Joan den astean jakin genuen langabeziak gora egin duela EAEn —4.100 pertsona baino gehiagorekin—, eta igoera horrek, beste behin ere, emakume aurpegia duela. Ia 2.600 emakume sartu dira langabeziaren ikarazko atetik hilabete bakar baten. Historiako bero-erregistrorik altuenak ere mendean hartu ditu uda honek, baina bukaeran, abuztua amaitzearekin batera, ur hotza jaurti du hazkundearen promesen gainetik. Betikoak utzi ditu blai.
Errealitatearekiko zintzoa izate aldera, egia da urte arteko datuak aztertuta beherakada txiki bat dagoela, baina ez horrek nekez kontsola gaitzake, urteak joan eta urteak etorri, alde txiki-txikiak baitira beti, gora-behera ia ikusezinak, joerak bere horretan jarraitzen duelako.
Ekonomia datuak begirada feministatik irakurtzen hasi ginenetik, ordura arte egia absolututzat jotzen ziren baieztapen biribilek askotariko ertzak zituztela ikusi genuen. Ikasi dugu adierazle batek hobera egin dezakeela eta horrek ez duela esan nahi denontzat gauzak hobeto doazenik. Lanaren datuak ez dira ez homogeneoak, ez objektiboak: gizarte-eraikuntzaren isla dira, gorputzetan eragina duten egiturak, eta sarri lana dela ere aitortzen ez ditugun zaintza ikusezinen gainean altxatzen dira.
Abuztuan sinatutako kontratuen ia erdia lanaldi partzialak izan dira. Eta badakigu zer esan nahi duen horrek: soldata erdiak, lan-ibilbide etenak eta finantza-zaurgarritasun etengabea. Lanaldi partziala emakumeen erresuma da. Ez, ez da erresuma: tranpa da. Eta giltzarrapoa sendoa da.
Lan-merkatuaren antolaketa zaintza beharrik ez balego bezala egin da, nahiz eta eguneroko errealitateak kontrakoa agerian utzi. Fikzio horrek irauten du, kostua emakumeen bizkar gainera jaulki daitekeen bitartean. Uda ispilua da; iraila, zaplaztekoa. Emakumeen langabeziaren desberdintasun estrukturalek bere horretan jarraitzen dute, lan-espazio guztietan ez bada ere, gehiegitan bai.
Hau ez da metafora: alerta-seinale bat da, lehentasunen erdigunean egon beharko lukeen dei bat. EAEko datu makroekonomikoak ez direla horren txarrak diote batzuek, eta arrazoia dute: langabeziaren maldari eutsi egin zaio, kotizatzaileen kopuruak gora egin du. Baina abuztuko zifrek erakusten digute lehendik genekiena: gauzek hobera eta txarrera egin dezakete batera. Lan-merkatuak zenbakiak hobetu ditzake, injustizia estrukturalak iraunarazten dituen bitartean. Eta oraindik ere bada galdetzen duenik zertarako behar dugun ikuspegi feminista.
Zertarako? Ur hotzak beti emakumeen gainera erori ez dadin. Norabide egokian doazen ekimenak bizkortzeko —enplegu-plan bereziak, genero-arrakala aztertzeko diagnostikoak, enplegu-programak— eta horiek guztiak ez daitezen izan aldi baterako ukendu hutsak. Ikuspegi feminista sendoa txertatzen ez bada (ikuspegi intersekzional eta estrukturala kontuan hartuz), sintomak arinduko ditugu noizean behin, baina gaitz estrukturalak hor jarraituko du.
Politika feminista ez da “emakumeentzako politika”: lanaren bidez sortzen diren desberdintasunak amaitzeko tresna da. Lanaren ikuspegia zabaldu egiten du: etxetik, zaintzatik eta herrigintzatik ulertuta. Eta gogorarazten digu, bitartean, ur hotzak emakumeen gainera jaurtitzen jarraituko duela.