Analista ekonomikoa. EnpresaBIDEAko aholkularia

Amancioren katu-oinak

2022eko maiatzaren 19a
niko cuenca 2022

Ohituta nago Whatsapp taldeetan edozein motatako argazkiak, memeak edo albisteak jasotzen. Seme-alabarik ez dut eta, sikiera, ikastetxeetako gelako taldeen mezuak ez ditut jasotzen. Askotan erakutsi dizkidate lagunek gelako gurasoen Whatsapp taldeetako mezuak, eta norbanakoren barneko bakea eta lasaitasuna lantzeko sekulako entrenamendua iruditzen zaizkit. Aurrekoan eskalada taldean jaso nuen mezua, bitxia benetan: "Falta zena, Amancio Ortegak ere katu-oinak saldu behar al ditu?"Jakin-mina piztu zidan, eta mezuarekin batera zetorren linka ireki nuen. Antza, Zara katu-oinak saltzen hasi da. Banekien moda markak hasiak zirela kirola egiteko produktuak eskaintzen, baina Inditex markako katu-oinena deigarria egin zitzaidan. 

 

Eskaladarako materialaren alorra oso berezia da, oso teknikoa. Segurtasuna da produktuei eskatzen diegun ezaugarri nagusia. Duela hamabost urte, kirol produktuen kate ezagun batek eskalada eta mendiko produktu teknikoak fabrikatzen zituen enpresa bat erosi zuen. Kate ezagun honek ez zuen lortu arrakastarik eskaladaren alorrean bere mendiko marka erabilita. Bezeroek marka propioaren bestelako jardueratarako bai, baina eskalatzeko ez ziren fio. Diruak dena erosten omen du eta kate famatu honek eskaladaren munduan aski ezaguna zen marka historikoa erosi behar izan zuen. Horregatik bitxia egiten zait Inditexen apustua. Eskalada alorreko enpresa espainiar baten eskutik merkaturatu ditu katu-oinak, eta agian horrek zalantzak uxatu ditzake.

Hala ere, ez nator katu-oinen fidagarritasunaz solastera. Nireak Bilboko denda txiki batean erosi nituen eta oso pozik nago, baina ez naiz aditua. Zarak hartutako erabakiaren esanahiaz berba egin nahi dut. Duela gutxi arte kirol minoritarioa zen eskalada. Bilbon zoro bakar batzuk entrenatzen zuten, iluntzean, Txurdinagako zubi baten azpian. Rokodromo gutxi zeuden, Errekaldeko kiroldegikoa eta Kukutza gaztetxekoa, baina azken hau bota egin ziguten. Gerora Karmelakoa etorri zen. Duela hiru urte inguru, eskaladarako grina —edo moda— lehertu egin zen. Deustuko erriberan —gaur egungo Zorrotzaurre irlan— Piugazz ireki zuten, eta badirudi Bilbotik gertu beste bat jarriko dutela. Lehertu egin da eskaladarako grina, eta rokodromoak gazteen tenplu bihurtu dira. 

 

Gustuko dugun kirola egiteko gure herrietatik atera eta mendialdera joaten gara gure furgonetak eta autokarabanak hartu, nola bestela.

Sukarra rokodromotik atera, eta mendira hedatu da. Euskal Herriko txoko zoragarriak konkistatu dituzte eskalatzaileek. Untzillaitz, Gaubea, Atxarte, Araotz... Zientoka haitz eta horma dira eskalatzaile-erromesen heldulekuak. Gozamena arroka maite dugunontzat, eta kasu askotan, infernua han bizi direnentzat. Gogoratzen dut Gaubeako herritarrek pankarta jarri zutela udaletxean eskalatzaileen furgoneten okupazioaren kontra. Ogoñon eskalada debekatu dute sasoi batzuetan, bertako hegaztiak babesteko.

Gustuko dugun kirola egiteko gure herrietatik atera eta mendialdera joaten gara. Gure furgonetak eta autokarabanak hartu, nola bestela, eta penintsula eta Europan barrena ibiltzen gara. Kanpatzeko toki onak bilatzen ditugu. Ahoz aho (eta foroz foro) kontatzen dizkiogu elkarri gaua pasatzeko gunerik kuttunenak. Kontua da batzuetan mendiaz gozatzeko gure hautuak besteengan haserrea sortzen duela. 

Aspalditik ikusi gabeko lagun batekin bazkaldu dut gaur. Hiriko giroa utzi eta pirinioetako herri txiki batera joan da bizitzera. Hizketan ari ginela autokarabana eta furgoneten gaia atera da. Bera bizi den eskualdean gairi buruzko iritzi kontrajarriak daudela esan dit. Batzuk inbasioa ikusten duten tokian beste batzuk negozio aukera ikusten dute. Bada jendea autokarabana aparkatu eta ez duena herrian apenas kontsumitzen. Beste batzuek furgoneta edozein tokitan uzten dute eta landa eremuko bideak oztopatzen dituzte. Errespetu eta enpatia falta leporatzen diete. 

Badut zalantza ea nagusitu den mendiarekiko grina honek apur batean ez ote gaituen itsutu.

Gaurko EnpresaBIDEAko edizioan Unai Tamayo EHUko Sarrikoko Ekonomia eta Enpesa Fakultateko dekanordeak oso kolaborazio interesgarria egin digu. Biomimesiaz idatzi digu, ekonomia eraldatzeko natura eta bioaniztasuna errespetatzearen beharraz. Esaldi batek arreta eman dit: "Oro har, ez gara jabetzen ondasun jakin bat erabiltzeak edo kontsumitzeak gizartean edo ingurumenean izan ditzakeen ondorioez".

Kirola eta mendia gure herriaren muinean daramagu. Herri mendizalea gara. Zaletasuna ederki transmititu digute gure aurrekoek. Mendizale ezagun eta ezezagunen istorioekin poztu egin gara, hunkitu egin gara eta batzuetan negar ere egin dugu. Mendia maitatzen erakutsi ziguten eta baita natura bera ere, bertako biztanleak eta herriak. Bioaniztasunaz ari garenean horretaz ari gara. Inguruneaz gain pertsonak ere errespetatzeaz, eta haiengandik ikasteaz.

Badut zalantza ea nagusitu den mendiarekiko grina honek apur batean ez ote gaituen itsutu. Agian ez gara jabetzen ari natura erabiltzeak edo kontsumitzeak ingurunean izan ditzakeen ondorioez.