Hizkuntzaren prozesamenduan doktoretza-ondoko ikertzailea HiTZ zentroan

Berandu dagoeneko?

2026eko martxoaren 17a
Begoña Altuna

Informatikariz inguratuta nago eta bat bera ere ez dut aurkitu Anthropicen Claude adimen artifizialarekin maiteminduta ez dagoenik. Claudek euskaraz ondo daki, erlatiboki gezur gutxi esaten du eta gauza asko egiteko gai da. Aurretik Claude adimen artifiziala zela esan ez banizue, etxerako moduko frantsesa dela pentsa zenezakete. Nola ez maitemindu halako batekin!

 

Agian lehen aldia da Clauderi buruz entzuten duzuena, baina Anthropic ez zaizue hain arrotza egingo, azken egun hauetan bolo-bolo ibili den izena baita. Dirudienez, Anthropicen buruek Trumpen administrazioari esan diote ez daudela prest beren tresnak inolako mugarik gabe gerran erabiltzeko. Trumpek Anthropictarrei "terrible" deitu die, ezkerreko hippy, komunista, bazternahasle eta beste gauza askoren artean.

Esango nuke adimen artifizialeko sistema garatzaile nagusi guztiak daudela AEBtako armadarekin tratuetan, ez dakit besterik egin dezaketen tiranoaren mehatxupean. Ondorioz, zer baldintzatan ari diren da erantzun beharreko galdera. Zenbat enpresek uzten dizkiote armadari beren tresnak nahibeste eta nahieran erabiltzeko? Anthropicen marra gorriak aste honetan jakin ditugu, baina zer beste eskumen onartzen dizkio armadari?

 

Anthropicen buruak, Amodeitarrak, beti agertu dira etikaren defendatzaile sutsu gisa. Sam Altmanen OpenAI eta ChatGPTren ondoan, adimen artifiziala etikaz landu behar dela defendatzen. Eta hein batean horregatik dute informatikariek Clauden eta Anthropicen hain iritzi ona. Anthropic izan da alborapenak (generoaren, jatorriaren edota arrazaren araberakoak) mugatzeko lan handiena egin duen enpresetako bat. Anthropic izan da hasieratik hizkuntza gutxituei garrantzi handiena eman dienetako bat. 

Aste honetako marra gorriak adieraztean, ordea, Anthropicen tresnak armadan noraino sartuta dauden ikusi ahal izan dugu. Anthropicen tresnak gerrako erabakiak hartzeko erabiltzen dira, baina Anthropic beti izan denez tresnek gizalegez jokatzearen aldekoak, tresnek ez dute beti armadak nahi dituen erabakiak hartzen. Trumpek muga etiko horiek ezabatzeko eskatu omen die eta Anthropicek ezetz esan.

Zer mundu hau etikaren defendatzaileek gerraren alde lan egin behar badute! Noiz da gerra etikoa? Inoiz zapaldu ez dituzten herrialdeetan demokrazia eta giza eskubideen alde borrokan ari direla diotenek demokrazia eta giza eskubideak deuseztatzen ari dira beren herrialdean. 2003an Irakeko gerraren aurka kaleak bete ziren bezala, ez dakit noiz beteko ditugun hainbeste ahalegin batuta eraikitako gizarte demokratikoen defentsan. Adimen artifizialaren erabilera kontrolik gabeak askoz era sotilagoan erasotzen du, ez da gure teilatuan erortzen den bonba, baina etxean askoz ere barrurago sartzen da. Tira, baita erabilera kontrolatua ere esku okerretara heltzen uzten badiogu.