Ez dakit zuek, baina nik oso argi izan nuen umetatik zer izango nintzen handitan: txikia. Jasotako genetika nahikoa agerikoa zen eta medikuen begiradapean pasa nuen umezaroa. Garbi izateak badu aldeko zerbait, horren arabera antolatu baitut nire bizitza. Optimizazio fase konstante batean, galtza barrenak beti hartu beharragatik josten ikasita, kasu.
Azken boladan, askotan, gehiegitan, mezu errepikatu bat jaso dut hainbat bidetatik. Gizartearen sinesmen orokor bat badela ere esango nuke. Beti izaten da presente bainaren bat mezu horietan. "Gure herria txikia da BAINA… Gure erakundea txikia da BAINA… Gure enpresa txikia da BAINA…"
Alda ditzagun esaldiok "baina"rik gabe izan daitezen. Txikitasunari baina bat eransteak ezaugarri negatibo bihurtzen baitu eta nik ez dut horrelakorik pentsatzen. Nola bada, etxekalte ibiliko nintzateke-eta! (ulertu ez baduzu, joan lehenengo parrafora).
Txikia izateak baditu bere abantailak eta desabantailak. Zarenaz jabetzeak abantailak aprobetxatzeko tartea ematen du eta desabantailei egokiro aurre egitekoa. Beraz, to eta no proposamena: erabil dezagun "eta" lotailua. Hiru hizki dituen bigarren hitz horrek modu positiboan saltzen digu txikiaren ezaugarria.
Herri txikia naiz, eta nire espezialitate eta apustuak ondo aukeratu behar ditut besteen aurrean nire burua diluitu ez dadin. Gauza gutxi baina balio handikoetan kontzentratu beharko dut, zerbaitetan desberdindu, munduan dudan lekua topatu eta besteentzako erakargarri izan nadin. Txikia garenez gertu dugu guztia; balia dezagun gertutasun espaziala eta soziala indarrak batu, apustuak adostu eta distira gehiagorekin ikus gaitzaten kanpokoek.
Enpresa txikia naiz eta kolaboratzaile egokiak topatu beharko ditut nire negozioak epe ertain eta luzean jarraipena izan dezan. Txikia izanagatik handiek baino erantzun azkarragoak eman ditzaket, erraz molda naiteke egoera berrietara. Etxe barruko komunikazioa errazagoa dut eta lantalde lotua lortzea errazagoa dut. ETEez jositako gure herri honetan horregatik sortu dira horrenbeste elkarte, enpresa kluster eta bestelako kolektibo. Bestela zaila litzatekeelako aurrera egitea. Erabil dezagun gure auzolanerako esperientzia gure enpresan ez duguna ingurukoekin osatzeko.
Dena mehatxua edo arriskua den momentu honetan, izan gaitezen azti eta hazi gaitezen gure ezaugarriak direnak abantaila moduan irakurtzen.
Gauza handia litzateke txikiari leku egitea.