Zerga sistema ezagutzen

Ezagutzen al dugu gure zerga sistema? Edota zergak ordaintzea soilik dela deritzogu? Gehiengoak badaki zergak ordaintzen ditugula, eta horiekin gure sistema publikoa sustengatzen dela. Baina ba al dakigu zein zerga ditugun eta zeren arabera ordaintzen ditugun?

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Askotan entzun dugu zerga sistema hitza, baina konkretuki zerga sistema herrialde batean zergak nola biltzen eta gastatzen diren erabakitzen duten legeen eta erregulazioen multzo bat da. Zerga sistema baten oinarria zergak dira, eta dirua biltzeko erreminta bezela erabiltzen dituzte gobernariek.

Ezer baino lehen, tasak eta zergak bereizi behar dira. Maiz zaku berdinean sartzen ditugu, baina erabat desberdinak dira. Zerga bat norbanakoek edo enpresek gobernuari ordaintzen dioten diru kopuru bat da. Zerbitzu publikoak eta gobernu programak finantzatzeko erabiltzen dira, hala nola hezkuntza, osasuna eta segurtasuna.

Tasa, aldiz, zerbitzu bat erabiltzeagatik edo jarduera espezifiko baten onuragatik ordaintzen den diru-kopuru bat da. Tasak askotan zerbitzu bat ematearen edo jarduera espezifiko bat egitearen kostua estaltzeko erabiltzen dira, besteak beste, ur-zerbitzua edo parke publiko baten erabilera.

Helburu, aplikazio eta kalkulu desberdinak

Bai tasak, bai zergak gobernuari ordaintzen zaizkion finantza karguak badira ere, badira funtsezko alde batzuk. Batetik, helburua. Izan ere, zergak zerbitzu publikoak eta, oro har, gobernu programak finantzatzeko erabiltzen dira; tasak, berriz, zerbitzu bat emateko edo jarduera espezifiko bat egiteko behar den kostua estaltzeko.

Bestetik, nori aplikatzen zaizkion: zergak jurisdikzio bateko herritar eta enpresa guztiei aplikatzen zaizkie; tasak, ordea, zerbitzua erabiltzen dutenei edo jardueraren onura jasotzen dutenei bakarrik.

Zergak jurisdikzio bateko herritar eta enpresa guztiei aplikatzen zaizkie; tasak, ordea, zerbitzua erabiltzen dutenei edo jardueraren onura jasotzen dutenei bakarrik

Azkenik, bakoitza nola kalkulatzen den ere desberdina da. Zergak, askotan, pertsona edo enpresa baten errentaren edo jabetzaren portzentaje gisa kalkulatzen dira, eta tasak, berriz, askotan kopuru finko gisa, zerbitzu bat erabiltzeagatik edo jarduera baten onuragatik.

Garrantzitsua da kontuan hartzea, zergak eta tasak finantza kargu desberdinak diren arren, askotan elkarrekin erabiltzen direla zerbitzu publikoak eta gobernu jarduerak finantzatzeko.

Bi zerga multzo

Askotariko zergak ditugu gure sisteman, baina bi multzo handitan banatu ditzazkegu: zuzenak eta zeharkakoak. Zuzenek izen hori hartzen dute zuzenean persona edo enpresei aplikatzen zaizkielako beren errenta mailaren arabera, hau da, kontutan hartzen dute bakoitzaren irabazi maila. Horien artean ditugu Petsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga eta Sozietateen gaineko zerga. Zerga horietan bakoitzaren irabazi garbia kalkulatzen da eta zifra horri ehuneko bat aplikatzen zaio.

Zeharkako zergetan erregina, berriz, BEZa edo Balio Erantsiaren Gaineko Zerga da. Europar Batasunean eta beste herrialde askotan ondasunen eta zerbitzuen kontsumoa zergapetzen du. BEZa transakzio komertzial gehienei aplikatzen zaie, ondasun eta zerbitzuen salmenta, inportazioa eta ondasunen esportazioa barne.

BEZa azken kontsumitzaileei helarazten zaien zerga da, hau da, zergari lotutako ondasunak edo zerbitzuak eskuratzen dituztenei. Hala ere, BEZari lotutako ondasunak edo zerbitzuak saltzen dituzten enpresek edo autonomoek zerga biltzeko eta gobernuari emateko betebeharra dute

Europar Batasunean, ondasun edo zerbitzu baten salmenta-prezioaren ehuneko gisa kalkulatzen da BEZa. Haren ehunekoa aldatu egiten da ondasun edo zerbitzu motaren eta saltzen den herrialdearen arabera. Adibidez, geurean, ondasun eta zerbitzu gehienen BEZ orokorra % 21ekoa da. Hala ere, badira BEZetik salbuetsita dauden edo ehuneko txikiagoa duten ondasun eta zerbitzu batzuk, hala nola liburuak, sendagaiak eta osasun-zerbitzuak.

BEZa azken kontsumitzaileei helarazten zaien zerga da, hau da, zergari lotutako ondasunak edo zerbitzuak eskuratzen dituztenei. Hala ere, BEZari lotutako ondasunak edo zerbitzuak saltzen dituzten enpresek edo autonomoek zerga biltzeko eta gobernuari emateko betebeharra dute. Horrek esan nahi du enpresek edo autonomoek BEZa sartu behar dutela beren ondasun edo zerbitzuen salmenta-prezioan, eta hari lotutako transakzio guztien erregistroa eraman behar dutela.

BEZaren bi aldeak

Zerga horrek badu abantaila nagusi bat enpresa edo autonomoentzat: beraien erosketetan ordaintzen duten, eta beraien aitorpenetan kendu diezaiokete jaso edo kobratu duten BEZari. Hala, Ogasunari itzultzen dioten zerga beraien irabazien gainekoa da soilik.

Aldiz, zenbatetan entzun ditugu enpresak edo autonomoak kexatzen BEZa ordaintzea egokitzen zaielako. Askotan, egia esan. Baina argi eduki behar da BEZa azken kontsumitzaileak ordaintzen duela eta ez enpresa edo autonomoek, haiek beraien produktuetan eransten baitute BEZa, eta gero aitorpenean ordaintzea ateratzen denean, beraiek azken kontsumitzaileak ordaindutako BEZa itzuli behar dute, ez gehiago. Bestela esanda, beraientzat ez du galerarik suposatzen ordainketa horrek, enpresek sortzen duten balio erantsian bakarrik ordaintzen dutelako BEZa. Hau da, ondasun edo zerbitzu baten salmenta-prezioaren eta hura ekoizteko erabilitako materialen eta zerbitzuen kostuaren arteko diferentzian.

BEZaren aitorpena negatiboa ateratzen denean, enpresek eta autonomek bi aukera dituzte. Lehenengo aukera da hurrengo ekitaldietan konpentsatzeko utzi. [...] Beste aukera da BEZ horren itzulpena eskatzea

BEZaren aitorpena negatiboa ateratzen denean, enpresek eta autonomek bi aukera dituzte. Lehenengo aukera da hurrengo ekitaldietan konpentsatzeko utzi. Hori normalean irabaziak edukiko dituztela aurreikusi badute egiten da, hala hurrengo aitorpen positiboetan BEZ gutxiago itzuli beharko baitute.

Beste aukera da BEZ horren itzulpena eskatzea. Normalean enpresek edo autonomek beldurra diote aukera horri, Ogasunak azken 4 urteak berrikusteko aukera baitu eta askotan burokrazia eta justifikazio gehiegi eskatzen baitute. Erregistroak ondo eginda badaude, ez dago zertan beldurtu, baina badakigu nola izaten diren gauza hauek: beti egon daiteke zer edo zer.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK