Hizkuntzaren prozesamenduan doktoretza-ondoko ikertzailea HiTZ zentroan

Badaezpada, ondo hezia izan

2025eko maiatzaren 9a
Sin título

Laguntzaile birtualei “mesedez” eta “eskerrik asko” esateak milioika dolarreko kostua du.

 

Apirileko azken asteko adimen artifizialari buruzko kezka (adimen artifizialak bihar-etzi gizateria akabatuko duen kezka bigarren planora pasa denean) laguntzaile birtualekin atsegina eta ondo hezia izatearen kostua izan zen. Erabiltzaile batek laguntzaile birtual bati “mesedez” eta “eskerrik asko” esatearen kostu ekonomikoaz galdetu zuen eta Sam Altmanek berak erantzun zion “ondo inbertitutako milioiak” zirela. “Sekula ez da jakiten” gehitu zuen jarraian. Ikusten duzuenez, Sam Altman ahalguztidunak ere ez du argi adimen artifizialak inoiz gizateria suntsituko duen eta badaezpada, chatbotekin gizalegez jokatzeko aholkua egiten du.

Galdera-erantzun bakoitzaren kostua zentimo gutxikoa omen da, zentimora heltzen bada. Energia kostua ere ez omen da handia, garatzaileek diotenez. ChatGPTri berari galdetuta, honako erantzunak ematen ditu:

 
  • “API bidezko erabileran, galdera bakoitzaren kostua 0,005 € eta 0,02 € artekoa izan daiteke, luzeraren eta ereduaren arabera”
  • “Galdera honi erantzuteak 0,02 – 1 Wh energia kontsumitu duela estima daiteke”
  • “Horrek ekar lezake 1–10 g CO₂ isuria, erabilitako azpiegituraren eta elektrizitatearen jatorriaren arabera”

Ez dirudi kostua handia denik, baina ChatGPTren arabera, “egunean 200–500 milioi galdera inguru erantzuten dituela pentsa daiteke, ChatGPT eta bere API guztiak kontuan hartuta”, eta horrek denon artean sortzen dugun inpaktuari buruzko lehen gogoeta egitea ahalbidetzen digu.

Denborak azalaraziko du, berandu baino lehen, benetako kostua zein den. Ekonomikoki agian ez da handia izango, baina gizartearentzat eta ingurumenarentzat eramanezina izan daiteke. Adimen artifizialak nola suntsituko gaituen ikusteke dago. Badirudi giza-itxurako errobot batzuek begietatik laser-izpiak jaurtikita deuseztatuko gaituztela, baina baliteke era isil eta diskretuan egarriz hil edo beroz kiskali gaitzaketela. Bigarren eszenario horretan ondo heziak izateak izan zuen pisua ere aztertzeke dago.

Zilegi da adimen artifizialaz egiten dugun erabilerak sortzen duen energia-kontsumoaz galderak egitea. Energia dagoen bitartean, bederen. Edozein momentutan itzalaldia gerta daitekeela ikusi genuen aurreko astean. Ordenagailurik gabe, telebistarik gabe, telefonorik gabe geratu ginen. Zortedunenek irratia piztu ahal izan zuten beren pentsamenduak isilarazteko. Bitartean, nik pentsatu nuen oraindik gauza garela adimen artifizialaren laguntzarik gabe gauza asko egiteko (madrildarrak oinez etxera itzultzeko ezintasuna alde batera utzita), baina, adimen artifizialaren esku egun guk egiten ditugun hainbat ataza utziko bagenitu, hurrengo itzalaldian zenbat pertsonari faltako litzaioke bizirik mantentzeko oinarrizko gaitasuna? Horra gizateriarekin amaitzeko bide sotila!