Lizentzia hartuko dut hizkuntzalari plantak egiteko. Hitz bat xehe-xehe azaldu nahi baitut etorriko diren paragrafoetan gehiegi korapila ez nadin. Bai, zaila egiten zaigu zenbait hitz behin eta berriz erabilita ere beraien esanahi osoa barneratzea. Azpiegitura, kasu. Entzun eta askori automatikoki zubi, portu, eraikin edo trenbide baten irudia etorriko zaio burura. Ulergarria bada ere, motz geratzen da.
Eguneroko hizkeran, 'azpi' aurrizkia gutxiagotasunarekin lotuko dugu, azpiratua edo bigarren mailakoa izateari. Halere, jatorri etimologikoari erreparatzen badiogu azpian dagoen zerbait adierazten du, oinarrizko zentzuan. Gainerako guztia horren gainean eraikitzen dela, alegia. Bigarren zatiak, 'egiturak', sistema baten elementu multzo antolatua adierazten du. Eta biak elkartzen baditugu, sistemak funtzionatuko badu oinarrian dagoen ezinbesteko hori ematen du aditzera. Berrikuntzaren esparruan, azpiegitura zientifiko-teknologikoak proba egin, (merke) huts egin eta berriro saiatzeko aukera ematen diguten zimenduak dira.
Enpresentzat, azpiegiturak ez dira luxu bat, biziraupenerako muina baizik, ahalbidetu baitezakete emaitza-kontutik kanpo eta negozioa arriskuan jarri gabe esperimentatzea, prozesuak balioztatzea edo prototipo bat eskalatzea. Eta gakoa den beste ñabardura bat: ez da nahikoa egitura bera eskura izatea. Erabiltzen eta interpretatzen dakien, eta prozesu horretan lagunduko duen jendea behar da, profesional aproposik gabeko azpiegitura, funtsean, traste garesti bat besterik ez delako.
Europako Batzordeak berak indartu egin du azken urteotan azpiegitura zientifiko-teknologikoen estrategia, berrikuntza-sistemaren pieza nagusi direla ikusita. Berrikuntzaren ziklo osoaren bizkarrezurra dira, eta oinarrizko zientzia eta industriaren garapenerako ezinbesteko zubi. Are gehiago, inpaktuak aztertzean ikusten da ezagutzaren transferentziak azeleratu egiten dituela industria lehiakortasuna eta inbertsioen erakarpena. Hau da, inbertsio publiko eta pribatuaren anplifikaziorako plataformak dira, ez gastu hutsa.
Azpiegitura horiek partekatzen direnean, ekosistema mailara salto egiten dugu. Zientzialari, teknologo, enpresa langile, administrazio publikoko teknikari eta finantzaketa arloko profesionalen topagune bihurtzen dira. Ezberdinak biltzeko plazak dira, emankorrak oso, inork bakarrik diseinatuko ez lituzkeen irtenbideak sortzen baitira haietan. Baina jauzi garrantzitsua ez da partekatzea, sarean jardutea baizik. Eragile bakoitzeko aktibo isolatuak izateari utzi, eta ezagutza nola sortzen eta zirkulatzen den baldintzatzen duen sistema interkonektatu bihurtzen dira. Gaitasunen mapa integratua sortzea, ikusgarri egitea eta modu koordinatuan kudeatzea ez da trasteak kaxoietan ordenatzea soilik, erabaki estrategiko bat da.
Gertuko adibide bat azaltzea dagokit, BRTA aliantzaren azpiegituren mapa, horrela lortu baita azpiegiturak aliantzako zentro bakoitzarenak ez ezik, logika bateratu batekin jardun behar duen sistema baten parte ere badirela ulertzea. Are gehiago, behar duenaren eskura jartzea.
Ez da estetika hutsa; azpiegitura bereziak izan nahi dugun horren azalpena dira. Lurralde baten nazioarteko posizionamendua indartzen dute, profesionalak eta proiektuak erakartzen dituzte. Sinesgarritasuna sortzen dute. Noski, denontzat badira: irisgarriak eta erabilgarriak. Azpiegiturek zentzua dute soilik ekosistemako eragileek modu erreal eta zuzenean erabiltzen dituztenean.
Gauzak argi eta garbi esate aldera, funtsezko tresna dira, bai, baina batez ere auzolanean erabiltzen badira. Bestela, laster bihurtuko dira kaxoi batean hautsa hartzen duten txuri-beltzeko argazki.