek lerroburuan zioena bailitzateke, laburragoan, askoz egiatiagoa: “A currency trader at heart, Bessent bets on Japan’s yen. Coordinated intervention allowed Japan to support its currency without selling off fits U.S. debt holdings”. Itzulita, honelakoa litzateke: moneta-merkatari bat, Bessent Japoniako yenaren alde. Esku-hartze koordinatuari esker, Japoniak bere moneta babestu ahal izan zuen, AEBko zorraren partaidetzak saldu gabe.

Hasteko, ez delako ahaztu behar S. Bessent, azken batean, horixe dela: moneta-merkatari bat. Dibisen salerosketak aberastutako trader arrakastatsua, Trump administrazioarekin bat egin aurretik. Beraz, ederki ezagutzen duen alorrean ari dena oraingo honetan. Gertatzen ari dena, bestalde, ez baita outsider edo hasiberrientzako oso lanbide egokia. Korapilo deabrutu gehiegi katramilatu direlako yenaren beherakada horretan.

Urtarriletik, gutxienez, antzeko eginahalak egiten ari da Bessenten departamendua yena are gehiago merkatu ez dadin. Trukea 163ra heldu izanak erakusten du esfortzu horren orain arteko antzutasun

NYTen lerroburuaren gainerako guztia ere arras zentzuduna da. Lehenik eta behin, "apustua" delako AEBko Altxorrak yenaren alde jendaurrean egin duena. Egiten jarraitzen duena. Ez dugu esango hil edo bizikoa denik, baina bai arrakastatsua izateko aukera urri samarrak dituena, aurrekariak aintzat hartzen baditugu. Eta horixe iradokitzen du jendaurrekotasun horrek. Baina, urtarriletik, gutxienez, antzeko eginahalak egiten ari da Bessenten departamendua yena are gehiago merkatu ez dadin. Trukea 163ra heldu izanak erakusten du esfortzu horren orain arteko antzutasuna.

Baina apustu horrek gutxi edo deus ez du Trumpen hitzetatik ondorioztatu zitekeen adiskidetasun edo eskuzabaltasunetik. Eta erruz du interes gordin eta garratzetik. NYTen lerroburuaren akaberan primeran laburbiltzen zen: “Esku-hartze koordinatuari esker, Japoniak bere moneta babestu ahal izan du AEBko zorraren partaidetzak saldu gabe”.

Abuztuko lehen asteburuan, Bessent bezalako currency trader eskarmentudun batek, maldan behera zihoan yen-dolar trukeari adinako arreta jarriko baitzion ziztu bertsuan gorantz zihoazen AEBko zor publikoko bonuen errendimenduei. Labur esanda, zorraren korrituei. Adibidez, 4.75ean zegoen AEBko 10 urterako bonuaren errendimendua uztailaren 31n; 3.96an zegoen otsaila amaitzean. Oinarri-puntu bakoitzak milaka milioiko eragina du zorraren korrituan.

Japonia da, luzaz, AEBen zor publikoaren edukitzaile atzerritar handiena: bilioi eta laurden dolar inguru ditu aktibo estatubatuarretan

Japonia da, luzaz, AEBn zor publikoaren edukitzaile atzerritar handiena: bilioi eta laurden dolar inguru ditu aktibo estatubatuarretan. Erresuma Batuaren (Londresko Citya ez baita huskeria) aurretik; eta duela urte batzuk edukitzaile atzerritar handiena zen, baina apurka-apurka zor estatubatuarrari uko egiten ari den Txinaren zenbatekoa ia bikoiztuz gaur egun. Japoniar finantzen grina horren zio nagusia da, jakina, herrialde hartan luzaro indarrean izan den “zero-tasako” interes ofiziala, herrialdeak 90eko hamarkadatik duen zor publiko astronomikoari (BPGaren %250 baino gehiagokoa) nola edo hala aurre egitea zilegitu duena. AEBko interes tasa jasoagoek negozio garbia eskaintzen zieten japoniarren aurrezkiei.

Baina hori guztia aldatzear egon daiteke une honetan. 2024ko apiriletik, Japoniako banku zentrala interes tasa, laurdenka, igotzen ari da, eta une honetan %1ean du jada. Uztailean maila horretan mantendu badu ere, aurreikuspena da gorako joera horretan jarraituko duela ondorengo hilabeteetan, azpiko inflazioa %2an dabilelako jada. Baina ez dago ziurtasun handirik, nazioarteko egoera halakoa delako. AEBetako interes-tasen joeratik hasita. Eragin zuzena izango du horrek japoniarrek etxeko zorrarekin egin dezaketenean. Garai bateko grina eroslea alderantzikatu liteke interes-tasen arteko tartea murriztu ahala.

2024ko apiriletik, Japoniako banku zentrala interes tasa, laurdenka, igotzen ari da, eta une honetan % 1ean du jada

Bessent idazkariaren eta Katayama ministroaren buruhaustea, haatik, hurbilagoko zerbait zen eta da oraindik: Japoniako banku zentralak bere balantzean duen zor estatubatuar oparoa saldu beharko ote duen yenaren gainbeherari aurre egiteko. AEBetako finantzak zuzenean kolpatuko lituzkeelako horrek.

Yenak balioa galtzen jarraitzea ere ez da, ordea, aukera onargarria. Yen merkeak lagun diezaieke japoniar esportazioei; baina energiaren %90 eta jatekoen %60 inportatu behar duen herrialdearentzat hilgarria da. Errematerako, defentsa-gastua biderkatu egin nahi du Takaichi andreak urteko aurrekontuaren laurden bat zorraren korrituak ordaintzeko behar duenean, eta beste heren bat baino gehiago Gizarte Segurantzak irensten dionean.

Iranen aurkako erasoak sutu duen energia-merkatuen anabasaren juzgu egin dute askok yenaren krisi hau; Fukushimako hondamendiak Japoniako energia-mixari egin zion kalte ikaragarriari begiratzen diote beste batzuek. Baina lehenagotik dator kontua. Historikoa ere badela esan liteke. Duela 40 urte pasa, oso bestelako koiuntura ekonomikoan baina, monetari dagokionez, antzekoa izan zitekeenean, New Yorkeko Plaza hoteleko akordioak landu ziren... orduko Estatu Batuen zorionerako eta geroztiko Japoniaren malurrerako. Herrialde asiarraren “hamarkada galduak” Plaza hoteletik eratorri zirela esatea errazkeria izan baitaiteke, baina ez da guztiz okerra.

Trumpen Estatu Batuek eta Takaichiren Japoniak erdibana duten zorraren buruhaustea elkarren artean onbideratzen saiatu beharko dute datozen aste eta hilabeteetan ere

Orduan imajinaezina zen zorraren zama gainean dutela —proportzioan gutxiago AEBek Japoniak baino, baina munduko finantzetan betekizun kritikoagoa duelarik dolarrak, babes-dibisa bakarra den heinean—, yen “ahulegiaren” eta dolar “indartsuegiaren” korapiloa askatu behar dute Japoniak eta AEBek... munduko zor metatuaren bolborategia leherrarazi gabe. Haren korrituak ere ordainezinak izatea dagoelako jokoan berehalakoan.

Plaza hoteleko akordioen berrargitalpenaren aukera guztiz baztergarria da gaur egun. Trumilka bederen, euroa egitate bat da, Europako banku zentraletik kudeatua. 1985ean New Yorken europar “ipotxek” antzeztu zutena ez bezalako papera jokatu beharko luke balizko akordio orokor batean, europar ekonomia alekatuaren esanera. Ez dirudi batere gertagarria.

Baina 40 urte hauetako aldaketarik handiena Asia Ekialdean bertan kausitzen da Txinaren goraldiarekin. Plaza hoteleko akordioak anatema, egin behar ez dutenaren sintesia izan dira, aspalditik, Beijingeko agintarientzat. Esan ere, esana dute. Eta ikusi besterik ez dago nola hartu dituzten arestian Merz kantzilerraren hitzak, renminbia %30 inguru garestitu behar litzatekeela iradoki duenean. Euren monetaren kontrola galdu edo gutxitzea ez dago txinatar agintarien burutazioetan: plangintza ekonomikoaren zutabe nagusia da.

Trumpen Estatu Batuek eta Takaichiren Japoniak erdibana duten zorraren buruhaustea elkarren artean onbideratzen saiatu beharko dute datozen aste eta hilabeteetan ere. Gainerako buruhauste orokorrekin nahasian. Merkatuek, oraingoz, ez dute baikortasunik azaldu. Abuztuaren 3ko esku-hartzearen ondotik, 155eraino jaitsi zen dolarra eta yenaren arteko paritatea; baina hamar egun geroago 159raino joanda dago berriz ere. Antzeko joera kausitzen da estatubatuar zor-bonuen errendimenduari dagokionez.

Esku-hartze kuantitatibo gehiagorekin aldaketa kualitatiboren agertuko dela espero behar ote?

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain