Urriaren 21a, Kursaaleko kubo txikiaren izkina batean nintzen. Belarrietan kaskoak eta parean goma-aparreko mikrofono handia. Hiru, bi, bat eta airean ginen. Aurrean nuen kazetariak ahoa ireki eta horrenbeste ikaratzen nauten galderak bota zizkidan: zer da BRTA? Zer dira teknologia zentroak?
Eszena hura Rethink Industry ekitaldian parte hartuko nuela-eta Onda Vascan elkarrizketa bat egin zidatenean gertatu bazen ere, une horrek dezentetan pasatzen zaidana irudikatzen du, nire lanbideak aukera eta espazioa ematen baitit egiten dudan hori azaltzeko.
Publikoan eta medioetan hitz egiterakoan zorrotz bete nahi izaten ditut bi kontu: sintesia eta argitasuna. Mezua entzuleari ondo iristea nahi denean ezinbestekoak dira bi ezaugarri horiek. Gainera, ariketak askotarako laguntzen du: bakoitzaren ideiak hobeto argitzeko, duzun lanbideaz ondo hausnartzeko eta jendeari egiten duzuna transmititzeko.
Zer zaila den gure lanbidea, teknologiarena, zer den eta zer ez den adieraztea. Gustura izango nintzateke horrelakoetan medikua, irakaslea edo kale garbitzailea. Zuena bai bizitza erraza (esan gabe doa, ironia izugarriarekin esaten dudala azken hau). Hitza ahoskatzerako parean dagoenak irudikatuko zaituzte estetoskopio bat, klera puska bat edo erratz bat eskuetan duzuela. Niri galdetzean, berriz, azaldu beharko nuke zer den fisika akustikoa, zer diren igeltsuaren gogortze eta moldagarritasun ezaugarriak edo fisikaren oinarrietakoa den hirugarren mailako palanka. Eta ezagutza guzti horretatik abiatuta nola bukatu duten egunerokotasuneko elementu izaten hiru gauzek: estetoskopioak, klerak eta erratzak.
Horrelakoetan konturatzen naiz dibulgazioaren garrantziaz. Eta, zorionez, gero eta gehiagotan hitz egiten da zientziaz eta haren komunikazioak duen garrantziaz. Izan ere, zientziak munduak nola funtzionatzen duen jakiteko balio digu. Eguraldiaren aldaketak zergatik gertatzen diren, minbiziaren inguruko ikerketek zer emaitza lortzen duten edo Martera bidalitako misio batean zer behatu den.
Teknologiaren dibulgazioa, ordea, beste zerbait da. Eta dibulgaziorako tresnarik egokiena erabiliko dut horretarako: adibide bat. Demagun energia bateriez ari garela. Dibulgazio zientifikoak argituko digu elektroiak material batetik bestera zergatik mugitzen diren. Teknologiaren dibulgazioak, berriz, esplikatuko digu ezaugarri horiek kontutan izanik, nola bihur dezakegun hori 600 kilometroko autonomia izango zukeen auto elektriko batean. Zientzia gauzak “zergatik” gertatzen diren azaltzen saiatzen da eta ezagutza sortzen du bide horretan. Teknologiak, aldiz, ezagutza hori gizartearentzat erabilgarri bihurtzen du, balio bat ematen dio. Baina azken prozesu hori askotan ikusezina izaten da. Denok erabiltzen baitugu smartphone bat, auto elektriko bat edo Covid test bat, baina gutxik galdetzen diogu gure buruari ea horien atzean dauden teknologiak nork garatu dituen edo nola iritsi diren laborategietatik merkatura. Nola egin den salto teoriatik erabilera industrialera.
Jendeak zer egiten dugun eta zergatik egiten dugun ulertu behar du, zer ekarpen egiten diogun gure herriaren ongizateari, enpresei zein haien lehiakortasunari. Zentro teknologiko batetik enpresa bati produktu berri bat garatzen laguntzen diogunean, industria batetik energia gutxiago kontsumitzeko bideak sortzen ditugunean edo osasun-teknologia berriak merkaturatzeko bidea errazten dugunean, ekarpen hori ez da hain agerikoa.
Eta hor dugu erronka handi bat ikerketa aplikatuan eta teknologien garapenean lan egiten dugunok. Ez dugu soilik gurean onak izan behar, egiten dugun hori ondo azaldu behar diogu gure inguruari. Gure balioa kuantifikatu eta jakitera eman.
Eta horretan gabiltza azkenaldian jo eta su. Dibulgatzaile teknologiko finak azaleratzen, tresna posible guztiak erabiltzen, komiki teknologikoak, adibidez. Besteak beste, gazteengan bokazio zientifikoak piztu bai, baina bokazio teknologikoak ere sortu nahi eta behar ditugulako.
Ea iritzi honen izenburua ume eta gazte askoren ahotan entzuten dugun hemendik urte gutxira.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta