Zutabe hau irakurtzen ari bazarete, udari biziraun diogulako da. Ez naiz egin duen muturreko beroaz ari, nahiz eta muturreko beroa jasan behar izan dugun, baizik eta segurtasun neurri guztiak gainditzen zituzten adimen artifizialeko ereduez.
Lehena, bere sortzaileen esanetan, Anthropicen Claude Mythos izan zen. Probarako eremu kontrolatutik ihes egiteko gai izan omen zen eta sortzaileei jakinarazi zien. Bihurria bai, baita zintzoa ere, hein batean; Anthropicengandik espero duguna. Anthropicek Mythos publiko zabalari ez lagatzea erabaki zuen horren ondorioz.
Hurrena OpenAIren GPT eredurik indartsuenak izan ziren. Eremu kontrolatutik atera eta Hugging Faceri eraso egin zioten. Ustez. Sam Altmanen enpresa ez zen Amodeitarrena baino gutxiago izango!
Bi eraso horien ondoren, Silicon Valleyko jakintsuak kapsuladun kafe-makina desentxufatu eta kafe-makina italiarra erabiltzen hasi ziren, adimen artifizialen batek asalduraz hartu eta haien kontra egiteko erabiliko zituzten beldurrez. Erratza ere erosi zuten eta xurgagailu "runberoak" garajean gordeta dituzte.
Kimi K3 txinatarrak ere ihes egin omen zuen egun batzuk beranduago eta mundu mailako hitzarmenak egin behar zirela aldarrikatu zen nonahi. Horiez geroztik ez dakit zenbat eredu ibili diren sarean zehar maltzurkeriak egiten; niri ez didate eragin. Akaso kaferik hartu ez eta kafe-makina adimendunik ez dudalako etxean izango da.
Hala ere, bazirudien mundua hankaz gora utziko zuen erasoa berandu baino lehen gertatu behar zela, prentsa jeneralistaren arabera bederen. Harago joanda, pertsona talde bati galdetu ziguten zein uste genuen zela probabilitatea 2030ean adimen artifizial batek hartutako erabaki batek munduko biztanleriaren %10a bost urteko tartean hiltzeko. 2030a bazen epemuga, lehen urtea askorik egin gabe joan zaigu. #drama.
Gabonetara arazorik gabe helduko garela irmoki uste dudanez, datorren hilabetera arte!
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta