• IRITZIA
  • Autoritatea ez da maskulinoa: negoziatzeko beste modu bat dago
Emakumeekineko talde eragileko kidea. Kultur- eta sormen-industrietarako komunikazio eta marketing aholkularia

Autoritatea ez da maskulinoa: negoziatzeko beste modu bat dago

2026eko martxoaren 5a
Amaia Ocerin

Martxoaren 8an berriro esango dugu: ez gara bigarren mailakoak. Baina biharamunean, negozioak nola egiten diren ikusten jarraituko dugu: askotan, gizonentzako diseinatutako kodeekin. Ez da karikatura: “Konfiantza” izeneko hori eraikitzen da bazkari luzeetan, tragoen bueltan, futbolaz edo “giroaz” hitz eginez, eta presentzia fisikoari denbora eskaintzeko prest dagoenak irabazten du. Nik, 30 urteko komunikazio eta marketin ibilbidean, askotan ikusi dut: kontratu baten giltza ez da bileran erabakitzen, baizik eta bilera ondoko mahai batean.

 

Gizon askok negozioa “lehian” ulertzen dute: indarra, azkartasuna, hierarkia. “Gogorra” izatea balio gisa; zalantza ez erakustea; besteak estutzea. Horrelakoetan, emakume ekintzaileoi bi aukera uzten dizkigute: edo gure moduan jardun eta “ez zarela nahikoa serioa” entzun, edo maskulinizatu eta “agresiboa”, “txula” edo “harroa” etiketa jaso. Eta hor dator tranpa: arauak haiek jartzen dituzte, eta epaiak ere bai.

Emakumeok, sarri, beste era batera egiten dugu negozioa: harremana eta emaitza batera zainduz. Galderak egiten ditugu, itunak argitzen ditugu, eta “zer beharko dugu honek funtziona dezan?” galdetzen dugu. Horrek ez gaitu ahul egiten: arriskua gutxitzen du, eta epe luzeko fideltasuna eraikitzen du. Baina sistema kapitalista eta patriarkalak sarri eskatzen digu “egokitu” gaitezen: tonu neutroagoa eramatea, emoziorik ez erakustea edo sentitzea, “kolore gutxiago” jartzea, eta gure gorputzaren zikloak (amatasuna, nekea, zaintza) ezkutatzea.

 

Horregatik, Martxoaren 8aren testuinguruan, nik argi daukat: ez dut gehiago negozioa egiteko nire burua moztuko. EmakumeEkinen ikasi dut sareak direla antidotorik eraginkorrena: epairik gabeko espazioetan gure estiloa praktikatu, prezioak defendatu, eta “ez” esatea normalizatzen dugu. Eta garrantzitsuena: gure arauak negozioaren erdigunean jartzen ditugu.

Galdera bat utziko dut: zein da zure negozioan “autoritate” deitzen dioten hori, eta zergatik ematen diogu oraindik maskulinoari monopolioa?